Azken hamarkadan laugarren aldiz maila galtzeko arriskuan iritsiko da Osasuna Ligako azken jardunaldira. Etzi Vila-realen aurka gutxienez puntu bat batu beharra dauka, matematikoki mailari eusteko —galduz gero, aurkari zuzenen emaitzen zain geratu beharko dute—, eta, egoera larrian dela ukaezina izanagatik, baikor daude jokalariak, zuzendariak zein zaleak. Dena dela, Patxi Puñal kapitainak argi utzi zuen atzo, baikor izanagatik, partida okertuz gero suspertzeko prest ere izan beharko dutela. Vila-realek ez du ezer jokoan izango, baina Juan Carlos Garridoren taldea arriskutsua da, halere.
«Klubetik zein zaleengandik iritsi zaigun baikortasuna eta kemena eskertzekoak dira, baina lehendabiziko minututik Vila-realen bila zelairatu beharko dugu. Ea azkenean festa bilakatzen den larunbateko norgehiagoka zaila, baina edozertarako prest egon behar dugu, gauza okertu ere egin baitaiteke», esan zuen atzo Osasunako kapitain Patxi Puñalek hitza hartu orduko Taxoareko prentsa aretoan.
Uhartekoa zuhur mintzatu zen, baina lasaitasuna nabari zzitzaion hitzetan, eta baikortasuna ere aldagelara hedatu dela argi geratu zen, kapitainaren hitzak entzunda: «Egoera aurrera atera dezakegula sinetsita nago, eta datorren denboraldian gozatu ere egin ahal izango dugula uste dut, baina lehendabizikoa sasoi hau ondo amaitzea da, eta horretan ahalegindu behar dugu».
Vila-realeko jokalariak oporretan pentsatzen ariko dira honezkero, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko eskubidea ematen duen laugarren postua ziurtatuta, eta txapelketa horretarako sailkapen zuzena ematen duen hirugarren postura igotzeko inolako aukerarik baitira. Valentziarekin lehia gogorra izan ostean, Unai Emeryren taldeak amaituko du hirugarren postuan azken jardunaldian, gertatzen dena gertatzen dela. Aurkariaren arriskuaz ere ohartu zuen Puñalek, dena dela. Haren ustez, «lasai zelairatu arren, zoragarri joka dezakeen taldea da Vila-real», eta hori saihesteko lehendabiziko minututik «hortzak estutu beharko dituztela» badaki kapitainak, Osasuna kementsu ikusita, oporretan pentsatzen has baitaitezke Juan Carlos Garridok entrenatutako jokalariak.
Beldurrik ez diru sariei
Nafarren aurkari zuzenen batek edo batzuk Vila-reali irabazteagatik diru sariren bat agintzea ez du baztertzen kapitainak. Nolanahi ere, ez dio garrantzirik ematen. «Talderen batek partida irabazteko ahaleginik ez egitea beste kontu bat izango litzateke, askoz larriagoa, baina guri irabaztegatik Vila-realek diru sariren bat izateak ez nau kezkatzen. Gurean soilik pentsatu behar dugu, diru sari bat baino gehiago daukagula guk jokoan». Gainera, Puñalek argi dauka «askoz hobea» dela ezer jokoan ez duen talde baten aurka jokatzea, puntuen premian dagoen talde baten aurka jokatzea baino.
Larunbateko partidarako sarrerak amaitu dira dagoeneko, eta horrek jokalariei «zirrara» eragiten diela onartu zuen. «Bizarrak zutik jarri zitzaizkidan Nafarroako Erresumaren inguruan sarrerak erosi nahian zegoen jende ilara ikusi nuenean. Zaleek gugandik espero dutena entzutea ere zirraragarria izan zen». Hirugarren partidaz jarraian Nafarroako Erresumako harmailak jendez lepo izango dira etzi gauean.
Taldeak atzo egin zuen asteko lehen lan saioa; Nelson eta Masud izan ezik, jokalari guztiak prest ditu Jose Luis Mendilibarrek larunbateko lehia garrantzitsurako.
Baikortasuna nagusi
Osasunako jokalariak itxaropentsu daude Vila-realen aurkako partidari begiraLarunbatean «edozertarako prest» egon behar dutela ohartarazi du Patxi Puñalek, norgehiagoka «okertu» egin daitekeelako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu