Azkenean jokatuko da

Sabadell Guipuzcoano bankuaren babesarekin, apirilaren 2tik 7ra jokatuko da aurtengo Euskal Herriko Itzulia

unai zubeldia
Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Bi urterako arnasa hartu dute Euskal Herriko Itzuliak eta Donostiako Klasikoak. Diru arazoak tarteko, ez jokatzeko arriskua zeukaten UCI World Tourreko bi proba horiek, baina Sabadell Guipuzcoano bankuaren babesarekin beharrezkoa den aurrekontua bete dutela jakinarazi zuen atzo arratsaldean Jaime Ugarte Euskadi Txirrindularitza Antolakuntzako presidenteak, ohar bidez. Apirilaren 2an hasiko da Itzulia, Gueñesen, eta apirilaren 7an amaituko da, Oñatin. Donostiako klasikoa, berriz, abuztuaren 14an jokatuko da, asteartearekin.

Azken hiru urteetan Eusko Jaurlaritzak 360.000 euro bideratu zituen Euskal Herriko Itzuliko Sari Nagusira, baina aurten 200.000 eurora jaitsi du laguntza hori. Orain hamar egun, antolatzaileek haserre hitz egin zuten, Jaurlaritzak emandako hitza ez zuela bete argudiatuta. Elkarren artean ika-mika handi samarra izan da azken egunotan, eta tartean Itzuliari laguntza ematearen alde atera dira Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea, besteak beste. Azkenean, atzo argitu zen egoera. Sabadell Guipuzcoano izango da Sari Nagusiaren babeslea. Albistea «pozik» hartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

«Asko eskertzen dugu bankuak gure azken uneko laguntza eskaerari eman dion erantzun positiboa», azaldu zuen oharrean Ugartek. Sarean hainbat mugimendu sortu da azken egunotan Itzuliari laguntza emateko, Kontuz 1 euro egitasmoa tartean. Eta Creationest mugimendu horren antolatzaileak atzo jakinarazi zuen 10.619,89 euro bildu dituztela azkenean. Ugartek eskerrak eman nahi izan zizkien guzti-guztiei. «Oraingoan, bai, oraingoan esan dezakegu Itzuli hau Gipuzkoako eta Euskadiko zale guztien artean egin dugula».

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna (UCI) jakinaren gainean jarrita, antolatzaileek atzo bertan bidali zizkieten taldeei beharrezkoak diren dokumentuak. «Inori ez diogu opa pasatu dugun azken hilabete eta erdia. Urduritasuna, kudeaketa, elkarrizketak, oharrak, buruko nekea, neke fisikoa...». «Munduko zalerik onenek, Euskadikoek», eurek egin duten ahalegina eskertuko dutela ziur dago Ugarte. «Irteeretan, ibilbidean bertan, tarteko helmugetan, mendateetan, helmugetan... Beti egin izan duten moduan, oraingoan ere beste inon ez dagoen kolore berezi hori emango diote gure lasterketari».

Gueñesen hasi eta amaituko da lehen etapa, apirilaren 2koa, eta Gasteizera iritsiko dira hurrengo egunean. Hirugarren etapa garrantzitsua izango da, Arabako hiriburuan hasi eta Ibardin gainean amaituko dena —1994an iritsi zen Itzulia azkenekoz Ibardinera, eta Davide Cassanik irabazi zuen etapa hura, Tony Romingerren aurretik—. Laugarren etapa, ostegunekoa, Arratera iritsiko da, eta azken-aurrekoa Eibartik abiatu eta Oñatin amaituko da. Oñatin bertan jokatuko den ohiko erlojupekoarekin amaituko da 2012ko Euskal Herriko Itzulia.

Miguel Indurain Saria ere bai

Euskal Herriko Itzulia bai, eta Miguel Indurain Sari Nagusia ere bai. Lizarrako Txirrindularitza Elkarteak atzo goizean baieztatu zuen aurten ere jokatuko dela lasterketa, martxoaren 31n. 110.000 euroko aurrekontuarekin, hamahirutik 11ra jaitsiko da talde kopurua. Martxoaren 23an aurkeztuko dute lasterketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.