Joan den asteburuan jokatu zituzten BERRIA txapelketako final-zortzirenetako azken bi kanporaketak, eta zerrendaburuek ez zuten ezustekorik onartu. Amezketako Zazpi Iturrik Gasteizko Txukun Lakua kanporatu zuen, eta Bidania-Goiazko Aurrera Saiazek, berriz, Bergara. Final-laurdenetako lehen jardunaldia heldu den asteburuan jokatuko dute. Zazpi Iturri eta Aurrera Saiaz elkarren aurka ariko dira hemendik bi asteburura, bigarren jardunaldian.
Zazpi Iturri 2 (55)
Txukun Lakua 1 (40)
KADETEAK
Nazabal-Artola 22
Calleja-Ramos 3
GAZTEAK
Gailurralde-Jaka 22
Isasmendi-Obregon II.a 15
NAGUSIAK
Ropon-Legarreta 11
Mendinueta-Perez 22
Ortziral arratsean jokatu zuten lehen kanporaketa, Hernanin. Kadeteen partida erabateko nagusitasunez irabazi zuen Zazpi Iturriko bikoteak. Ordu erdi nahikoa izan zuen Nazabal-Artola bikoteak 22. tantora ailegatzeko. Alde nabaria markatu zuten hasieratik: 7-0 eta 14-1. Artola atzelariak ez zuen huts bakar bat ere egin, eta Nazabal aurrelariak hamahiru tanto egin zituen.
Gazteen partidan aldea ez zen hain nabaria izan. Amezketakoak indartsu hasi ziren, eta markagailuan abantaila lortu zuten hasieratik: 7-3 eta 14-3. Gasteizkoen atzelaria, Obregon II.a, suspertu zenean, ordea, 18-14 estutu zen norgehiagoka. Hortik aitzinera, baina, Zazpi Iturrikoek tanto bakarra barkatu zuten, Txukun Lakua hamabortz tantotan utzita.
Kanporaketa Gipuzkoakoen alde erabakita zegoela jokatu zuten nagusien partida. Txukun Lakuakoek taldearen ohorea salbatu zuten, eta nagusitasunez gailendu zitzaizkion aurkariari. Gibelean konfiantzaz aritu zen Perez, eta aitzinean, berriz, Mendinueta Ropon baino finago ibili zen; hamahiru tanto egin zituen.
Aurrera Saiaz 2 (65)
Bergara 1 (38)
KADETEAK
Labaka-Elustondo 22
Etxabe anaiak 2
GAZTEAK
Mujika-Arratibel 21
Gallastegi-Rezusta 22
NAGUSIAK
Renobales-Galarraga 22
Muguruza-Jauregi 14
Igande goizean itxi zituzten final-zortzirenak Aurrera Saiazek eta Bergarak. Kadeteetan, Bergarakoek ezin izan zuten deus egin maila horretako bikote indartsuenetako baten aurka. Elustondo atzelariak pilota bakarra hutsegin zuen, eta Labaka aurrelariak, berriz, hemezortzi tanto egin zituen, berak bakarrik.
Gazteen mailan hagitz bertzelako kontua gertatu zen. Ordubeteko norgehiagokan, bi bikoteak pareko ibili ziren. Bergara izan zen nagusi markagailuan, baina Bidania-Goiazkoek hiru aldiz berdindu zuten: 8-8, 18-18 eta 21-21. Azkenean, partidako jokalari onenak, Bergarako Rezusta atzelariak, bi-pareta batekin erabaki zuen lehia.
Eguneko azken partidak erabaki zuen kanporaketa. Nagusien mailan, txapelketako bikote onenetakoek jokatu zuten elkarren aurka. Lehen tantoetan berdinduta ibili baziren ere, Aurrera Saiazeko Renobales aurrelariak sakean eta errematean erakutsitako nagusitasunak aitzinetik paratu zituen, 11-5 eta 16-10. Haren bikoteak ere, Galarragak, Jauregiri gain hartu zion gibeleko aldean, eta partida amaiera samurra eduki zuten.
Azkenekoan, ezustekorik ez
Bi irabazleek elkarren aurka jokatuko dute final-laurdenetan, hemendik bi asteburura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu