Bakea eta...

Gaizka Garmendia.
2009ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Bakea eta maitasuna azken aste honetan askotan entzun eta irakurri dut. Kontxaren ajearen ondoren, aste nekagarria izan dugu guztiok, baita zurrumurruz betea ere. Ia dena amaituta dagoenean ez da erraza entrenatzera joatea. Eta zer esanik ez bat-batean negu gorrian sartu garen honetan. 20:00etarako ilunduta. Euria, haizea eta hotza ere bai. Neguko entrenamenduen antza izan dute aurreko astekoek... Pentsa, ilunpetan ibiltzeko argia ere bitan jarri behar izan dugu! Halako batean iritsi da asteburua, eta jokatu ditugu azken bi estropadak. San Miguel ligak baino oihartzun handiagoa izan dute kanporaketek. Datorren urtean galiziar bat eta sei gipuzkoar. Baionatik Baionara ez ote da Hondarribitik Santanderrera mugatuko?

Igandeko estropadan tensio handia izan zen, handiegia. Balizak jartzen nahikoa lan izan zuten -eskerrak lan hori egiteko ligak soldata jartzen dien-, txanda guztiak atzeratu egin ziren, iritsi ginen irteerara eta giroa berotzeko lehen sorpresa: «San Pedro advertencia por llegar tarde a la salida». Makina bat bider beranduago iritsi izan gaituk eta dituk ba! Bigarrena: non da baliza? Irteeratik baliza aldera begiratu eta bidean haitzak eta ibai bazterra. Hau nola dago? Bat-batean hirugarren ustekabea: beste talde bateko zodiaketik epailerari garrasika: «A San Pedro: Descalifícalos!» Bolborari su emanez gero, lehertu egiten omen da; gureetako hainbat ere bai. Epailea garrasika estatxa hartu ezean kanporatu egingo gintuztela! Laugarrena: prest egon gabe bandera zuria eta irteera ematen hasi ziren... hasi egin behar! Hasi ginen bai, baina garaia baino lehen. Bazen iseka eta zalaparta, gorrien artetik zetozen gehienak.

Zer ote da arrauna istilurik gabe? Ez dakit, baina ez nintzen batera gustura geratu gertatutakoarekin. Maitasuna falta ote dugu arraun munduan?

Aurtengoa bukatu da, eta denboraldiaz oso gustura eta harro nago. Orain oporrak eta atsedena. Batzuek arraunaz nazka-nazka eginda daudela esango dute, beste batzuk hurrengoa noiz iritsiko irrikaz zain, telefonoak noiz joko zain ere egongo dira... Datorren urtean maitasuna ala bakea, inork ba al daki?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.