Frantziako Eurokopa. Portugal 1. Islandia 1

Bai, bai, errealitatea da

Eurokopan debuta egin duen egunean, Islandiak oso estu hartu du Portugal, eta lehen puntua eskuratu du, Bjarnasonen golari esker

unai zubeldia
2016ko ekainaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Portugal. Rui Patricio; Vierinha, Pepe, Carvalho, Guerreiro; Danilo, Joao Mario (Quaresma, 76. min.), Andre Gomes (Eder, 83. min.), Moutinho (Renato S., 71. min.); Nani eta Cristiano Ronaldo.

Islandia. Halldorsson; Savarsson, R. Sigurdsson, Arnason, Skulason; Gudmundsson (E. Bjarnason, 90. min.), Gunnarsson, G. Sigurdsson, B. Bjarnason; Bodvarsson eta Sigthorsson (Finnbogason, 81. min.).

Golak. 1-0: Nanik (31. min.). 1-1: Bjardasonek (50. min).

Epailea. Cuneyt Çakir. Txartel horiak: Islandiako B. Bjarnason eta Finnbogasoni.

Bestelakoak. 40.000 ikusle inguru Saint-Etienneko Geoffroy Guichard estadioan.

Hirugarren minutua bete berritan Gylfi Sigurdsson arean sartu, Peperi iskin egin, eskuinez jaurti, Rui Patriciok gelditu, ezkerrez saiatu, eta atezainak erantzun berriz ere. 330.000 biztanle eskasekin Herbehereei gaina hartuta lehen aldiz Eurokopako azken fasean sartzearekin nahikoa ez eta, Islandiak lotsagabe erantzun zion atzo Portugali, F multzoko lehen jardunaldiko azken partidan. Hain lotsagabe, Nanik 31. minutuan sartutako golarekin Portugalek aurkaria baretu zuela uste zuenean, historiara igaroko den kolpea eman zuen Islandiak. Gudmundssonek eskuin hegaletik bidalitako gozokiari erantzun polita eman zion Bjarnasonek, baloiari zelaia ukitzen utzi gabe, eta Islandiaren Eurokopako lehen gola sartu zuen euskarriak.

Susto txiki bat besterik ez zen izan hasieran, Portugalek bigarren zati guztia zeukalako logika bere lekuan jartzeko. Baina herrialde txiki batek tentsioa sortu zion Cristiano Ronaldoren eskutik ia beti faboritoen zerrendan agertzen den selekzio handi bati. Lehen zatian baloia mugitzen hastea nahikoa izan zuen Portugalek Islandiaren atzeko lerroan zirrikituak agertzen hasteko. Nanik eduki zuen oso argia 21. minutuan; Cristiano Ronaldok 25.ean, Peperen pasea jasota; Moutinhok 41.ean area ertzetik egindako jaurtiketarekin...

Baina Bjarnasonek 50. minutuan sartu zuen golak are indar handiagoa hartu zuen epaileak azken txistua jo zuenean. Eta ez zen ezustekoa izan, Sigthorssonek (65. min.) eta Finnbogasonek (86. min.) aukera on bana eduki zutelako bigarren gola sartzeko. Guerreirok ateratako falta batean Nanik oso gutxigatik kanpora bidalitako errematea izan zen Portugalen bigarren zatiko aukera argi bakarra. Handiak egiten jarraitzen du Islandiak.

Hungaria, 52 urte eta gero

Marka da gero, baina 1964tik Eurokopako azken faseko partidarik irabazi gabe zegoen Hungaria. Atzo arte. Atzo nagusi izan zen Austriaren aurka (0-2), eta, ondorioz, ezerezean utzi zuen 52 urteko lehortea. Gabor Kiraly Hungariako atezainak beste marka bat ere hautsi zuen, 40 urte eta 75 egunekin Eurokopako azken fasean partida bat jokatu duen jokalaririk zaharrena delako —Lothar Matthaeusen marka hautsi zuen; 39 urte eta 91 egun—.

Aukera argiegirik sortu gabe ere, lehen zatian gehiago izan zen Austria —lehen minutuan Alabak zutoinera bidali zuen jaurtiketa—, baina erabakigarria izan zen Adam Szalai aurrelariak 62. minutuan sartu zuen gola. Lau minutu geroago epaileak bigarren txartel horia atera zion Aleksandar Dragovic Austriako atzelariari, eta 87. minutuan iritsi zen behin betiko 0-2koa, Zoltan Stieberren eskutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.