Santi Gonzalez. Xakeko Euskadiko txapelduna

«Azken txandako karanbola bati esker irabazi dut aurten»

Azken jardunaldian sailkapena erabat iraulita, Euskadiko Txapelketa irabazi eta iazko balentria berdindu du Santi Gonzalez xake jokalari bizkaitarrak. Laugarren aldiz eskuratu du, jada, garaipen preziatua.

GROS XAKE TALDEA.
Josu Tornay.
Donostia
2014ko apirilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Santi Gonzalezek (Bilbo, 1981) asko eskatzen dio bere buruari, eta, oraingoan ere, ez da gustura geratu Euskadiko Txapelketa irabazteko moduarekin. Hori bai, onenen artean tokia daukala berresten ari da Nazioarteko Maisua.

Euskadiko Txapelketa irabazi arren, iaz ez zenuen gustura amaitu. Aho zapore hobea al daukazu aurten?

Ez, ez. Ez nago pozik. Azken txandako karanbola bati esker irabazi dut aurten. Zorte handia izan dut, baina oraindik asko daukat lantzeko eta hobetzeko.

Aurten iaz baxuagoa izan da txapelketako elo batez bestekoa, eta titulua zuten bi jokalari gutxiagok parte hartu dute. Apur bat ahuldu egin da torneoa?

Onenen artean hutsune batzuk izan ditugu, baina, nire ustez, maila altua izan dugu aurten ere. Maila apalagoko jokalariek hobetzen jarraitzen dute, eta txapelketa hau beti izaten da oso zaila.

20 urtetik beherakoen artean, badirudi gero eta gehiago ari dela nabarmentzen Javier Marchena. Lau puntu lortu ditu; zer-nolako balorazioa egingo zenuke?

Oso gaztea da oraindik, eta hobetzeko tarte handia dauka. Esperientzia areagotzen eta bere xake jokoa gogor lantzen jarraitu behar du. Jokalari handia bihurtzea espero dut. Hori bai, ez ditut ezagutzen bere entrenamenduetako xehetasunak, eta teknikoki ezin dut baloratu.

Ezkor zeunden iaz belaunaldi berriaren bilakaera aukerekin. Urte batzuk barru ordezkapena naturala izateko oraindik ere belaunaldi ahaltsurik ez dagoela uste duzu?

Oraindik ere ez dut ikusten belaunaldi ordezkapenik. Jokalariren bat edo beste badago adin tarte bakoitzean, baina gazte talde handirik ez dago torneoko lehen zortzi mahaietan. Itxaron egin beharko dugu.

Tarteka oso zorrotz kritikatu izan duzu Euskal Xake Federazioak xakearen sustapenaren alde egiten duen lana. Hobetu al da egoera? Zer egin beharko litzateke joera zuzentzeko?

Euskal Federazioaren egoera ez da aldatu aurten ere. Beraz, berdin jarraitzen dugu. Zuzendaritza aldaketa behar da, baina hurrengo urteotan ez da gertatuko halakorik, interes asko daudelako atzean. Oso ezkor jarraitzen dut.

Xakeko Euskal Selekzioa nazioartean agertu ere ez da egin, ia-ia, azken urteotan. Zergatik? Ez al dago jokalarien eskaririk?

Oso-oso txikia da Euskal Selekzioaren jarduna. Alde batetik, desagertu egin da selekzio autonomikoen txapelketa, eta torneo finko bat galdu da hor. Eta, bestalde, ia aurrekontu barik geratu da Euskal Federazioak antolatzen duen torneoa. Zuzendaritza batzordean presioak daude diru inbertsioak beste arlo batzuetan egiteko, eta horregatik gertatu da hori. Batzordeak onartu behar izaten du urteko aurrekontua, eta eurek erabaki behar dute zein den lehentasuna euskal xakearentzat.

Zer esango zenuke Anand-Carlsen lehiari buruz? Espero al zenuen Carlsenek hain erraz irabaztea? Eta zer espero duzu aurtengo kitarako lehiarako?

Ez, ez; ez nuen espero Carlsenek hain erraz irabaziko zuenik. Uste dut hirugarren partidan izan zuela Anandek bere aukera, baina ez zuen energia nahikorik eduki. Bestalde, lehen zailtasunak izan zituenean, Anand lur jota gelditu zen psikologikoki. Ez dut uste sekula buruko indarrik edukiko duenik lehia batean Carlsen mendean hartzeko.

Mario Gomezek bakarrik dauzka zuk baino txapela gehiago euskal xakearen historian. 33 urterekin laugarren aldiz nagusituta, ez du ematen hain urrun daudenik Gomezen bederatzi txapela horiek, ezta?

Ez, ez. Oso urrun dago, oraindik, marka hori, baina pozik nago torneo honetan bigarren jokalaririk goratuena izateagatik. Beti onena ematen saiatuko naiz aurrerantzean ere, eta ikusiko dugu hurbiltzea lortzen dudan edo ez.

Zein erronka dauzkazu buruan?

Elo 2.500 puntura heldu nahi dut. Lor dezakedala uste dut, eta horretarako ari naiz buru-belarri lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.