Mikel Labaka. Rayo Vallecanoko jokalaria

«Badakit denbora kontua izango dela etxera itzultzea»

Anoetan jokatzeko irrikan dago Mikel Labaka. «Rayo Vallecanok irabazteko ahalegin betea egitea da Realeko lagunekiko errespetua adierazteko erarik onena», adierazi du.

Donostia
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Ez da ohiko lan astea izan Mikel Labakarentzat (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980). Sei hilabete atzera nekez imajina zezakeena biziko du bihar. Anoetan jokatuko du, baina txuri-urdina ez den elastiko batekin.

Hasieratik aritu zinen Rayo Vallecanok jokatutako azkeneko partidan. Bihar ere hasierako hamaikakoan izango zarela uste duzu?

Neurketa berezia da oso niretzat. Gainera, Anoetan jokatze horrek esan nahiko luke jarraitutasuna dudala, orain arte izan ez dudana. Lesio baten erruz hiru astez geldirik egon eta gero, taldera itzuli nintzen joan den astean, eta hasieratik jokatu nuen. Ea horri eusten diodan.

Biharko partida «berezia» dela diozu. Bihozbera nabari al duzu zeure burua egun hauetan?

Antzematen dut ez nagoela betiko moduan. Anoetako partidarekin pentsatzen jartze hutsak hamaika oroitzapen ekartzen dit gogora. Nolakoa izango ote den ere imajinatzen dut.

Zein da Realean egindako denboraz duzun oroitzapenik nagusiena?

Den-denak kontatzen hasiko banintz, luzeegia izango litzateke. Lagun asko dauzkat aldagelan, eta hor egoteagatik ezagututako beste adiskide onak ere bai. Kontraesana dirudien arren, haienganako errespetua adierazteko erarik egokiena irabazteko ahalegin betea egitea izango da.

Zelaira jaitsita, zer aurkari mota ikusiko du Realeko zaleak?

Aldez aurretik jakitea zaila da. Realak proposatu eta egin dezakeenaren araberakoa ere izango baita Rayoren portaera. Gure entrenatzailea, Jose Ramon Sandoval, baloia mugitu, ukitu eta erabiltzearen aldekoa denez, jokoa sortzen saiatzen gara ahal dugun guztietan. Horrek bere fruituak eman dizkigu, gehienbat etxetik kanpo, nahiz eta norberak egin nahi duenaren eta uzten diotenaren artean alde handia egon.

Vallecastik kanpo bildutako zenbakiek diotenez, arriskutsuak zarete oso. Sailkapeneko lehen hiruren ondoren, talderik onena zarete.

Ez da halabeharrez gertatutako zerbait. Rayoren inguruan betidanik esan izan da Vallecas plaza gaiztoa dela eta etxean eskuratzen ditugula emaitzarik onenak, baina denboraldi honetan ez da hala izaten ari. Gure joko estiloak zerikusi handia du horretan.

Zer da zenbakiek erakusten ez dutena?

Behetik gora jauzia eman duen taldea izanik, joan den denboraldiko bolada onari eusten jakin genuen txapelketaren hasieran, eta horrek konfiantzaz bete zuen taldea. Hori gabe ez geundeke oraingo egoera atseginean.

Michu eta Diego Costaren izenak dira gehien entzuten direnak.

Michu Celtatik etorri zen udan, Bigarren Mailatik, eta sekulako denboraldia ari da egiten. Gol asko sartzeaz gain, lan ederra egiten du taldearen mesedetan. Neurri handi batean hari eske gaude gauden tokian. Diego Costa, berriz, Atletico Madril taldetik fitxatu zuten neguko merkatuan, eta gure artean denbora gutxi daraman arren, haren ekarpena baliotsua ari da izaten oso.

Mailari eustetik haragoko helburuak jartzera iritsi al zarete inoiz?

Ez. Jaisteko borrokatik zenbat eta urrutiago egon, orduan eta hobeto. Hori dugu buruan. Futbolarekiko errespetu handiagoz jokatu behar da, eta jakin hor goian egoteko neurketa asko irabazi behar izaten direla bata bestearen atzetik. Gutxi batzuen esku baino ez dago hori. Ez da baztertzen dugun zerbait, baina hankak lurretik altxa gabe. Ondorengo asteetan irabazten ez badugu, gainera, beheko saltsan sartuko gara.

Realak ezin izan du jauzirik eman. Zer iritzi duzu horretaz?

Denboraldi ona ari da egiten. Haren lana aztertzeko garaian sailkapenetik kenduko nuke begirada, eta ikusi zenbat gaztek eman duten pausoa eta nola ari diren. Ez da ohikoa hain maila onean jokatzea iritsi berritan. Horrek benetako balioa dauka bukaerako nota jarri behar denerako. Batzuetan, ahaztu egiten zaigu aurkariak ere jokatu egiten duela eta norberak ez baldin badu bere lana txukun betetzen ez dela izaten oker jokatu duelako, baizik eta horretara bultzatu duelako gehienetan kontrarioak.

Iñigo Martinez da etorkizunean nabarmenduko diren gazteetako bat?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Lehendik ezagutzen nuen, baina gauza bat da beheko mailetan egin duzun lan onagatik aukera merezi izatea eta oso bestelakoa une hori iristean Iñigoren [Martinez] mailan aritzea. Erakusten ari da Lehen Mailan lasai asko joka dezakeela, dotoreziaz gainera.

Sandovali erakutsi al diozu Realaren aztarnarik?

Ez bereziki. Astero-astero galdetzen didate taldekideek Realaz, badakitelako nire taldea dela eta lagun asko ditudala bertan. Alde horretatik, ohiko astea izan da.

Zubietako aldagelako giroa alderatu daiteke Vallecaskoarekin?

Ez du zerikusirik. Zorionez, gogo onez hartu naute, eta emaitza onak ere lagungarri izan dira. Ez daukagu inolako arazorik, giro jatorrean ari gara lanean, eta aldagelako giroa, hortaz, ona da. Horrek ez du esan nahi, hala ere, Realeko eta Rayoko aldageletako giroa berdina denik. Realeko jokalariak bestelako atxikimendua du bere taldearekiko, batik bat, ume-umetatik bertan hezitakoa izan baita. Nekezago ikusten dira halakoak hemen.

Beste begi batzuekin ikusten al da Reala 500 kilometrora?

Bai taldea eta bai bizitzako beste gauza asko ere. Realak zenbat eta gazte gehiagori aukera eman, eta horiek finkatu, orduan eta hobeto. Horrek behar du izan haren apustua. Lan ona ari da egiten, eta nik, behintzat, garrantzi handia aitortzen diot horri. Denoi gustatuko litzaiguke sailkapenean gorago ikustea, baina nik uste apaltasunez onartu behar dugula txuri-urdinen borroka ahalik eta luzaroen Lehen Mailan jarraitzea dela. Gerora urte on bat egiteko aukera dagoela... primeran! Aprobetxatzen saiatuko gara. Iparra galdu gabe betiere. Harrobiko gazteekin egiten ari den lana txalogarria da.

Urrun ikusten al da Azpeitia Madrildik?

Egunak izaten dira. Denbora askoan egoten banaiz hemen, izugarri sentitzen duzu hara joateko beharra eta zure ingurukoekin egoteko nahia. Bestalde, distantziak bestelako ikuspuntua ahalbidetzen dizu, gauzak patxada handiagoz aztertzekoa.

Madril aldean gustura zabiltza?

Bai. Ez dut inoiz ukatuko nongoa naizen eta faltan sumatzen ez dudanik nirea, baina Madrilen egiten ditudan gauza asko ezingo nituzke han egin. Badakit denbora kontua izango dela hara itzultzea. Futbolak hona ekarri nau, eta bitartean aprobetxatu egingo dut. Hiritik kanpo bizi gara, eta gutxitan joaten gara hirigunera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.