Reyes Carrere. Bera Berako entrenatzailea

«Azkeneraino ari gara borrrokatzen; agindu genuena da»

Bera Berak hirugarrenez irabazi zuen Espainiako Kopa herenegun, sasoiko bigarren txapela. Orain ligakoa daukate begiz jota.

Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Goizeko hiruretan iritsi da etxera Reyes Carrere (Errenteria, Gipuzkoa, 1966). Galiziatik itzultzeko bidaia «luzea eta gogorra» egin zaie, baina hori da «gutxienekoa». «Titulu batekin itzultzen zarenean, ahaztu egiten dira horrelakoak».

Egun bat pasatu da. Bereganatu duzue lortutakoa?

Horretan ari gara. Oso final handia jokatu genuen, eta merezita irabazi. Oso pozik gaude.

Partida gogorra izan zen.

Bai, baina bagenekien hala izango zela. Ondo kudeatu genituen indarrak, bezperan ahalegin handia egin genuelako eta neke handia pilatu. Atsedenaldian lau golen aldea izan arren, argi genuen azken txanpan erabakiko zela, eta indarrez iritsi behar genuela.

Azken txanpan erabakigarria izan zen Darly Zogby atezainaren lana.

Bai, eta hor ikusi zen zeintzuk diren une zailetan lasai egoten dakiten atezainak. Jokalari onak taldeak haien laguntza gehien behar duenean azaltzen dira, eta horixe egin zuen. Bai berak, baina baita Matxalenek ere. Azken bi minutuetan sartu zituen bi penaltiak ere erabakigarriak izan ziren.

Atzetik aurrera eginez irabazi dituzue Kopako hiru partidak. Horrek ere badu meritua.

Tira, ez dakit meritua den. Aukeran nahiagoko nuen hasieratik aurretik jarri eta lasaiago aritu. Kosta egiten zaigu partidan lanean hastea. Zorionez, gai izan gara suspertu eta atzetik aurrera irabazteko. Defentsako lanak zerikusi handia izan du horretan.

Zuk zeuk ohartarazi zenuen Kopako partida guztiak oso zailak izango zirela. Eta hala izan dira, Zuazoren aurkako derbitik hasita. Agur esateko gutxi falta izan zenuten. Ustekabea izan zen Zuazok neurketa horretan emandako maila?

Ez. Guk oso ondo dakigu zer den Kopa. Lehiaketa honetan ez dago partida samurrik.

Faboritoak zineten.

Faboritoak ez, hautagaiak ginela esango nuke nik.

Presioa kentzeko modu bat zen?

Ez, badakigulako Kopan ezustekoak gerta daitezkeela. Aurretik lortutako bi kopatan ez ginen faboritoak, eta irabazi egin genuen.

Aurrekoetan baino handiagoa zen presioa? Lider zarete ligan.

Presioa beti dago, baina agian bai da zerbait berria guretzat. Lehen aldia da lider garela, eta abiapuntua ezberdina da. Zorionez, presio berarekin edo ez, helburua bete dugu. Ikasteko balioko digu.

Argi dago helburuak banan-banan ari zaretela betetzen: Superkopa eta Kopa irabazi duzue, ligan lehenak zarete eta Europan lehian jarraitzen duzue. Pozik, ezta?

Bai. Hasieratik esan genuen talde honek goian egoteko aukera zuela. Goian egoteko, ez irabazteko. Goian egonda irabaz dezakezu, baina horretarako azkeneraino borrokatu behar duzu. Eta gu hori ari gara egiten lehiaketa guztietan, agindu genuena: azkeneraino borrokatu. Hau dena ez da zorte kontua, asko ari gara lanean. Eta arerio guztiei errespetu handia ari gara izaten. Aurkari bat gutxietsiz gero, muturrekoa jasotzeko arrisku handia dago.

Ligan, lider zarete hamar partida falta direla, eta etxean jokatuko duzue aurkari zuzenenen aurka. Nola ikusten duzu sasoiaren azken txanpa?

Zaila. Ezin dugu huts egin, bestela aukera guztiak galduko ditugu. Elx, bigarren sailkatua, indartsu dator. Ligan urratsez urrats joan behar dugu, eta pauso txiki baina sendoak eman.

Hortxe dago Thueringerren aurkako Errekopako final-laurdenetako kanporaketa ere.

Bai, eta beti bezala prestatuko dugu: oso serio. Baina Thueringer oso-oso talde indartsua da. Ahal duguna emango dugu, baina beste helburuak arriskuan jarri gabe. Hori oso argi dut.

Gehiegizko konfiantza dago taldearen inguruan?

Agian bai, baina hori ona da, eta eskertzen da. Baina guk oinak lurrean ditugu, ez dugu pentsatzen izerdirik bota gabe irabaziko dugunik. Kopa irabazteko, adibidez, azkeneraino borrokatu dugu, eta genuen izerdi guztia bota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.