Eskalada

Balerdi hegoaldeko gandorretik (IV)

Balerdi hegoaldeko gandorretik (IV).
Balerdi hegoaldeko gandorretik (IV).
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun

Aralarko Malloak Araitz ibarraren gainean zintzilikatutako larreei deitzen zaie, nahiz eta gaur egun izen hori Araitz ibarra mendebaldetik ixten duen zirku osoari deitzeko hedatu den. A-15 autobidetik begiratzen badiegu, Araitz ibarrera amiltzear dagoen olatu erraldoi baten itxura dute. Malloak osatzen dituzten mendietatik, Balerdi edo Mallozar da ikusgarriena, eta haren hegoaldeko gandorra mendizale-eskalatzaile askoren jomuga izan da.

Azkarate eta Gaintza herrietatik irits daiteke gandor horren oinera, oso nabarmena ez den bide bati jarraituz. Gandorra eskalatzeko, gomendagarria da 60 metroko sokak, friend eta artaka-trabagailuen sorta bana, 8-10 express zinta eta tamaina ezberdinetako zinta uztaiak eramatea; azkeneko horiek bereziki, harkaitz zubi asko dago eta.

Lehenengo luzea, 60 metro, III+/IV. Zuhaixka bat erdian duen horma bat eskalatuko dugu gandorrera igotzeko. Behin gandorrera iristean, zailtasunak amaituko dira.

Bigarren luzea, 40 metro, II. Trantsizioko luzea. Bilgunea orratz batean muntatuko dugu.

Hirugarren luzea, 25 metro, IV. Gandorrari zailtasuna ematen dio. Diedro itxurako bat eskalatuko dugu —IV, eskuinetik saihestuz gero errazagoa da—, beheko zatian harkaitz trinkoa eta goian askea duena. Bilgunea diedroaren gainean eta ezkerrean dagoen erlaitz zabal batean muntatuko dugu. Bilgune horretatik 50-70 metro ibili beharko dugu laugarren luzera iristeko.

Laugarren luzea, 25 metro, III+. Diedro itxurako bat eskalatuko dugu, bilgunea horren gainean muntatuta.

Hemendik aurrera, zailtasun guztiak amaituko dira, eta ez dugu inongo arazorik izango gailurrera daraman hego-ekialdeko gandorrera iritsi, eta handik gailurrera erdi oinez iristeko.

Jaitsiera Balerdira doan ohiko bidetik egingo dugu, Astunaldeko lepoan hegoaldera doan bideari jarraituz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.