Realaren antzera, Athleticek sekulako kolpea jaso du gaur. Izan ere, Formenterak kanporatu egin du Espainiako Kopako final-hamaseirenetan. Alvarok 95. minutuan korner batean sartutako golak eman dio errematea talde zuri-gorriari (0-1).
Athleticek bi egiteko zituen gaur: bata, sailkatzea; eta bestea, itxura ona ematea, taldearen eta Kuko Zigandaren inguruan dauden zalantzak uxatzeko. Entrenatzailea horren jakitun zen, eta ezusteak saihestu aldera, titular dezente zelairatu ditu. Alferrik, zuri-gorriek itxura oso eskasa eman baitu berriro.
Aurkaria baino zerbait gehiago izan da Athletic, beharko, Bigarren B Mailako talde apala baita Formentera. Zuri-gorriek, hala ere, ez dute nagusitasun txiki hori gol bat sartuta indartu. Aukera onak izan dituzte gola egiteko, gehienak Iñaki Williamsek, baina ezin, gaizki aritu da berriz ere Athleticeko aurrelaria ate aurrean. Eta barkatu egiten duenak garesti ordaindu ohi du, eta zuri-gorriek larrutik ordaindu dute partida amaitzear zela gola jasota.
Partida amaieran, harmailan zeuden zale apurrek txistu egin diote taldeari. Orain bai, argi gorria piztu da Athleticen.