Baionak gaur hasiko du Europako Challengea, Italiako Rovigo hirian (15:00). Badira bizpahiru urte Baionak diola Europako bigarren lehiaketa serio jokatu nahi dutela. Iragan sasoian hobekuntza nabaritu bazen ere, oraindik ez da sailkatu final-laurdenetarako. Aldi honetan, Christian Gajanek dio final-laurdenak direla helburua.
Gajan Baionara etorri denetik, ezohiko hamabosteko gutxiago ikusten dira Europako Challengean. Duela sasoi batzuk ia lagunarteko gisa hartzen zituen partida horiek Baionak. Orain, ordea, horrelakorik ez da gertatuko. Rovigo talde apala izanik ere, pisuzko jokalariak eraman ditu Gajanek. Tialata eta Heymans hasieratik ariko dira, eta Rokocokok estreinako partida izanen du xuri-urdinez jantzita.
Jokalari handi horien ondoan, harrobiko gazteak ere hor izanen dira. Sasoi honetan lehen aldiz, Carillo eta Ugalde hasieratik ariko dira. «Orain arte ezin izan ditut gazteak nahi bezala taldean sartu. Lesioak tarteko, gazte anitz batera aritu dira. Nire asmoa eskarmentuko jokalariz inguratuta zelairatzea zen. Orain hori egin dezaket», zehaztu du Gajanek.
London Waspsen arriskua
Lehen partida honetan zailtasun handirik ez luke ukan beharko Baionak irabazteko, eta helburua erasoko puntua ere lortzea da. Hala ere, multzoko gainerako taldeak ez dira batere samurrak izanen. Tartean, London Wasps Heineken kopako txapeldun ohiaren izenak sona handia izanen du. Ingelesak izanen dira baionarren arerio handienak multzoko lehen postua lortu eta final-laurdenetarako sailkatzeko.
Ingelesekin batera, Bordele-Begle izanen da multzoko beste taldea —Bigarren Mailatik igo berria da—. Bordelekoak uste baino hobeto ari dira Top14an —hamargarren dira—. Halere, jokalari talde murritza dute, eta haien lehentasuna Top14a da.
Errugbia. Heineken kopa: Ospreys-Miarritze
Baionak, oraingoan bai, neurria hartu nahi dio Challenge kopari
Christian Gajanek final-laurdenetara iristea ezarri du helburu gisa, eta gazteei konfiantza emanen die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu