Goiz da, baina jada entrenatzera bidean da Jon Ander Peña (Tolosa, Gipuzkoa, 1997). «Gero beroa egiten du frontoian», esan du.
Ondo ekin diozu udako sasoiari: lau partida jokatu dituzu, eta hiru irabazi. Pozik zaude?
Oso pozik nago. Irabazi ala galdu, nola zabiltzan da garrantzitsuena, eta ni gustura nabil.
Oporrak izan dituzu. Atseden hartzeko beharra zenuen?
Bai. Urte luzea da gurea, eta gorputzak eta buruak atseden hartu behar dute. Kanpoan egon nintzen bi astez, eta burua beste kontuetan izan nuen. Lasai ibili nintzen, eta horrek mesede egin dit.
Aurreko denboraldia ez zen gozoa izan zuretzat.
Aldeak alde, ilusio berarekin entrenatzen gara beti, baina, batzuetan, emaitza onak lortzen ditugu, eta beste batzuetan, ez. Aurreko denboraldian ez nituen emaitza onak lortu. Baina berdin jarraitu behar dut lanean.
Txakalaldia izan zenuen?
Baliteke txakalaldi txiki bat eduki izana. Halere, lau eta erdikoan, tanto batengatik ez nintzen aritu finalerdietan, eta, binakakoan, finalerdietako ligaxka jokatu nuen. Ez dira emaitza horren txarrak, baina hobeak izan zitezkeen.
Zergatik aritu zara okerrago?
Bolada onak eta ez horren onak izan ohi ditugu. Bolada onean gaudenean, konfiantzaz aritzen gara, eta lesioek ez digute traba egiten; dena erraz doa. Aurten, ordea, eskuetatik sufritu dut, eta boladak ez dira erabat onak izan: asko sufritu dut.
Asko eragin diozu buruari?
Ez, ez naiz buruari asko eragiten diotenetakoa. Aurrera egin behar da beti. Eskuetatik sufritu dut gehien, baina osatuta nago, eta oporren ostean ondo ari naiz. Ea bolada ona harrapatzen dudan.
«Aurten, eskuetatik sufritu dut, eta boladak ez dira erabat onak izan: horren ondorioz, asko sufritu dut»
Mastersa da udako txapelketa nagusia, eta enpresak hala erabakita, B Seriean ariko zara, eta ez Lehen Mailan. Kolpea izan zen hori jakitea?
Pixka bat bai, Lehen Mailan jokatzea espero bainuen. Baina erabaki horiek enpresaren esku daude. Nik nire esku dauden kontuetan jartzen dut arreta osoa.
Pena handiagoa da kontuan hartuta iaz Mastersa irabazi zenuela Jose Javier Zabaletarekin?
Nik badakit Lehen Mailan ondo joka dezakedala, baina ez du axola nik zer pentsatzen dudan, enpresaren esku bainago.
Duela urtebete ere indartsu itzuli zinen oporretatik. Berriro horrela egon nahi duzu?
Bai. Uda oso garai polita da, baina festetako partida gutxi daude, eta asko lehia betekoak; horiek irabazi beharra dago. Oso garrantzitsua da indarberrituta ekitea udari. Horrela ekin diot; ea euts diezaiokedan.
Irabazteak eta ondo jokatzeak laguntzen du, eta zuk hori egin zenuen azken partidan, Iker Larrazabalen aurka, sanferminetako lau eta erdiko final-laurdenetan. Gustura bukatu zenuen?
Bai. Txapelketako lehen partida zen, eta zaila izaten da halakoak jokatzea. Oso garrantzitsua da lehen partida irabaztea, eta nik irabazi egin nuen. Oso pozik nago.
Larrazabal ariko da zure ordez Lehen Mailako Mastersean. Hari irabazteak balio diezazuke zertarako gai zaren erakusteko?
Ez. Partida bat irabazteak ez du islatzen zer maila duzun. Denboraldian egindakoa hartu behar da kontuan, eta Iker oso ondo aritu da: buruz buruko finalerdiak jokatu zituen. Merezi du aukera bat. Nik ezin dut muturra sartu enpresak hartzen dituen erabakietan; hark erabakitzen du, eta hark dioena egin behar dut. Nire egitekoa lanean jarraitzea da.
«Finalerdietan ariko garen laurok asko jokatzen dugu. Ez dut uste Jokin gabe txapela eskurago dudanik»
Argi dago ez dagoela lasaitzerik: okerrago aritu, eta segituan hartzen dute aurrea besteek.
Guk oso argi dugu hori; are, ona da lehia bizia egotea, bestela lasaitu egiten baitzara. Nik beti izan dut lehia, eta horrek mesede egin dit urte osoan ilusioari eta motibazioari eusteko.
Iñaki Artolaren aurka jokatuko duzu gaur (21:15, ETB1). Zer itxura du partidak?
Zaila eta gogorra. Iñaki oso ondo dabil aspaldian, eta irabazi nahi badiot, gauza asko egin beharko ditut ondo.
Adibidez?
Oldarkor jokatu behar dut. Hura ere halaxe dabil. Huts gutxi egin beharko ditut, eta aurrean asmatu, baita erritmoa ezarri ere. Baina hori egitea ez dago erabat nire esku, eta hark egiten duenaren esku ere badago. Oso aurkari indartsua da.
Irabazten badiozu, bigarrenez jarraian jokatuko duzu finala. Iaz, 22-21 galdu zenuen Jokin Altunaren aurka. Emaitza kenduta, zer oroitzapen duzu?
Oroitzapen ona dut. Oso frontoi berezia da Nafarroa Arenakoa, eta gauza handia izan zen hura beteta zegoela jokatzea. Egun berezia da, eguerdian jokatzen baita, eta San Fermin egunean. Emaitza ez zen nik nahi bezalakoa izan, baina final ona jokatu genuen.
Altuna kanpoan geratu da. Hura gabe, eskurago duzu txapela?
Ez. Finalerdietan ariko garen laurok asko jokatzen dugu: Peio Etxeberria ikaragarri ondo ari da; Zabalak, berriz, Jokini irabazi dio, eta horrek meritu handia du; azkenik, Iñakik ondo irabazi zuen bere partida. Ez dut uste Jokin gabe txapela eskurago dudanik.
Sanferminetako Lehen Mailako binakakoa jokatuko duzu, eta, bigarrenez jarraian, Jon Mariezkurrenarekin ariko zara. Pozik?
Oso. Batetik, plazera da sanferminetan jokatzea, eta, bestetik, oso pozik nago Jonekin jokatzeagatik. Iaz, finala jokatu genuen; ea gutxienez finala jokatzen dugun.
Zein asmo duzu udarako?
Ahalik eta gehien jokatzea, ondo aritzea, eta partidak irabaztea.