Golak. 0-1: Moralesek (2. min.). 0-2: Camarasak (44. min.). 1-2: P. Lopezek, bere atean (47. min.). 2-2: Saul Berjonek (69. min.). 2-3: Victorrek (79. min.). 3-3: Piovaccarik (93. min.). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Eibarreko Boveda eta Arruabarrenari; eta Levanteko Camarasa eta Victorri.
Lortu ditu Eibarreko zaleen maitasuna eta berotasuna. Federico Piovaccari ez da etorri isilik egotera, nahiz eta orain arte erdi ezkutuan ibili den. Baina badu zerbait Italiako aurrelari beteranoak. Golegile izaera ez ezik, berezko grazia bat dauka, zaleak bereganatzeko egokia. Begia jota zioten zaleek atzo arte, eta atzotik, jokalari gogokoenetakoa bilakatu ez bada, ez zaio asko faltako. Txirula jo zuen 93. minutuan. Gola sartzen duen bakoitzean egin ohi du txirula jotzeko keinua. Atzo, kontzertu ero baten azkeneko nota izan zen txirularena.
Eibarrek asko desafinatu zuen partidan zehar, eta Piovaccarik berreskuratu zuen puntua, ale hori ere Levantek eskuan zuenean. Emaitzari dagokionez, markagailua beti kanpotarren aldekoa izan zen. 0-2 lehen zatian, eta 2-3 gero. Maldan gora izan zuen partida Gaizka Garitanoren taldeak, baina, azkenean, puntua batzeko gai izan zen. Eta alde batera, ezin esan justua izan ez zenik. Ahaleginak eta bi egin baitzituen taldeak emaitza ona lortzeko. Beste gauza bat izan zen ahaleginari zehaztasuna gehitzea. Sendotasunik gabe aritu zen atzo etxeko taldea, eta ez da hori batere ohikoa. Partida hasi orduko ikusi zen atzoko Eibar pausoa aldrebestuta zebilela. Bigarren minutuan sartu zion gola Moralesek, aurreko sasoian Eibarren aritu zenak.
Partida hasi orduko aldatu beharra. Aldagelan eta asteko saioetan landutakoari buelta eman behar. Kosta egin zitzaion Eibarri bidea aurkitzea, eta erosoen geldikako jokaldietan moldatu zen. Izan zituen aukera pare bat, baina sartu ezin. Bestelakoan, beste arlo batzuetan deseroso zebilen. Atzealdean ondo ez, eta erasoan nahi eta ezin. Hala ere, bide bat ikusi zuen Levanteri min emateko: Jose Luis Mendilibarren taldearen atzealdea eta atezaina ez dira aurreko denboraldietakoak. Ez dute konfiantzarik ematen, huts asko egiten dituzte. Etxeko taldea bide horri noiz helduko zebilenean, beste kolpe bat jo zion Levantek: 0-2koa, 44. minutuan, Camarasaren bidez.
Epailearen lana, kalterako
Garitanok esan zizkien esan beharrekoak jokalariei aldagelan, eta aldatu zituen aldatu beharrekoak; besteak beste, Piovaccari hautatu zuen zelaian sartzeko. Bigarren zatia hasi orduko, 1-2koa sartu zuen bere atean Pedro Lopezek, eta 69.ean, sekulako gola sartu zuen Saul Berjonek, geldikako jokaldian. Piovaccarik 3-2koa egin zuen, baina epailearen alboko epaileak huts galanta eginez, baliorik ez zion eman. Irekia zegoen partida, eta Victorren hirugarren gola ere ez zen erabakigarria izan. Italiako txistulariak eman zion akabera atzokoari.
EIBAR 3. LEVANTE 3
Azken nota, txirulak
Eibarrek azkeneko jokaldian lortu du puntua berreskuratzea Levanteren aurka, Piovaccariren golarekin.0-2 galtzen joan da atsedenaldian, eta gero 2-3 ere bai

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu