Patrick Ozafrain. Eskupilotako pilotaria

«Badakit milatik xantza bakarra izanen dudala txapela janzteko»

Ibilbideko buruz buruko azken partida eta, bide batez, bosgarren finala jokatuko du bihar; halere, argi du ia ezinezkoa duela irabaztea.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Buruz buruko trinket txapelketako ezustekoa eman du «Irisarriko bankarrak». Bi aldiz buruz buruko txapeldun eta bi aldiz txapeldunorde izan den arren, inor gutxik ikusten zuen Patrick Ozafrain aurtengo finalean (Banka, Nafarroa Beherea, 1974). Waltary azken lau urteetako txapelduna izango du aurkari bihar, Baionan, eta hura da faborito garbi. Umoreko erantzun die galderei, Baigorriko pilota elkarteko entrenamendua zuzendu aurretik.

Entrenatu al zara aste honetan?

Bizitasuna landu dut, Modernen, bihar erne eta bizi egoteko. Lanarekin uztartzen dut pilota: zortzi edo bederatzi oren lan egiten dut egunero, eta entrenamenduak arratsean egiten ditut, normalean Baigorriko trinketean, eta txapelketa partida badut, jokatuko dudan trinket horretan.

Final hau duzu buruz buruko azken partida. Zergatik?

Biziki zaila egiten zait buruz burukorako prestatzea. Ondo jokatzeko, arrunt ondo egon beharra dago fisiko aldetik, eta 37 urterekin, laster 38, gero eta gogorragoa da. Ohartzen naiz partida biharamunetan minberatuagoak ditudala bizkarra, besoak…

Finalera iritsi bazara, hain gaizki ez zara egongo.

Iruditzen zait ontsa naizela, baina azken urteetan ikusi dut ez nengoela hain indartsu, eta besoko kolpea ere txikitzen ari da.

Azken buruz buruko pattalen ondoren, aurten serio hartu duzu txapelketa.

Lehenik, Superprestigerako prestatu nintzen, eta ikusita ontsa nintzala, ongi sentitu nintzela, prestaketarekin segitu nuen buruz burukako ere, serioski. Gero, emaitzak onak izan dira, eta partidak irabazi ahala, motibazioa etorri da.

Itxura ona eman duzu, gainera.

Bai, egia da. Behar da esan Arimendiren aurka arrunt partida zaila izan zela eta bukaeran xantza pixka bat izan nuela [40-39 irabazi zuen final-laurdenetan], eta finalerdian Etxeberri ez zela bere usaiako mailan egon, pixka bat nerbioso agian…

Espero al zenuen berriz ere finalera iristea? Azkenekoa 2007an jokatu zenuen.

Hastapenean ez, hasi aitzin ez behintzat. Banekien partida zailak izanen nituela, eta banaka hartu ditut, ondokoan pentsatu gabe. Eta egia da esperantza iritsi zela partidak pasa hala.

Buruz buruko bosgarren finala duzu, baina azkena aldi berean. Ilusio berezia egingo dizu, ezta?

Egia da finalerdiak irabazita ilusioa ukan dudala, eta badut esperantza pixka bat. Badakit milatik xantza bat izanen dudala txapela janztekoa, baina, tira, finalak jokatu eta irabazi egin behar dira. Irabazteko asmoz ez banoa, hobe dut trinketean ere ez sartzea; ahalik eta hobekien jokatzen saiatu behar dut... Eta zerendako ez? Mirakuluak gerta daitezke.

Mirakulu esatea askotxo izango da, baina Waltary da faborito garbia.

Bai, bai… azken hiru urteetan hark zinez gora egin du, eta urtez urte erakutsi du bere sakea biziki zaila dela biltzeko. Haren joko guztia sakean oinarritzen da, eta tantoa ez badu saketik egiten, hurrengo pilotakadan gibeleko arrastora jotzen du. Hor izanen da gakoa, sakea biltzea, ahalik eta hobekien. Xantza pixka bat baino gehiago beharko dut. Zinez borroka partida izanen da.

Sake biltzaile ona zara zu.

Emaile ona beharbada, baina buruz buru biziki ona izan behar da. Trenpu ona behar da halako sakeak eramateko. Eta aitzinetik Waltaryren keinua ongi interpretatu beharko dut, nola sakatu behar duen ikusteko, zeren eta behin sakatzen duelarik ez baitago norabidez aldatzerik: sobera abiadura handian sakatzen du, oreneko 120-125 kilometroan…

Pilota motelagoak erabiliko dituzue. Nabarituko al da?

Usaian baino motelagoak dira, baina finalerdiak nola joan ziren ikusita… Ezkurra II.ari hemeretzi sake egin zizkion eta biziki fite ibili ziren pilotak.

Hastear dagoen binakakoa izango al da zure azken txapelketa?

Ez dakit. Buruz burukoa bai izanen dela azkena. Binaka oraindik ikusteko dago. Ene buruan garbi dut urte hau eginen dudala, eta partiden eta emaitzen arabera, urte hondarrean deliberatuko dut jarraituko dudan. Beste pilotariak nola izanen diren ikusi behar da, orain gazteek sartu behar dutela, eta gu zaharroi ostiko bat eman, zeren nik uste dut ikusleak gurekin hastiak direla.

Berezkoak utziz gero, amateurretan jarraituko nahiko zenuke?

Berant izan aurretik utzi nahiko nuke, Baigorrin segitzeko, nire betiko elkartean, eta Baigorriko elkarteari eman zidana turnatu nahi nioke. Baigorriko gazteei zerbait eman nahi nieke.

Elkartean maisu omen zara. Gazte onak ba al datoz?

Urte batzuk dira elkarteko amateurrak entrenatzen ditudala. Badira gazte onak, bistan da. Aipatu behar da egun berezkoetan zazpi pilotari daudela Baigorriko elkartetik irtendakoak, eta askotan lan hori ez da ikusten. Nik laguntzen jarraitu nahi dut.

Nola ikusten duzu trinketaren egoera? Hamar urte baino gehiago daramatzazu berezkoetan.

Kirol mailan sei-zortzi pilotari daude goren mailan, beste hainbeste pixka bat atzerago eta lauzpabost maila ttipiagokoak. Egoerari dagokionez… ez dakit. Ni ohartzen naiz azken hamar-hamabost urteetan gauza ez dela askorik aldatu. Nik uste pilotari batzuk profesional izateak lagunduko lukeela, baina egun Ipar Euskal Herriko pilotan lan egiten duen jendea ez da sobera ados, ez dira denak norabide berean ari… Nik uste duela hamar-hamabost urteko egoera berean gaudela.

Eta ikusle gazterik ba al dago?

Denetarik bada. Nik uste pilotari berriak ikusi nahi dituztela. Nik uste biziki ona litzatekeela gazte batzuk sartzea, baina horiek ere ez dute egoera ona ikusten, eta ez dakit behar bezala motibatuak diren berezkoen mailara etortzeko. Hego Euskal Herrian ikusten dute profesional onak badirela, pilotatik bizi direla, eta guk hemen 40-45 ordu lan egin behar ditugu astero eta gero entrenatzera joan. Plazera bada, baina lan egin ondoren entrenatzera joatea ez da erraza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.