Neguko paralinpiar jokoak Sotxin. Euskal kirolariak

Baikortasuna taula gainean

Sotxin izango du estreinako aldiz tokia snowboard kirolak neguko paralinpiar jokoen egitarauan. Kirol horretako snowboardcross proban ariko dira Urko Egea donostiarra eta Aitor Puertas oiartzuarra.

Urko Egea eta Aitor Puertas, denboraldi honetan jokatutako proba batean. BASQUE TEAM.
Julen Etxeberria.
2014ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Urko Egea (Donostia, 1980) eta Aitor Puertasen (Oiartzun, Gipuzkoa, 1987) kontaketek abiapuntu bera dute, zorigaiztoko abiapuntua: moto istripu larri bat, eta ondorio larriak. «2006ko urtarrilean izan zen, 25 urte nituela. Tibiarekin jo nuen bi errepideak banatzeko metalezko babesa. Lesioak oso larriak izan ziren, eta eskuin hanka ebaki zidaten belaunetik behera. Gaitz erdi, urtebetez egon nintzelako ospitalean, gutxienez belauna salbatu ahal izateko. Azkenean, lortu genuen, baina jarraian infekzio bat izan nuen, eta bi urtez egon nintzen gero ibili ezinik». Egearena da kontaketa.

Ez da samurragoa Puertasena. «2010eko azaroan izan zen. Lanaamaitu, eta futbolean entrenatzera nindoan kontrako bidean zetorren auto bat nire bidera etorri eta zuzenean jo ninduenean. Kolpeak gorputzaren ezkerraldea txikitu zidan: hanka, aldaka, ukondoa, eskua, kokzixa... Bi egunez egon nintzen koma eragindakoan, zazpi ZIUn, eta 42 ospitalean. Bost ebakuntza egin zizkidaten tartean. Azkenean, ezker hanka ebaki zidaten, belaunaren gainetik hasita. 23 urte besterik ez nituen».

Kontaketa gogorrak dira biak, baina kontaketaren gordintasuna ia desagertu egiten da haiek entzundakoan. Natural-natural kontatzen dute, inolako ukitu dramatikorik eman gabe. Hala, natural egin diote ere aurre bizitzak jarritako erronkari. Natural, eta baikor. Baikortasuna dira biak, hezurmamitua. «Noski, izan ditut nire buru janak, baina psikologikoki nahiko indartsua izan naiz, baita lehen unetan ere», aitortu du Egeak. Puertasek «hitzez hitz» sinatzen du lagunak esandakoa.

Askori gainean eroriko zitzaion mundua. Ez haiei biei. Ospitalera iritsi orduko hasi ziren aurre egiten erronkari. «Ni jada snowboardzale amorratua nintzen. Hala, ospitaleko logelara iritsi orduko, paretak bete nituen ni elurretan jauziak egiten ateratzen nintzen argazkiekin. Eta logelaz aldatzen nindutenean, hor joaten nintzen argazkiak besapean. Ardura ia bakarra nuen: ea berriz taula batera igo ahal izango nintzen. Sekulako matraka eman nien medikuei», gogoratu du Egeak.

Puertas ere ez zen geldirik geratu ospitalera iritsitakoan. «Ipurterrea naiz», aitortu du lotsagabe. Kirolzale sutsua ere bada. Futbola, pala, tenisa, atletismoa... denetarik egiten zuen istripua izan aurretik. Snowboarda ere bai, baina gutxi, «urtean bospasei aldiz-edo, lagunekin, ipurdiko handiena nork hartu ikusteko». Istripua izan ondoren, ordea, snowboardean murgildu zen buru-belarri. «Oso argi nuen kirola egiten segitu nahi nuela, eta galdera bat egin nion neure buruari: non izan naiteke lehen baino hobea edo antzekoa? Argi zegoen futbolean, atletismoan eta tenisean ezinezkoa zela. Bada, snowboarda aukeratu nuen».

Bideo bateko 'eroa'

Kito. Snowboardak lotzen zituen jada Egea eta Puertas. Ez batak ez besteak ez zuen bestearen berri. Puertasek izan zuen lehenbizi Egearen berri. «Snowboarda egin nahi nuela erabaki nuenean, sutan jarri nuen ordenagailua elbarritasunen batekin snowboarda egiten zutenen bideoak ikusi eta ikusi. Eta hara, hor topatu nuen Urko Egea izeneko ero bat. 'Hau ezagutu beharra daukat' pentsatu nuen. Erraza izan zen, kasualitatez nire lagun bat haren lankide baita. Hitzordua egin genuen; esan nion oraindik osatzen ari nintzela, baina behin osatutakoan buru-belarri sartu nahi nuela mundu horretan». Egeak ere ez du ahaztu lehen harremana. «Sekulako gogoa eta ilusioa zuen».

Ordurako Egeak denbora zeraman lehiatzen. Aurretik, ordea, direnak eta ez direnak egin zituen protesi apropos bat lortu nahian. Frantzian topatu zuen azkenean, Grenoblen. «Egunerokorako erabiltzen dudanarekin alderatuta, oina da lehiarako protesiak duen bereizgarri nagusia. Aire bidezko suspentsio bat du, eta, horri esker, orkatila toles dezaket, eta eskiatu». Ez du ahaztu protesia estreinatu zuenekoa. «Nire bizitzako egunik zoriontsuenetakoa izan zen. Lehen bezala jaisten nintzen ia. Ezin nuen sinetsi».

Egeak ez bezala, Puertasek ez zuen erotu behar izan protesia lortu ahal izateko. Laguntza izan zuen, lagunarena. Ez zen harengandik jaso zuen lehenbiziko laguntza, hark ere gomendatu zion bere ortopedista. Hark ere esan zion 2012ko urte amaieran Espainiako selekzioak aukeraketa proba batzuk egingo zituela. Han aurkeztu zen, protesi erosi berriarekin. Azkar jaso zuen kolpea: urtebete barru itzultzeko esan zioten. Lagunarengana jo zuen berriz ere. «AEBetara joateko esan nion, Utahra, onenekin aritzera».

Esan eta egin. 2013ko urtarrilean iritsi zen AEBetara Puertas, ingelesez ia jakin gabe. Urtebete besterik ez zuen helburua lortzeko: Espainiako selekzioan sartu, eta Sotxiko Neguko Paralinpiar Jokoetarako sailkatu. Eta lortu du, urtebetez etxetik milaka kilometrora egonda eta bere patrikatik dena ordainduta. Sotxin dago, «irribarrea aurpegitik kendu ezinik». Laguna du ondoan eta gogoan. «Harengatik nago hemen. Berak egin du bidea, ni haren arrastoan noa». Egea ere oso pozik dago,laguna ondoan izanda. «Badirudi atzo erosi genuela elkarrekin Interneten haren protesia. Aitor gai izan da hona iristeko bi urte eskasean. Oso ausarta izan da, eta ilusio handia izan du beti».

Aurrera egin daitekeelako

Egea eta Puertas datorren ostiralean lehiatuko dira Sotxin, snowboardcrossean (07:00). Egea pozik legoke lehen hamabosten artean sailkatuta. Helburu apalagoa du Puertasek, lehen 25en artean egotea. Helburu apalagoa bai, baina meritu handiagoa ere bai. Izan ere, lehen aldiz jokatuko da snowboarda paralinpiar jokoetan. Eski alpinoko proba gisa jokatuko da, eta elkarrekin ariko dira parte-hartzaile guztiak, haien elbarritasunak kontuan hartu gabe. Horregatik, Puertas pozik legoke haren elbarritasun bera dutenen artean lehen hiruen artean egonda. «Ez da justua», dio. Halere, ez du horrekin itsutu nahi. «Esperientziaz gozatu nahi dugu, eta gure egoera berean daudenentzat eredu izan. Ikus dezatela baikor izanda egin daitekeela aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.