Azken jardunaldirako gidaliburua

Bihar arte ez da jakingo zeinek jokatuko duten binakako finala. Bengoetxea-Larunbek gaur irabazi egin behar dute itxaropenari eusteko

Oinatz Bengoetxea, pilota astintzeko zorian, lehen ligaxkan Jaka-Zabaletaren aurka jokaturiko partida batean. J. U. / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko martxoaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asteburu honetan jokatuko da binakako txapelketako finalerdietako azken jardunaldia, eta lehian dauden lau bikoteek dute sailkatzeko aukera. Gaur jokatuko da lehen partida, Iruñean (17:00), Bengoetxea VI.a-Larunbe eta Jaka-Zabaletaren artean. Elezkano eskuko minez dago, eta Jakak ordezkatuko du. Hona hemen bikote bakoitzak finalean sartzeko behar dituen emaitzak.

IRRIBARRIA-REZUSTA

Errazen dutenak dira, lehen bi partidak pilatu izanaren abantailarengatik. Etzi 11 tanto edo gehiago egiten badituzte, finalean egongo dira, edo gaur Bengoetxeak eta Larunbek galtzen badute. 11 tanto horiek egiten badituzte, finaleko aurkaria hautatzeko aukera dute: Olaizola II.a-Untoria edo Bengoetxea VI.a-Larunbe. Binakakoaren historian, haien egoeran edo antzeko batean iritsi diren ia bikote guztiak sailkatu dira finalerako.

OLAIZOLA II.A-UNTORIA

Euren esku dute sailkatzea, etziirabazten badute finalean izango baitira. Hori bai, ez da lan erraza izango, ligaxkan Irribarria-Rezustaren aurka jokaturiko bi partidak galdu egin baitzituzten(22-7 eta 22-19). Dena den, galduta ere, aukerak dituzte, betiere hiru kasu hauetako bat gertatzen bada: Jaka-Zabaletak 22-13 eta 22-20 arteko emaitzarekin irabazten badute; 15 tanto baino egin eta, aldi berean, Jaka-Zabaletak 22-21 irabazten badute; eta, azkenik, hamasei tanto edo gehiago egin eta Jaka-Zabaletak 22-12 irabazten badute.

BENGOETXEA VI.A-LARUNBE

Gaurko partida irabazten badute eta Olaizola II.a-Untoriak biharkoa galdu, finalean izango dira. 22-21 galduz gero ere aukera dute; kasu horretan, baina, Olaizola II.a-Untoria hamalau tantora ez iristea beharko lukete. Irabazita ere, badituzte urduri egoteko arrazoiak, egon izan baitira bi garaipenekin berdinduta hiru. Binakakoan ez, baina lau t'erdikoan bai: Barriolari bi aldiz pasatu zitzaion (2008 eta 2010), eta Irujori behin (2010). Txapelketa oso orekatua izan da, eta ez litzateke harritzekoa hiruko berdinketa batekin amaitzea.

ELEZKANO II.A-ZABALETA

Oso zail dute, eta hiruko berdinketa da haien itxaropen bakarra. Hasteko, gaur 22-11 edo emaitza hobeago batekin irabazi behar dute, eta, aldi berean, Irribarria-Rezustak bihar irabaz dezaten itxaron. 22-12 irabazteak ere balio diezaieke, baina, kasu horretan, Olaizola II.a-Untoriak irabazi gabe, baina hamalau tanto baino gehiago egitea behar dute. Emaitza konbinazioa oso zaila da, baina aukerak hor daude. Binakako txapelketako aro modernoan bikote bat ez da inoiz sailkatu finalerdietako partida bakarra irabazita, ez lehen mailakoan, ez bigarrenekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.