Ñabardurak. Garaipena da kirol talde eta jokalari profesionalen azken muga. Garaipenak kirol arrakasta lortzeko. Garaipena lehenetsi beharko litzateke beste guztiaren gainetik, nola lortzen den erreparatu gabe, baina gutxitan gertatzen da halakorik. Gauzak beti ondo egitea da helburua. Konformagaitz, Gasteizen, Menorcari irabazi eta lidergoan bakar-bakarrik egon arren. Pozik Bilbon, Granadan lortutako garaipenari esker zortzi onenen artean daudelako berriz, baina zalantza franko taldeak dituen gabeziak bere horretan mantentzen direlako. Zer esango dute Donostian, Valentziak Lagun Aro hankapean ibili ostean? Horixe dela errealitatea. Errealitate gordina, Valentziak talde bikaina duelako. Agian errealitate gordina da Gasteizen eta Bilbon gertatzen dena. Baskoniak daukana dauka, eta lider bada ere, ez dago bere onenean. Bilbon aldaketaz aldaketa dabiltza. Pentsatutakoa lortzeko komeriak dituzten seinale.
Asko eta ona. Valentziak daukana. Zaila da ulertzen talde horrek eduki duen liga hasiera eskasa, baina izan dituen aurkariei errepasoa egin eta zalantza argitzen hasten da: Baskonia, Real Madril, Bartzelona, Joventut... Svetislav Pesicen taldeak hankapean ibili zuen Lagun Aro, donostiarren erasoko baliabide oro ezeztatuz: blokeoa eta jarraipena, Baronentzako jokaldiak... Claverrek defentsa aparta egin zion Pankori, eta Pietrusek eta Javtokasek ere agerian utzi zituzten Doblas, Miralles eta Konek defentsan dituzten zuloak. Partida atarian Pietrus eta Javtokas erasoan baldar hutsak zirela esaten zuenik ez zen falta prentsako gunean... Lagun Arok bigarren porrota du jarraian, eta Badalonara egingo du bidaia igandean. Une zaila da, baina gauzak neurrian aztertzea komeni. Illunberaino joan ziren 8.000 zaleak bezala. Musu truk eman zuten elastiko urdinarengatik izango zen, edo berogailua jarri eta epelerako zegoelako, baina pabiloira lehen aldiz joandako askok hara bueltatzea merezi ote duen galdetuko diote beren buruari, ikusitakoa ikusita. Erantzuna: bai!
Akatsek lehengoan diraute. Akatsei izenak jartzea gogorra da, bidegabea agian, baina entrenatzaileak berak izen horiek zeintzuk diren iradoki ostean, publiko egin daitezke. Javi Rodriguezek bi puntuko balorazioa lortu zuen Granadan, Chris Warrenek -2koa, eta Hernandez-Sonsecak -1ekoa. Rodriguezek hamabi minutu jokatu zituen, eta Warrenek eta Sonsecak bosna. Tarte horretan asko ezin dela egin egia da, baina denboraldiko zenbakiak antzekoak dira, eta bederatzi partida jokatu dira jada. Haien lanpostua airean dago. Ez dira errudun bakarrak. Jackson ere espero baino okerrago ari da, baina fitxaketa garestiena da. Taldearen jardunari buruz ere hitz bi. Hotz, izoztuta kantxaratzen jarraitzen du, eta asko sufritzen du ondoren markagailuari buelta emateko. 47 puntu hartu zituen Bilbo Basketek lehen zatian, 28 bigarrenean. Epaileek azken minutuan hartu zituzten erabakiak ere mesedegarri izan ziren bizkaitarrentzat. Ez da beti hala izango.
Ikusi, entzun eta ikasi. Delirium Tremens musika taldeak 80ko hamarkadaren bukaeran egindako abesti ezagunari buelta eman dio Dusko Ivanovicek. Menorcaren aurka bere taldeak egindakoa ikusi zuen aurrena. Mezu garbia bezain ozena bidali ondoren jokalariei: nagusia, akatsetatik ikas dezatela. Baskoniako entrenatzaileak haserre hitz egin zuen, lekuz kanpo ikusten duelako taldea, beste askok bezala. Sufritu behar ez lukeenean sufritzen, erraztasunak eman behar ez lituzkeenean ematen. Badakielako taldeak antzera jarraituz gero jai duela, eta askok espero baino azkarrago. Baracek oso partida ona egin zuela bota zioten. Hona erantzuna: «Bai, egia da, baina Stankok aurrerantzean jokatu behar du gaur bezala, eta haren taldekideek ere bai».
Bainak edo errealitatea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu