Rio de Janeiron (Brasil) jaioa eta ikasia da, eta zikinduriko inguruneak garbitzen dihardu Mario Moscatellik. Azken urtean ezagun egin da, munduan barrena aritu baita Rioko urmael eta badiaren egoerari buruzko hitzaldiak ematen. «Lan asko egin dugu, baina fruitu gutxi jaso dugu», dio, penatuta. Halere, ez da erortzen argudio errazetan, eta ez die agintariei bakarrik botatzen errua.
Gogor mintzatu zara Rioren inguruan azken urtean. Errietarik-edo jaso al duzu?
Ez. Orain arte, behintzat, ez dut halakorik jaso. Nire kritikak gogorrak izan dira, baina egia esan dut beti. Nik ez dut alderdi politikorik; ni zientziako pertsona bat naiz.
Jokoei buruz hitz egitean, «galduriko aukera» moduan aipatu dituzu maiz.
Hala izan baita. Duela zazpi urte, Riori Jokoak eman zizkiotenean, agintariek hainbat konpromiso hartu zituzten: Guanabarako badia, Jacarepaguako lakua eta beste hainbat urmael garbituko zituztela. Baina beste bat izan da errealitatea. Behin Jokoak lortuta, Brasilgo agintariek baztertu egin dituzte ingurumenarekin zerikusia zuten asmo guztiak. Guanabarako badia da eredurik garbiena, hura garbitzeko asmorik ez baitago.
Guanabarako badia da Rioko badia. Nola deskribatuko zenuke haren egoera?
Marea jaisten denean, komun zulo erraldoi bat da. Marea jaistean, zabor pila ikus daiteke; zabortegi bat da badia hori. Tamalez, agintariak ez ziren zintzoak izan gaiari buruz hitz egitean.
%80 garbituko zutela esan zuten, eta Jokoen ondare handiena izango zela. Posible al zen hori lortzea?
Teknologikoki, bai, eta dirua bazegoen hori lortzeko. Baina, tamalez, agintariek ez zuten izan badia garbitzeko benetako interesik. Orain, krisiaren aitzakia darabilte, baina ez da egia. Agintariek badia garbitzeko asmoa izan balute, Jokoak jaso baino lehenago hasi beharra zeukaten.
Diru asko jarri zuten proiektu horretarako.
Dirua ez zen arazoa, interes falta baizik. Guanabarako badiaren garbiketa egitasmoak dirua lortzeko fabrika bat dira hiriarentzat. Badia zikina edukitzea errentagarria da. Azken hogei urteetan, funts asko jaso dira badia garbitzeko, gobernutik eta nazioarteko erakundeetatik: Munduko Bankua, Nazioarteko Diru Funtsa… Baina erabatekoa izan da eraginkortasunik eza eta inpunitatea. Funts horiek balizko errekuperazioa batentzat ziren, eta ez da halakorik gertatu.
Zein da ur kutsatuen iturria?
Oinarria hirigunearen hazkunde desordenatua da. Hiria bere ahalen gainetik hazi da. Brasilen, utopia bat dira hiri hazkunde politika orekatuak. Arazo historiko bat da, eta, hazkunde horretan, zaborrak beti ibaietan bukatzen du, eta, handik, badia eta lakuetara. Begira, olinpiar hiria Jakarepaguako lakutik gertu dago, eta hura komun zulo bat da. Alegia, arazo bakarra ez dela badia. Eta ibaiak… ibaiak hilda daude; oxigenoa behar duen ezerk ezin du han bizirik iraun.
Badu konponbiderik?
Zaila; hezkuntza kontua da. Izan ere, ez da arazo sozioekonomikoa bakarrik, kulturala baizik. Ingurumena ez da lehentasun bat Brasilen. Ez agintarientzat eta ez gizartearentzat. Agintariak gizartearen botoek jartzen dituzte hor, eta, ingurumenak arduratuko balitu, ez liekete botua emango. Riorena larria da, hiri turistikoa delako, ederra... Eta ez du bere diru iturri nagusia zaintzen; ingurumena, alegia.
Jokoek zerbait aldatu dute?
Ez, okerrera ez du egin. Kontua da orain mundu guztia hona begira dagoela, 5.000 milioi begi hona begira, kazetari pila bat etorriko dira, eta haiek euren begiekin ikusten dutena kontatuko dute. Mundu guztiko hedabideetan agertuko da Rioko zikinkeria. Esaterako, ezin da alderatu garraioan inbertitu duten dirua ingurumena zaintzeko erabili dutenarekin.
Txertoa hartzea gomendatu zenien belako kirolariei. Neguan ere bai?
Neguan ere bai. Nik txertoa hartu dut, eta nire familia guztiak ere bai. Kirolari guztiek saihestu egin behar dute badia, eta urmaeleko ura irenstea. Bela proban euria egiten badu, batek baino gehiagok hepatitisa har dezake.
Marco Moscatelli. Biologoa
«Badia zikin edukitzea diru fabrika bat da udalarentzat»
Rio de Janeiroko badia eta lakuak ikertu ditu, eta atsekabez mintzo da. Jokoen harira haiek garbitzeko emaniko hitza ez da bete, eta oso zikin daude oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu