«Egongelan jartzeko, Itzuliko garaikurra falta zitzaidala esaten zenuten denok, eta, tira, lortu dugu azkenean». Nekatu aurpegiarekin, tentsioaren ondorengo lasaitasunarekin eta oso gustura zegoen atzo Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi) Euskal Herriko Itzulia irabazi berritan. «Bakean nago neure buruarekin eta zaleekin», esanez hasi zuen azalpena. «34 urte berritan lortu dut gehien kostatzen ari zitzaidan garaipena. Beti egon naiz irabazteko zorian, eta geure txanda zen jada». Sasoiz «aurreko urteetan baino pixka bat hobeto» iristea izan da gakoa,espainiarraren hitzetan.
Estua izan zen erlojupekoa. «Teknikoa zela aipatzen zuten denek, baina ordekan alde handia lor zitekeen». Tony Martinen (Omega Pharma) erreferentziak gertutik zainduz osatu zuen ibilbidea Sanchezek. «Bosgarren kilometrorako hogei bat segundoren aldea neukan, baina ordekako zatian tarte asko jan dit. Azken zatian, berriz eskuratu ahal izan ditut 15-20 segundo horiek». Etapa garaipena ez omen zeukan buruan. «Itzulia irabazi nahi genuen, eta garaipena ziurtatzen ahalegindu gara».
Garai larri samarra igarotzen ari da Euskaltel-Euskadi, ez baitago argi datorren denboraldian tropelean jarraituko duen edo ez. Horregatik, Miguel Madariaga taldeko manager nagusiarekin gogoratu zen bereziki espainiarra. «Berari esker da proiektu hau World Tourreko zaharrena. Ni baino are gehiago poztuko zen, ziurrenik. Bere garaian eskua luzatu zidan Miguelek, eta heldu egin nion nik, baina lanari esker lortu ditut garaipenak».
Taldearen egoerari dagokionez, oraindik ezer ez dakitela azaldu zuen Sanchezek. «Hori bai, Tourrera joaterako egoera argituta egotea gustatuko litzaidake. Hilabete, hilabete eta erdiren buruan erabakiren bat hartuta egotea espero dut». Erretiroa «talde honetan» hartu nahi duela berretsi zuen. «Kirol proiektua diruaren gainetik dagoelako askotan». Euskaltel-Euskadin une honetan duten egoera «gehiagotan ere» izan dutela nabarmendu zuen. «Txirrindulariok pedalei eragin behar diegu, emaitzak lortzeko». Proiektua sortu zenetik «sasoi hasierarik onena» egiten ari dira, Sanchezen ustez. «Voltan etapa garaipen bat eta bigarren postua lortu genuen, eta Itzulian, bi etapa eta erregulartasuna ere irabazi ditugu, sailkapen nagusiaz gain».
Taldekide guztiak gogoan
Hobeto aritzea «ezinezkoa» dela uste du Sanchezek. «Proiektu honetan sinesten jarraitzeko nahikoa arrazoi ematen ari gara babesleei. Ezinezkoa zirudien etxeko Itzulia irabazteak, baina lortu dugu». Taldekideak ere gogoan izan zituen taldeburuak. «Kontuan eduki behar da, aurrekontuari dagokionez, talde txikia dela gurea. Batzuek 15-20 milioi euroko aurrekontua daukate, eta txirrundulari handiak fitxatzen dituzte. Baina gu gai izan gara megatalde horiei aurre egiteko». Garaipenaren atzean «taldekide guztien ahalegina» dagoela azpimarratu zuen Sanchezek. «Momentua biziz» gozatu egin zuen espainiarrak atzoko garaipenarekin.
Euskal Herriko Itzulia. Eguneko adierazpenak
«Bakean nago neure buruarekin»
Samuel Sanchez pozik azaldu da, «gehien» kostatzen ari zitzaion garaipena lortuta, eta Madariagari eskaini dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu