Ane Santesteban. Jaycoko txirrindularia

«Azken urteei erreparatuz, hau da onena»

Aspaldiko pedal kolpe onenarekin dago Santesteban. Hala aitortu du. Baina, aldi berean, gertu ikusten du erretiroa. Gehienez bi urtez luzatu nahi du bere kirol ibilbidea.

JAYCO.
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Uztailaren 30ean amaitu zuen Frantziako Tourra Ane Santestebanek (Errenteria, Gipuzkoa, 1990). Astebete pasa etxean igaro ostean, bizikleta hartu, eta bihar Glasgowra bidean jarriko da (Eskozia), Munduko Txapelketan parte hartzeko.

Lasterketa bat amaitu eta bestea hasi zabiltza. Nola zaude?

Ondo, baina nekatuta. Azken finean, lasterketa asko korritu ditut apiriletik hona. Irailera arte, jo eta su. Ardenetan egon nintzen, gero Nafarroako lasterketetan, Vueltan, Durangon [Bizkaia], Burgosen... Gero, altueran egonaldia egin, eta azken hilabetetan Italiako Giroa eta Frantziako Tourra egin ditut. Nekea nabaritzen hasia naiz, eta datorrena ere ez da makala! [barrez]

Hori da, ate joka dago Glasgow-ko Munduko Txapelketa. Zer asmorekin zoaz?

Ibilbide aldetik niretzat esplosiboegia da, baina Munduko Txapelketa batean egotea beti berezia da. Dortsal bat janztean, beti ematen dut nire onena. Orain, garrantzitsuena da deskantsatzea eta Tourrean izan nituen hanka on horiek berreskuratzea.

Kirol emaitzak onak direnean, baina, errazagoa izango da lehiaketarako gosea mantentzea, ezta?

Emaitza onak ateratzen direnean, errazagoa da kontzentrazio puntu hori mantentzea. Giroko hamargarren postuaren ondoren, Tourrean zortzigarren izan nintzen. Batzuetan ez zara konturatu ere egiten zer egin duzun. Tourra amaitzean Twitterren sartu nintzela, eta, aurten lortutako emaitzak ikusi nituenean, harritu egin nintzen. Batzuetan, ez gara konturatzen; beti gehiago nahi izaten dugu, baina pozik nago orain arte egindakoarekin. Eta horrek asko laguntzen du entrenatzen jarraitzeko,motibazio puntu hori mantentzeko.

Egutegi hain betea izanik, espero al zenuen Frantziako Tourrean zortzigarren amaitzea?

Hori zen gure aurtengo helburua. Banekien zaila izango zela, tropeleko neska guztion xedea delako lasterketa hori. Postua baino gehiago, nola sentitu nintzen nabarmendu nahiko nuke. Beti hor nabil, aurreneko hamarren artean, baina, azken finean, Tourmaleten gora munduko onenekin ibiltzea niretzat oso polita izan zen. Niretzat balio handiagoa du egun horretan bizitakoak, zortzigarren postuak baino.

Aurreneko aldiz igo zenuen Pirinioetako mendate mitiko hori lasterketa batean. Zer sentitu zenuen?

Goizean lagun askok argazkiak, mezuak-eta bidali zizkidaten. Nire gurasoak ere han zeuden. Horrek indar handia eman zidan. Izugarria izan zen. Jendez beteta zegoen, eta gu ez gaude ohituta hainbeste pertsona ikustera. Orain dela bi urteko Donostiako Klasikoa oso polita izan zen niretzat; Igeldoko igoera jendez beteta zegoen, baina Tourmaletekoa ere oso berezia izan da. Ez dut sekula ahaztuko egun hori.

Itzuli handietan primeran aritu zara aurten. Zure kirol ibilbideko garairik gozoenean zaudela esango zenuke?

Azken urteei erreparatuz gero, bai, nire urterik onena da. Aurreko urtea niretzat oso gogorra izan zen mentalki. Ondo sentitzen nintzen aldiro, zerbait pasatzen zitzaidan: Giroa hasi baino egun bat lehenago positibo eman nuen koronabirusean, Tourrera entrenatu gabe joan nintzen... Oso polita da ondo entrenatu eta gauzak nahi bezala ateratzea, oso gutxitan gertatzen baita hori.

Iragan sasoiko esperientzia txar horrek aurten gehiago gozatzen lagundu al dizu?

Segur aski, bai. Zulo horretan zaudenean, errazago antzematen diezu gauza politei.

Azken urteotan, Italiako Giroa izan da emakumeen ziklismoan lasterketarik garrantzitsuena. Tourrak, baina, bi urtean nagusitasun hori kendu dio. Zer du Tourrak Giroak ez duena?

Aurreko urtean Tourrean egon nintzen, eta hasiera-hasieratik sentitu nuen berezia dela. Egunero jende mordoa dago: irteeran, errepidean, helmugan... Prentsa aldetik ere alde handia dago. Egun hauetan elkarrizketa asko egin ditut. Mezu asko jaso ditut, ikusle aldetik-eta jende gehiagok jarraitzen baitu Tourra.

Aurten amaitzen zaizu kontratua Jayco Alula taldearekin. Emandako elkarrizketa batzuetan esan duzu sinatuko duzun hurrengoa zure azkenekoa izango dela. Gertu ikusten duzu erretiroa, ala azken kontratua luze samarra izatea nahi duzu?

Gertu ikusten dut erretiroa. Beste bi urte egingo ditut nire ibilbidean, gehienez. Horregatik, ondo pentsatu beharra daukat zer nahi dudan. Jaycon oso pozik nago: amets bat bizitzen ari naiz hemen. Denetik daukagu, pertsona asko ditugu inguruan gure errendimendurik onena lortzeko: nutrizionista, medikuak, entrenatzaileak... Materiala ere izugarria da. Beti esan dudan gauza bat da nire ibilbidea etxean amaitzea gustatuko litzaidakeela. Gauza asko dauzkat kontuan hartzeko. Egun hauetan erabakiko dut.

Zein da uzteko arrazoia? Errendimendu aldetik behintzat, puntapuntan zaude.

33 urte beteko ditut aurten. 8 urterekin hasi nintzen txirrindularitzan, eta, egia esan, entrenatzen eta lasterketetan asko gozatzen dut. Hau da nire pasioa, nire ametsa, baina beste bizi mota bat nahiko nuke probatu: familia izan, eta horrelako gauzak.

Uler daiteke zuk ziklismoa utzi nahi duzula ziklismoak zu utzi baino lehen.

Bai, hori da. Goi mailan utzi nahi dut. Orain asko gozatzen ari naiz, eta horrela nahiko nuke bukatu nire ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.