Oriok hemezortzi ehunengatik irabazi zuen herriko estropada igandean, Eusko Label ligako bederatzigarrena. Handik gutxira, Pasaian, Tolosaldeak bere aro berriko lehen bandera irabazi zuen ETE ligako laugarren jardunaldian, eta segundoa eta 26 ehunen baino ez zizkion atera Deusturi. Igandea emozioen eguna izan zen, Isuntzak ere segundo eta hamalau ehunen bakarrik izan baitzituen alde KAE 1 ligako seigarren estropada irabazteko, Pasaian bertan. Oriotarrek lau kaletara jokatu zuten estropada; tolosarrek eta lekeitiarrek, erlojuaren aurka.
Barru-barrutik bizi izan zuten emozioaren zirrara Ibon Arrutik (Orio, Gipuzkoa, 1987) eta Laiene Izagirrek (Berrobi, Gipuzkoa, 2003). San Nikolas traineruaren aurre-aurrean zihoan Arruti, aurrekalariaren lanean, eta helmugako baliza aurrena zeharkatu zuen arraunlaria izan zen: «Besoa altxatu nuen irabazi egin genuelakoan, baina ez zen ziur nengoelako. Keinu institiboa izan zen», kontatu du oriotarrak. Estropada bukatu, eta tentsioa Orioren eta Zierbenaren traineruetan, zein izan ote zen garailea jakiteko irrikaz. «Une estua izan zen, baina azkar jakinarazi zuten bozgorailuetatik guk irabazi genuela». Orduan lehertu zen poza traineru barruan: «Tentsio handia ari ginen bizitzen liga hasieran, denok uste baino atzerago gabiltzalako. Korapiloak askatzearen parekoa izan zen bandera irabaztea. Gauzak ondo ez doazenean, nahiz eta jakin lan ona ari garela egiten eta neguan ere ondo entrenatu garela, zalantza txikiak sortzen hasten dira. Behar genuen garaipen bat», onartu du Arrutik.
Taldearen lanari eman dio garrantzia: «Uste dut bandera hau bezperako azken luzean hasi ginela irabazten. Beste arraunlari batzuek egin zuten arraun, eta bukatzeko gutxi falta zela, zazpi segundora ginen, txandan azkenak. Baina etsi beharrean, lortu zuten bost segundora geratzea irabazlearengandik, eta horrek gauza asko esan nahi ditu».
Esanahi berezia izan zuten traineruan bandera zutela, itsasotik klubera egindako metro luzeek: «Hunkigarria izan zen nola zaleek lehorretik txalo egiten ziguten. Oso polita izan zen ibaian barrena herritarren aurrean herriko banderarekin joatea».
Tolosaldea, ezustean
Tolosaldeko arraunlariek ere herriari erakutsi zioten bandera, baina lehorrean; iluntzean jaso zuten ongietorrian. Hantxe zen Izagirre patroia, eta traineruan ere bazen, estropada jokatzen. «Guk gurea egindakoan pentsatu ere ez genuen egiten bandera irabaz genezakeenik. Lan ona egitera atera ginen, eta estropadarekin gustura geratu ginen, hori bai».
Tolosaldekoen atzetik helmugaratu ziren Deustu, Hibaika eta Donostiarra, eta ezin izan zuten ordura arteko denborarik onena ondu: «Traineruan geundela ikusi eta entzun genituen gure arraunlari ordezkoak lehorrean saltoka eta oihuka. Orduan konturatu ginen zerbait handia egin genuela. Bandera irabaztea izan zen zerbait handi hori», esan du Izagirrek.
«Lan ona egin dugula erakusteko balioko digu garaipenak», gehitu du traineru urdineko patroi gazteak.
Arrauna
Azken orduko bandera gozoak
Oriok eta Tolosaldeak sasoiko lehendabiziko garaipena eskuratu dute asteburuan, sufrituta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu