Golak. 1-0: Guardiolak (10. min.). 2-0: Salisuk (39. min.). Epailea. Munuera Montero. Txartel horiak: Valladolideko Salisu; eta Eibarreko Orellana. Bestelakoak. 20.036 ikusle bildu diraJose Zorrilla futbol zelaian.
Valladoliden aurkako atzoko partidaz duela bederatzi egun hasi zen hizketan Jose Luis Mendilibar, Bartzelonaren kontrakoaren bezperan: «Valladolidekoa partida garrantzitsuagoa da guretzat. Azkenean, haien kontra atera behar ditugu babarrunak eltzetik». Atzoko aurkaria zuzen-zuzena izango baitu ziurrenik Eibarrek mailari eusteko borrokan. Herenegun bertan, entrenatzaileak ondorengo hau eskatu zien jokalariei atzokoaren garrantziaz jabetzeko: «Horrelako partidak bizi egin behar dira; inoiz baino indartsuagoak izan behar dugu buru aldetik». Baina tarteka, partida batzuetan, entrenatzaileak nahi duena eta jokalariek egiten dutena ez dira bat etortzen, eta atzo, Jose Zorrilla zelaian, ez zen Mendilibarrek buruan zuena ikusi, jokalariek gauzatu zutena baizik.
Babarrunak eltzetik atera nahi dituen talde batek ezin du atzokoaren moduko partida txar bat egin. Ezin dio aurkariari nahi duena egiten utzi partida hasierako minutuetan. Ezin dizkio erraztasunak eman, are gehiago Mendilibarrek kontrakoa eskatu eta gero. Aurkariak lan ona egin zuen Eibarren jokoa geratzen; zer egin ondo ikasia zuela erakutsi zuen, baina hori ezin da izan gipuzkoarrek berearen laurdena egin ez izanaren aitzakia.
Berriz ere aurrelari batekin jarri zuen taldea, Quiqueren aldeko hautua eginez, eta Kike eta Enrich atzean utzi zituen. Diop zen euskarria, eta aurretik Exposito eta Escalante zeuzkan. Tejerok jokatu zuen atzealdeko eskuin hegalean. Atzo berdin izango zion, ordea, aulkian utzi zituen zazpi jokalariak atera izan balitu ere. Epel, bigun, galduta, alderrai ekin zion lehiari Eibarrek, etxekoen presio ez oso itogarrian arnasa galduta, eta aurreneko gola hamargarren minutuan sartu zioten. Haien zelaitik jotako baloiari ez zioten inolako presiorik egin Pedro Leon eta ingurukoek, eta atzeko lerroa metro bat atzera harrapatu zuen pase luzeak. Zuloak utzi zituzten, eta Guardiolak ondo amaitu zuen jokaldia.
Eibar ez zuen piztu kontrako golak, sei bat minutuko esnaldia izan bazuen ere 28.etik 34.era. Handik bost minutura jaso zuen kolpe erabakigarria, motzean atera eta gaizki defendatutako korner batean, Salisuk ateko zuloan baloia sarera bota zuenean.
Bigarren zatirako, Mendilibarrek Tejero aldagelan utzi eta Enrich atera zuen, eta Escalante jarri zuen espainiar atzelariaren lekuan. Taldeak bi aurrelarirekin jokatu zuen partida osoa, eta susperraldia izan zuen jokoan. Valladolidek baloia eman zion, eta horrek ere erraztu egin zizkion gauzak Eibarri, baina lehen zatian ez bezala aritu zen, gutxienez. Expositok langara jaurtiketa egin zuen 74. minutuan, aukera garbienean. Etxekoek ere emaitza zabaltzeko aukerak izan zituzten kontraerasoan.
Badu zer hausnartua taldeak ostegunean Ipuruan Vila-realen aurka jokatu aurretik; adibidez, nola atera babarrunak eltzetik. Nola atera Eibar sailkapenaren atzeko aldetik.
Valladolid 2-0 Eibar
Babarrunak heltzean dira
Eibarrek galdu egin du Valladoliden, aurkari zuzen baten zelaian. Lehen zati txarra egin du, eta orduan sartu dizkiote bi golak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu