Euskal selekzioaren aldeko babesa eta aldarrikapenak

1990eko Munduko Txapelketan euskal selekzioarekin lagunarteko partidak jokatu zituzten pilotariak «pozik eta harro» mintzatu dira, datorren astean selekzioa ofizialki lehiatuko baita Nazioen Ligan.

Euskal selekzioari babesa azaltzeko agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal selekzioari babesa azaltzeko agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko maiatzaren 27a
16:47
Entzun 00:00:0000:00:00

Pilotako euskal selekzioa estreinakoz lehiatuko da datorren astean txapelketa ofizial batean. Zesta-puntan izango da, Euskal Pilotako Nazioen Ligan. Txapelketa Gernikan (Bizkaia) jokatuko da, ekainaren 1etik 6ra. Baina euskal selekzioak duela 35 urte jarri zuen horretarako lehen mugarria, 1990ean Kuban jokatu zen Munduko Txapelketan. Euskal Herriko hainbat pilotarik lagunarteko partidak jokatzeko aukera izan zuten bertan, eta inaugurazio desfilean ere parte hartu zuten: «Desfilean elastiko txuri bat jantzita atera behar izan genuen, ez zigutelako ofiziala janzten utzi. Baina eskuan eraman genuen», gogorarazi du Jesus Unanuek.

Pilotari horiek, baita selekzio hartako teknikariek, ordezkariak eta Euskal Pilotako Euskadiko Federazioko presidenteak ere, «babesa eta animoak» eman dizkiete datorren astean euskal selekzioan lehiatuko diren pilotariei. Halaber, bat egin dute Euskal Herriko Euskal Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren aldeko mugimenduak antolatutako ekimenekin. Herritarrak ere deitu dituzte ekinaldi horietan parte hartzera. «Merezi izan zuen, eta merezi du, jakina! Bazen garaia!», nabarmendu du Martxel Toledok, denen izenean. 

«Oso harro» daude egindako bideaz. «Kubako desfile eta partida haiek ofizialtasunaren aldeko iritzia zabaltzeko balio izan zuten, eta euskal gizartean mezua txertatzeko. 35 urte igaro dira ordutik, eta aldarrikapen hura fruituak ematen ari da. Azkenean, askotariko saiakera eta borrokei esker, gerturatu gara helmugara». Baina gogorarazi du «sobera» motibo daudela ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko. «Euskal Herriko euskal pilota selekzioa lortu arte, alegia, zazpi herrialdeak ordezkatzen dituen selekzio bat izan arte, urratsak egiten jarraitu behar dugu, eta aldarrikatzen. Ukazio eta probokazio guztien gainetik egin behar dugu».

Ekitaldia eta mahai ingurua

Hain zuzen ere, Euskal Herriko Euskal Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren aldeko mugimenduak bi ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako, babes hori azaldu, eta ofizialtasuna aldarrikatzen jarraitzeko. Ekainaren 1ean, igandean, 12:00etan, agerraldia egingo dute Frantziako eta Espainiako selekzioei uko egin dieten pilotariekin. Egun horretan hasiko da txapelketa, eta ekitaldia Gernikako Jai Alai frontoiaren aurrean egingo dute. Horren ostean, bertaratu direnek argazkia aterako dute; eta, bukatzeko, kalejira izango da txaranga batekin, baita bertsolariak ere. 

Asteazkenean, berriz, Euskadiren eta Espainiaren arteko partida baino lehen, ofizialtasunaren inguruko mahai ingurua egingo dute Elai Alai kultur etxean, 17:00etan. Ikuspegi juridikotik landuko dute gaia, eta bi hizlarik hartuko dute parte: Kiko Caballero Harriet eta Iñigo Santxo Uriarte. Caballero legelaria da, eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea izan zen; Santxo, aldiz, abokatua eta ESAITeko idazkari ohia.

Caballero federazioko presidentea izan zen, eta gaurko ekitaldian izan da. Hunkituta mintzatu da. «Negar egin dut, batez ere euskal selekzioa nazioarteko federazioan onartu zutenean. Aspaldiko aldarrikapena zen, bidezkoa, etxe barruan ere oztopatu zutena zenbaitetan. Baina arrazoia gailendu da, eta eraginez eta kontzientzia kolektiboa bultzatuz lortu da».

Caballerok argi du: «Euskara Euskal Herriko kulturaren adierazle eta ondare da, eta pilota bertako kirolaren eta gorputz mugimenduarena. Muga guztiak gainditu ditu, eta horretan ez dago zalantzarik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.