Bittor Alkiza. Realaren harrobiko arduraduna

«Ba al dago ezer politagorik hamaikakoan etxeko bederatzi jokalari ikustea baino?»

Bittor Alkizak bi urte bete berri ditu Realeko harrobia osatzeko lanean. Urteurren horrek bat egin du talde txuri-urdineko gazteek arreta bereganatu duten garaiarekin.

Donostia
2012ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Zubietarik gabe ulergaitza litzateke egungo Reala. Ruben Pardoren agerraldi indartsuari David Zurutuzaren kontratu berritzea gehitu zaio aste honetan. Oparotasun garaiak dira haztegiarentzat, eta hura ureztatzearen arduradun nagusia da Bittor Alkiza (Donostia, 1970). Hamalau denboraldi jokatu zituen Lehen Mailan, Realean, Athleticen eta berriro Realean, eta zelaian pilatutako eskarmentua bulegora garraiatzea egokitu zaio, nahiz eta bere betebeharrak ezberdinak izan: hezitzailea da. Zubieta «osasuntsu» dagoela ikustea bezalakorik ez dago berarentzat.

Ruben Pardoren izena dabil bolo-bolo azken egunetan.

Goizegi da oraindik ezer nabarmentzeko, bi neurketa baino ez ditu jokatu hasieratik. Futbolari zoragarria izan daiteke, eta horretarako, lasaitasuna kutsatu behar diogu denon artean. Hori da garrantzitsuena uneotan.

Xabi Alonsorekin alderatu dute jada. Zenbaterainoko kaltea eragin diezaiokete halakoek?

Norberaren jarreraren araberakoa izan ohi da. Ezin ditugu beraien onetik atera. Mila gauza geratzen zaizkie ikasteko, eta ezin daitezke konformatu orain arte eginikoarekin. Hobetzeko nahia ezinbestekoa da.

Pardoz gain, ba al da txundituta utzi zaituen beste jokalaririk?

Asier Illarramendi eta Iñigo Martinez iritsi berriak izan arren, taldeko erreferentzia izan dira behin baino gehiagotan. Ezohikoa da Lehen Mailan. Hainbatetan faltan bota izan dugun nortasuna erakutsi dute, gainera, eta horrek are eta liluratuago utzi nau.

Horren haritik, Zubieta barruan ez al da izaera lehiakorragoa falta?

Ez dakit Zubietako kontua den, Gipuzkoako gizartearena edo gizateriarena orohar, baina nik, behintzat, faltan botatzen dut tarteka. Gaitasunari, teknikari, joko finari erreparatzen zaio egun, horiek goraipatzen dira beti. Halere, gehiago behar da, eta horrek guztiak tokia izango du talde batean baldin eta onuragarria bazaio.

Gogoa zirikatu al daiteke, entrenatu al daiteke?

Berezkoak ez du erabateko garrantzia, eta ziur naiz landu daitekeela. Entrenatu ezean, seguru ez duzula ezer moldatuko. Hobetu daiteke, bai.

Zure garaietatik gaurdaino etorrita, zer ez da aldatu Zubietan?

Den-dena aldatu da. Iruditzen zait gaur futbolean aritzea atzo baino latzagoa dela. Egungo jokalariak osatuago daude denean: fisikoki, taktikoki eta teknikoki. Lehen luzean jokatzen genuen gehienbat, eta orain, ordea, baloiaren ibilia motzagoa da.

Gogatzeko gaitasuna al da zure bulegoko lan tresnarik baliotsuena?

Saiatzen gara, eta gehiagotan landu beharrekoa dela iruditzen zaigu. Zubietan egotea naturaltasunez hartu behar du haurrak. eta bere inguruak. Aurrerapauso bakoitza ematea nekeza bada, zer esanik ez goraino iristea, futboletik bizitzea. Gurasoei gehienbat ikustarazi nahi dioguna da oso gutxi iristen direla gora eta bidean osinak topatuko dituztela.

Ulertzen ez duenik ere egongo da.

Askotan badirudi edonor irits daitekeela gora, eta kolpetik sekulako dirutza jasoko duela. Ez da hala izaten. Berezko talentuak garrantzia dauka, baina balio gehiago izan ezean, jai daukazu. Inplikazioak erabatekoa behar du izan, hau da, eguneroko lanaren bitartez hobekuntza etengabea izan behar du. Hobetzeko grina izan ezean, ezinezkoa da. Edozein aitzakia ulertuko dugulakoan jokatzen du maiz gazteak, baina bere kabuz babak eltzetik ateratzen ikastea funtsezkoa da. Beste alderdi bat ere nabarmenduko nuke: besteekiko errespetua. Horrelakoak kutsatzen ahalegintzen gara gehienbat.

Bi urte daramatzazu Zubietako arduradun lanetan. Zer ikasi duzu?

Gauza asko, ez nuke jakingo nondik hasi ere. Benetan garrantzitsuak diren gaiek zerikusi gutxi dute nik kargua hartu aurretik egindako lanarekin. Esaterako, latza da oso gure taldean jarraituko ez duela jakinaraztea mutiko bati. Sekulako ilusioa dauka, urrutitik dator ia egunero, langilea da, saiatua eta halako batean guk erabakitzen dugu horrek ezin duela gurekin jarraitu. Okerrak oker eta samurra izan ez arren, horretarako gaude gu hemen, erabakiak hartzeko.

Zure lanaren alderik alaiena, aldiz, zein da?

Norberak bere helburuak bete egiten dituela ikustean. Egunetik egunera zerbait gehiago eman dezakeenean. Horrek betetzen nau, bide egokitik goazela erakusten baitigu. Jokalari baten proiekzioa ezin daiteke neurtu sailkapenaren arabera. Lehiatzen ikasteko ez dute ezer irabazi behar. Astero astero Zubietako bederatzi jokalarirekin ekiten die neurketei Realak. Ba al da hori baino zer politagorik?

Lehen taldeak goitik behera zehaztu behar al du harrobiaren funtzionamendua?

Entrenatzaile bakoitzak bere liburuxka duenez. joko-sistema ezberdinak menpera ditzakete nagusienek. Horregatik, zenbat eta jokamolde gehiago landu eta barneratu azpiko mailetan, orduan eta hobeto, aberatsagoak izango baitira gure jokalari gazteak. Hori bai, ez dut uste Realak edonor aukeratu beharko lukeenik lehen taldeko aulkirako. Zubietara begira lan egingo duena behar du izan.

Hain zuzen ere, harrobiaren aldeko plangintza ari da fruituak ematen.

Talde askoren aldean sosik ez izan arren, arlo horretan erreferentzia gara. Zenbakiek ez dute gezurrik esaten. Zubietatik igarotako zenbatek osatzen dute lehen taldea? Portzentajea oso altua da, parekorik ez duena. Hori ez da halabeharren ondoriozko ezer, baizik eta konbentzituta egiten dugulako lan. Ez da guk asmatutakoa, eta horrek esan nahi du hemengo batek lehen taldean jokatzeko benetako aukerak dituela. Realeko denak, gainera, Zubietan jarraitzearen alde azaldu dira beste eskaintza batzuei uko eginez. Identifikatuta sentitzen direnaren seinale da, eta hori harrobia zaintzen ari garenontzat funtsezko kontua da. Ez dago tresna eraginkorragorik gazteagoek ikus dezaten hemen baino aukera gehiago nekez topatuko dituztela beste inon.

Zer irizpide dituzue haur bat hartu eta bestea baztertzekorakoan?

Adin horietan erabakiak hartzeko gaitasunari erreparatzen diegu batez ere, arlo fisikoa albo batera utzita. Bataren eta bestearen garapena ezberdina izanik, soilik indarrari begiratuko bagenio, oker ariko ginateke. Zelaian erakutsitako burutazioei, erabaki egokiei egiten diegu jaramon.

Zubietako haztegiaren osasunaz galdetuz gero...

Sasoiko dagoela erantzungo nizuke. Jakina, zenbat eta gehiago zaindu, orduan eta hobeto egongo da.

Presidenteak esandakoekin bat zatoz? Egungo belaunaldia ligak irabazi zituenarekin konparatzeazilegi ote da?

Pentsatzen dut etorkizun handiko multzoa daukagula, baina alderaketa hori gehiegizkoa da. Ezin dizkiegu jarri helburu eskuraezinak. Bide luzea geratzen zaie oraindik, eta guk lagundu egin behar diegu.

Zelaiaren falta sumatzen al duzu?

Bai, kirolaria naiz eta. Orain beste betebehar batzuk dauzkat, eta gustura nabil horietara moldatzen.

Jarraitzeko gogoz zaude?

Beste bi urterako luzatu nuen duela gutxi. Hala ere, ez zait iruditzen inork luzaro egon beharko lukeenik kargu honetan, ez genioke mesederik egingo klubari.

Noiz arte jarraituko duzun erabaki duzu?

Ez, eperik ez diot jarri inolaz ere, baina ezerk ez du betiko irauten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.