Bakoitzari berea dagokio

Tiranek irabazi du Castron San Miguel ligako hamabosgarren estropada, normaletik gutxi izan duen lehianAzkeneko txandakoak erlojuaren aurka aritu dira, baliza bat mugitu egin delako

Bakoitzari berea dagokio.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Urtero izaten da arraun munduan estropada istilutsuren bat, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Atzo egokitu zen, Castron (Espainia), San Miguel ligako hamabosgarren jardunaldian. Kanpoko baliza bat mugitu egin zen, eta azkeneko txanda jokatu aurretik hartu zuten erabakia epaileek: txanda hori erlojuaren aurka jokatzea, binaka, beste biak ez bezala, baliza hori ezin izan zutelako bere lekuan jarri. Ordurako, handia zen atzerapena, eta azkeneko txandakoek denbora askoitxaron behar izan zuten lehian aritzeko. Tiranek irabazi zuen, azkeneko txanda horretako azkarrena izan zelako, Urdaibai, Kaiku eta Hondarribiaren aurretik.

Horra atzokoaren laburpen azkarra. Baina gauza ez da hor geratuko. Halako egun zalapartatsuetan gertatzen den bezala, soka luzea ekarriko du atzokoak. Batetik, talderen batek edo bestek estropada bertan behera lagatzeko eskatuko dute, errekur- tsoen bidez. Lehen bi txandakoek arrazoi osoa dute horretarako, baldintza ezberdinak izan zituztelako azkenekoen aldean. Epai bidea hartuz gero, atzoko emaitzekin zer gertatuko den denborak esango du. Bestetik, hari horri tiraka, gauzak bere bidetik atera- tzeko joera izaten da. Garaileari meritua kentzekoa, alegia. Eta Tiranek ez du horrelakorik merezi. Beste hiru ontzirekin batera aritu zen erlojuaren aurka, eta hirurei irabazi zien, aurten lortu duen lehen bandera astinduz. Bakoitzari berea eman behar zaio.

Emate horretan, estropadaren antolakuntzari ere jasotzea tokatzen zaio. Eguraldia traketsa zen, hori ezin da ukatu, haizeak indar handiz jotzen zuelako, eta balizak mugitzea gerta daitekeen zerbait delako. Baina ardurak hartu egin behar izaten dira, eta Castroko klubarena zen atzokoa taxuz egitea. Epaileei ere dinbi eta danba emango zaie. Oker aritu zirela, beste erabakiren bat hartu behar zutela, ez zutela... Araudiak hor daude, eta klubek ikusiko dute zer egin orain, epai bidea irekita dutelako.

Beste txandetan, lehia estua

Balizarena gertatu aurretik, bi txanda jokatu ziren, eta horien lana ere hor dago. Bietan izan zen lehia estua garailea zehazteko.Aurrenekoan, Pedreñak bi segundo eskas atera zizkion Portugaleteri. Zierbena gertu zuten, eta Zumaia oso urrun. Ondorioa: zumaiarrek jaitsierako kanporaketa jokatuko dute, gaur, Portugaleten (12:00) gertatzen dena gertatzen dela.

Bigarren txandan, sekulako borroka izan zuten San Juanek eta Astillerok. Azkenean, pasaiatarrak nagusi, azken txanpan, estropada osoan espainiarren atzetik joan eta gero. Castro sartu zen gero, San Pedro ondoren, oso atzean. Sailkapen nagusian, ondorioak utzi zituen atzokoak: San Juanek aurrea hartu dio San Pedrori, eta Astillerok sendotu egin du zortzigarren lekua, Portugalete atzean utziz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.