Bakoitzak berea...

Estudiantesen aurka bukatuko du liga Bilbo Basketek; Baskoniak Lagun Aro hartuko du Gasteizen (19:00)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
...eta gero gerokoak. «Zertarako galdu denbora kalkuluak egiten, kalkulu horiek alferrikakoak baldin badira». Fotis Katsikarisen hitzak dira, asteartean BERRIAri emandako elkarrizketan esandakoak. Gerta bailiteke, Bilbokoek kalkulu batzuk egin postu jakin batean sailkatzeko, eta gero, beste emaitzen erruz, kalkulu horiek haizeak eramatea. Bilbo Basketek bosgarren edo seigarren izan nahi du, eta, horretarako, garaipena lortu behar du Madrilen, Estudiantesen aurka (19:00). Irabazten badu, ziurra du seigarren postua. Bosgarren koskara ere irits liteke, Kanaria Handiak Granadan galduz gero. Euskal derbia izango litzateke orduan final-laurdenetan.

Titulua lortzeko lehen kanporaketan zein aurkari egokitu eta hurrengo urtean Eurokopa txapelketa jokatzea daude auzitan. Real Madril, Valentzia edo Baskonia izan ditzake aurkari Katsikarisen taldeak. Madrilen galdu eta Fuenlabradak etxean irabazten badu, Real Madril izanen du aurkari. Estudiantesi irabazten badio, aldiz, Valentzia. Bosgarrena bada, Baskonia. Zein nahi du Bilbo Basketek? Valentziak dirudi zailena, baina... Kanaria Handiak ere Granadan bete-betean ez ahalegintzea bila dezake, Baskonia saihesteko. Denetarik gerta daiteke, eta gauzak horrela, itxarotea onena.

Ziurra da Bilbo Basket garaipena lortzeko asmoarekin kantxaratuko dela Madrilen. Seigarren postu horrek 2011-2012ko sasoian Europan jokatzeko txartela ziurtatzen du, baina zazpigarren postuak ez erabat. Hurrengo denboraldian Euroliga eta Eurokopa txapelketetan jokatzeko kuotak ez daude guztiz erabakita, eta hortik Madrilen garaipena lortzeko interesa.

Misterio bat da partida nondik nora joan daitekeen. Zaila da Estudiantesek zer jarrera erakutsiko duen asmatzea. Ez dauka ezer jokoan, baina pentsatzekoa da zaleen aurrean itxura ona emanda agurtu nahiko duela. Litekeena da partida hasierak erakustea zer gerta litekeen, eta hor nagusitzen saiatu behar du Bilbo Basketek. Indartsu hasi, eta partida hausten hasten asmatzen badu, Estudiantesek nekez egingo du muturreko ahaleginik partidan sartzeko. Kasu horretan etxeko lanak eginak edukiko ditu Bilboko taldeak. Bizkaitarrek partida bukatu eta berehala jakingo dute zein talde izanen duten aurkari, eta astelehen eguerdian zehaztuko da final-laurdenetako egutegia.

Derbia Gasteizen

Gasteizen ere ordu berean hasiko da sasoiko azken euskal derbia (19:00, ETB 1). Baskoniak hirugarren postua lortzeko aukera duelako jarri dute beste dema guztiekin batera, baina aukera hori eta batere ez, gauza bera. Izan ere, berak irabazteaz gain, Valentziak Manresaren aurka etxean jokatu behar duen partida ere galdu behar du, arabarrak hirugarren koskaraino igo daitezen, eta zaila dirudi halakorik gertatzea. Besteak beste, hirugarren postuak sari potoloa duelako: Bartzelona final handira arte saihestea.

Derbia bi aste atzera jokatutako Euskal Koparen errepikapena da, eta ez harritu gaurko demak ordukoaren bilakaera bera baldin badu. Baskoniak pausoan jokatu zuen lehen zatian, Lagun Arok horretara behartuta, baina bigarrenean Baskoniak hankapean ibili zuen Donostiako taldea. Baliabideetan aberatsago, urtzen joan zen Lagun Aro, eta Pablo Laso entrenatzaileak ahalegin berezia eskatu die jokalariei, itxura hobea emanez agur daitezen: «Taldeko zaleek merezi dute, eta 13. garaipena lortu eta joan den sasoiko kopuru bera berdintzeko aukerarekin bukatu nahi nuke lana».

Baskonia beste egoera batean dago. Euroligatik kanporatu zutenetik titulua lortzeko kanporaketak prestatzeari ekin dio, eta hori lortzeko bidean iritsi dira bi fitxaketa. Vladimir Ragicevic hegalekoa, aurrena, eta Milton Palacio joko antolatzailea, ondoren. Estatubatuarra asteartean iritsi zen Gasteizera, baina lehiaketa erritmo ona du, joan den asteburura arte Kavala taldearekin jokatu baitzuen Greziako ligan. Baskoniak badaki aurtengoa bide zailagoa izango dela, gauzak ondo Kanaria Handia eta Bartzelona gainditu beharko dituelako, finala jokatu nahi badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.