Errugbia. Munduko Kopa

Baloi bat, bi hemisferio

Bihar hasiko da, Zeelanda Berrian, Munduko Errugbi Kopa. Etxekoek, All Blacks-ek, lehiaketa irekitzeko ohorea eta presioa izanen dute, haiek baitira faborito nagusiak.

Zeelanda Berriko jokalariak haka dantzatzen. BERRIA.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Hilabeteak dira errugbiaren munduak une honen zain zegoela. Lau urte luzeren ondotik, bihar hasiko da, Aucklanden (Zeelanda Berria), Munduko Errugbi Kopa. Etxeko selekzioak, Zeelanda Berriak, lehiaketa irekiko du, Tonga uharteen aurkako partidarekin (10:30). Lehen partida hori hilabete eta erdiko maratoiko lehen pausoa izanen da. Azkeneko urratsa urriaren 23an emanen dute finala jokatuko duten bi selekzioek: egun horretan jakingo da zein den munduko selekziorik indartsuena. Aucklanden hasi eta amaituko da Munduko Kopa, eta tartean 48 neurketa jokatuko dira Zeelanda Berriko hamabi gunetan.

Errugbia ez da mundu zabalean beste kirol batzuk bezain hedatua, eta, ondorioz, errugbiaren mundua mundu txiki eta berezi bat da. Bi hemisferioetako kontua da errugbia: britainiar uharteek eta Frantziak edo Italiak ekartzen diote ipar hemisferioko bermea; Pazifikoko uharteak, tartean Australia eta Zeelanda Berria, eta Hegoafrika dira hego hemisferioaren ordezkari. Pisuzko selekzio horien ondoan, selekzio berri anitz daude, errugbian finkatu nahian. Europako ekialdeko Errusiak, Errumaniak eta Georgiak, esaterako, haien gorputz sendoentzako moduko jokoa topatu dute errugbiaren indar eta exijentzian. Kirol tradizioa duten beste herri handi batzuk (Argentina, AEBak, Japonia..) kirol berri horretara egokitzen saiatzen ari dira.

Errugbiaren mundua tradizio handikoa da, eta Munduko Kopak zapore berezia izanen du. Selekzio historiko gehienek ezizen, erritual, maskota jakinak dituzte. Australiarrak walabiak dira, hango kangurutxoaren irudiko, eta hegoafrikarrak antilope jauzilariak. Europan, frantziarrek oilarra dute ikur; irlandarrek, hirusta; ingelesek, arrosa; eta galesek, porrua. Baina errugbiaren mitologiaren sinboloa Zeelanda Berriko All Blacks dira, haien elastiko beltz eta haka borroka dantza famatuarekin.

Zeelanda Berrira joanez, errugbiaren lurraldera doa Munduko Kopa. Kirol moderno gehienak bezala, errugbia Ingalaterran asmatu zen, eta haren inperio zaharrean hedatu zen gehienbat. Hala ere, hodei zuri luzearen herrian erlijioa da errugbia, eta herri oso batek Zeelanda Berriaren garaipena igurikatzen du. Hala, bigarren aldiz hartuko du herrialde horrek errugbiko txapelketa nagusia. Orain 24 urte egin zuen estreinakoz, Australiarekin batera antolatu zuen Munduko Kopako lehen ekitaldian. Pisuzko eta tradizio handiko selekzio horien ondoan, beste selekzioek freskotasuna eta haize berria ekarri nahiko diote Munduko Kopari.

A multzoa



Bi selekzio klasiko parez pare

Noski, Zeelanda Berria izango da berak antolatutako Munduko Kopa honetan multzoburu ateratzeko hautagai nagusia. Dena du, eta gabezia oso gutxi. Hala ere, Frantziarekin lehiatu beharko du A multzoan. Frantziarren eta All Blacks-en arteko lehiak klasiko bihurtu dira Munduko Kopan. 1999an (43-31) eta 2007an (20-18) Frantziak ezustea eman zuen Zeelanda Berriari nagusituz. Geroztik, All Blacksek konplexu bat daukate Frantziarekin. Historian, bi selekzioen arteko norgehiagokek partida historikoak utzi dituzte, 1979an edo 1994an adibidez, eta goi mailako partida izanen da bien artekoa. Tonga uharteak Frantziari bigarren postua kentzen entseatuko dira, final-laurdenetako sailkapena lortzeko. Kanadak eta Japoniak, berriz, itxura ona ematea izango dute helburu.

B multzoa



Ingalaterraren lehiakortasuna

Bigarren multzoak orekatua dirudi: Ingalaterra ez da oso fin ibiliazken urteetan; Eskoziak gazte onak ditu; eta Argentinak hirugarren bukatu zuen orain lau urte. Hala ere, harritzekoa litzateke Ingalaterra huts egiten ikustea. Txapelketa handietako taldea da arrosaren hamabostekoa, eta horren erakusgarri da azken bi urtean izaten ari den hobekuntza—Sei Nazioen torneoa irabazi du aurten—; udako prestaketa partidetan, oso ongi ibili da. Eskozia ere bere mailan ibili da, eta zaintzeko talde bat izanen da. Galdera handiena Argentinaren inguruan jarrita dago. 2007an sekulakoa lortu zuen, eta oraindik ere pisuzko jokalariak ditu. Hala ere, gain behera doa azken urteetan. Aitzinean jokalariak arraberritzen ez du asmatu, eta Mario Ledesma (38 urte), Rodrigo Roncero (36 urte) eta Martin Scelzo (35 urte) jokalariek oraindik ardura handia dute selekzioan. Juan Martin Hernandezen falta ere sumatuko du Argentinak, Racing Metro Top 14ko taldeko jokalaria min hartuta baitago. Halere, Hego Amerikako taldeak badakilehiatzea zer den, eta oraindik atzapar zorrotzak dituztela erakutsi nahiko dute pumek. Georgiak eta Errumaniak, berriz, ez dute aukerarik sailkatzeko.

C multzoa



Australia, faborito argia

Hirugarren multzoan, selekzio bat nabarmentzen da besteen gainetik: Australia izan daiteke, orain arte erakutsi duenaren arabera, Zeelanda Berriaren aurkaririk arriskutsuena Munduko Kopa irabazteko. Walabiek oso talde gaztea dute, eta azken urteetan maila gorenean zaildu dituzte beren jokalari gazteak: dena irabazteko prest daude orain. Australiari itzala egiten entseatuko dira Irlanda eta, neurri apalago batean, Italia. Irlandarrak ez daude beren sasoirik onenean. Taldearen bizkarrezurra zahartzen ari da, eta prestaketa partida guztiak galdu dituzte. Final-laurdenetatik harago joatea zaila izanen dute. Italia bigarren postuaren bila joanen da, final-laurdenetan sartzeko eta ezustea emateko. Arrakasta itzela litzateke hori azzurri-entzat. Errusia eta AEBak ere multzo berean daude, ilusioz gainezka.

D multzoa



Hegoafrikaren zalantzak

Laugarren multzoko taldeburua Hegoafrika da. Tradizioz —bi aldiz irabazi du Munduko Kopa—eta ospez —errugbi selekzio historikoa da—, hark izan behar luke onena D multzoan. Baina antilope jauzilariek dute hego hemisferioko hiru erraldoien artean zalantza gehien. Australia eta Zeelanda Berria baino koska bat beherago daude, azken Hiru Nazioen lehiaketan erakutsi duten bezala. Hegoafrikarren errugbi fisiko eta zuzena ez da oso ongi egokitzen araudi berrira. Europako selekzioek ere maiz estu hartu izan dute Hegoafrika azken urteetan. Hori ikusirik, Galesek bere aukerak izan ditzake. Deabru gorriak beren joko historikoan oinarrituko dira: erritmo zalua, dinamismoa eta hegaletako jokoa. Talde ona daukate, aitzinean sendotasun pixka bat falta badute ere. Bestalde, Samoa eta Fiji uharteek beren joko eroa eta plakatze ikusgarriak ekarriko dituzte. Lau selekzio horiekin, multzo honek txispa eta ikuskizun berezia emango ditu. Namibia da multzoko bosgarren selekzioa. Hain zuzen ere, Afrikak Zeelanda Berriko Munduko Kopa honetan dituen bi ordezkariak multzo berean izango dira. Namibiarrek lehen garaipena lortu nahi dute parte hartzen duten laugarren Munduko Kopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.