Iker Muniainek 21 urte besterik ez du. Gaztea da oraindik jokalari iruindarra. Gaztea, baina Athleticen elastikoarekin 200 partida jokatu ditu jada: 149 Ligan, hemezortzi Espainiako Kopan eta 33 Europako Ligan. Jokatu duen azken norgehiagoka, Espanyolen kontrakoa, ez zen haren oroimenean geratuko. Athleticek lehen partida galdu zuen ligan San Mames berrian, eta Muniainek aulkitik ikusi behar izan zuen norgehiagokaren zati handi bat —74. minutuan zelairatu zen Markel Susaetaren ordez—.
Muniain berezia da. Ezberdina. Jokoz eta izaeraz. Horregatik, adingabea zela nagusiekin, onenekin lehian hasi zenetik sarri eman du zeresana. Entrenatzaile, taldekide, hedabide eta zaleen ahotan egon da beti. Gehienetan onerako, baina kritikatua ere izan da. 17 urterekin taldearen zama eramateko gai izan zen lagun batek merezi ditu txaloak. Futbolari lotsagabe, ausart eta bizia da. Une txarrenetan ezkutatzen ez dena. Baloia eskatzen duena, alegia. Baina hasieran laudorioak zirenak kritika bihurtu dira denborarekin. Exijentzia maila handitu eta futbolariak berarengandik espero zena emateari utzi dionetik. Edo, gutxien-gutxienik, inguruak espero zuen langara iritsi ez delako. Horrek eragina izan du haren izaeran. Alaia, irekia eta barregarria zen gaztea hotza eta serioa da egun. Entzun dituen gauza asko gustatu ez zaizkion adierazgarri.
Jokalari bilakaera aurreikusitakoa baino apalagoa izan arren, futbolari garrantzitsua da Athleticen. Zutabe nagusietako bat da. Horregatik, haren etorkizunak kezka sortzen du Ibaiganen zein zaleen artean. Urte eta erdi eskas barru amaitu egingo da talde zuri-gorriarekin duen hitzarmena. Beraz, erabakiak hartzeko sasoia ailegatu da. Jokalaria izan da fitxa mugitzen lehena. Eta ezin esan zuzendaritzaren eta jarraitzaileen artean lasaitasuna eragin duen pausoa izan denik. Liga amaitu arte ez du ezer negoziatuko. Horrek esan gura du Josu Urrutia presidentea eta jokalaria mahaiaren bueltan esertzen direnerako jokalaria bere etorkizuna inolako katerik gabe negoziatzetik gertu egongo dela —2015ean edozein talderekin hitz egiteko aukera izango du—.
Azken aldiko aurrekariak aintzat hartuta —Javi Martinez, Fernando Llorente, Fernando Amorebieta...— asko dira txarrenean jarrita daudenak. Taldea lagatzeko asmoa al dauka? Kluba estutu eta berak espero duen kontratua lortzeko estrategia da? Edo, beste barik, futbolean baino ez du pentsatu gura? Galdera horien erantzunak Muniainek baino ez ditu. Hala ere, Oskar Tabuenka Athleticeko futbolari ohiak (Bilbo, 1971) BERRIAri honako hau adierazi dio: «Nik bi interpretazio egin ditut: batetik, jokalariak negoziazioa atzeratu izanak dudak sortu dizkit. Ez dut irudipen onik. Baina, bestetik, nik uste dut beti horrela izan beharko lukeela. Kontratuak luzatzeko negoziazioak lehiaketarik ez dagoenean egin behar dira. Denboraldian zehar hitz egiteak ez dio onik egiten futbolariari. Baina ez da sekula egiten».
Joan den sasoia oso gaitza izan zen Muniainentzat, eta denboraldion galdutako denbora berreskuratu guran ari da. Luzaroan egon den zulo beltzetik irtetea lortu du, baina horrek ez du esan gura lan aparta egiten ari denik. Ez behintzat hark taldean duen estatusa aintzat hartuta. Aldagelan pisua izateaz gain, gehien irabazten duen futbolaria da. Gaztea izanik eta kontratuaren amaieran egonda, egun duen kontratuaren baldintzak hobetu gurako du. Baina non jarri beharko luke langa Ibaiganek? Gehiengoak nahiko argi dauka: jokalari on baten gainetik eta izar baten azpitik. Angel Garitano Ondarru (Ondarroa, Bizkaia, 1950) Athleticeko bigarren entrenatzaile izandakoaren iritziz, «espero genuena baino gutxiago ematen ari da. Dohain onak ditu, baina jarraitutasuna falta zaio. Egun txarra duenean nahastu egiten da. Hala ere, Athleticentzat garrantzitsua da. Nik ez dakit zenbat irabazi gura duen, baina zuzendaritza ezin da erotu. Muniain ona da, baina ez da izarra. Klubaren ahalmenaren gainetik eskatzen badu, zuzendaritzak ez luke onartu beharko».
Ondarruk berehala arrazoitu du haren iritzia. «Urrutiaren lantaldeak beste kasu batzuetan erakutsi du mugak jarrita dauzkala. Llorentek badauka horren berri. Eta hala izan behar du. Langa goregi jarriz gero, atzetik datozenek ere eskatu egingo dute, eta horrek desoreka sortuko du».
Azken urratsa egin ezinik
Tabuenkak ere antzeko iritzia dauka. Muniainek «sasoia» berreskuratu duela iritzi dio, baina betiko gabeziak hor daude oraindik. «Azken urratsa egitea falta zaio. Magia dauka, lerro artean oso ondo mugitzen da, baina azken pasea ematea eta golak sartzea falta zaio. Jokalari on izatetik izar izatera dagoen pausoa ematea falta zaio».
Azken urratsa gol sena da. Eta horrelakorik ez dagoen bitartean, Muniain lotzeko ahaleginak mugak izan behar ditu. «Klubak ahalegina egin beharko luke Muniainen kontratua luzatzeko. Baina, ezin du neurria galdu. Futbolean, gola ordaindu egiten da. Klubak parametro batzuk ditu, eta Urrutiak argi utzi du ez direla hortik aterako. Nik uste dut Athleticek badaukala ahalmena Muniain lotzeko, baina ez dakidana da hark zein asmo duen». Auzi hori ez da kudeatzen erraza izango.
Bai, baina zeren truk?
Iker Muniainek uko egin dio bere kontratua luzatzea negoziatzeari. Sasoia amaitu arte «lasai» egon gura omen du. Erabakiak susmo txarra sortu du Athleticen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu