«Badago uste duenik orain ere Athleticen zalea naizela»

Iruñea
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Puntuak irabaztea akaso ondo etorriko zaizu, San Mamesen jokatu bezperan egin adierazpenekin puntu batzuk galdu zenituen eta.

Kar-kar, bai, hala da. Lehen esan duguna da. Prentsa aretora ateratzen naizenean pentsatzen dudana esaten dut, ez dut pentsatzen politikoki zuzena den ala ez. Hitzekin ez nuen asmatu agian, Athleticek etete klausulak osorik ordaintzen dituela esan nahi nuen, besterik ez. Iragan udan adibide batzuk izan dira, Monreal Malagara joan da, baina Malagak ez du etete klausula osorik ordaindu, eta Camuñas Vila-realera joan da, baina Vila-realek ere ez zuen jokalariaren etete-klausula ordaindu. Athleticera joan izan balira seguru nago Athleticek etete klausulak osorik ordaindu beharko lituzkela. Eta hori ez nuen esan Athleticen zalea naizelako, Osasunaren zalea naiz ni orain. Txikitan Realaren zalea nintzen. Eta egia da Athleticen jokatu nuela, Athletic entrenatu nuela eta bizkaitarra izanik nire lurraldeko taldea dela Athletic. Baina besterik ez dago. Valladolidetik ondo irten nintzen, Eibarretik ere bai, Arratetik ere bai eta Gazteizko Aurrera taldetik ere bai. Talde horiek guztiek neure sentitzen ditut.

Arrazoia izanagatik Iruñean esan zenuena esatea arriskutsua zela jakin beharko zenuke, dena dela. Hanka sartzeaz berehala konturatu zinen?

Prentsa aretorik normal irten nintzen, baina arratsaldean jendeak mezuak bidali zizkidan, eta buruari bueltaka hasi nintzen, zer esan dut bada? Eta berehala konturatu nintzen berba hori esatea ez zela aproposa izan. Txarto egin nuen. Horregatik, Osasunakoa baino gehiago Athleticekoa naizela pentsatzen duen jendea badela seguru nago, baina hori aldatzeko ezin dut ezer egin. Nire lana egin behar dut. Ni oso pozik nago hemen, urte mordo bat hemen geratzea nahiko nuke, eta Osasunaren alde egin beharreko dena egingo dut.

Osasunak Athletici «esker ona» izan beharko liokeela esan zenuen. Hori da esan behar ez zenuen hitza?

Bai, eta konturatuko zinen berriz esaterik ez dudala gura izan; zuk esan duzu, baina hori da, bai.

Hori gertatu eta hurrengo egunean3-0 galdu, gainera. Osasunan zaudenetik unerik zailena izan zen?

Bai, Osasunan nagoenetik eta entrenatzailea naizenetik bizitako unerik zailena agian. Athleticetik bota nindutenean ere une zaila izan zen niretzat eta familiarentzat, baina oraingoan banekien neuk egin nuela hanka sartzea. Dena dela, hedabideen aurrean naizen bezala agertzen naiz, eta oraindik ere beste hanka sartzeren bat egingo dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.