Baloi txikia, inoiz baino txikiagoa

Bi urte atzera Europako talde onenetako bat zen Itxako. Bi urte eskas geroago, ordea, Ohorezko Mailan jokatzeari uko egitear da. Orain bi urte Arratek erabaki bat hartu behar izan zuen, eta iaz, San Antoniok.

Itxakoko jokalari eta entrenatzaileak, 2011ko apirilean, Txapeldunen Ligarako sailkapena ospatzen. SONIA SALSAMENDI.
Julen Etxeberria.
Donostia
2013ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Bi urte besterik ez dauzka goiko argazkiak. Itxakoko jokalari eta entrenatzaileak ageri dira Gyori Hungariako taldearen pistan. Pozez gainezka daude denak. Ez da gutxiagorako. Lizarrako taldeak historia egin berri du. Lehen aldiz sailkatu da Txapeldunen Ligako finalerako. Larvik Norvegiako taldearen aurka galdu zuen gero finalean, baina egindakoak arrastoa utzi zuen, arrasto urraezina.

Ordurako Europako talde onenetako bat zen Itxako. Bi urte atzera, adibidez, EHF kopa bereganatu zuen, finalean Leipzig Alemaniako taldeari irabazita. Europako lehiaketetan zuten erronka nafarrek, Espainiako lehiaketetan ez baitzuten aurkaririk. Hiru urtetan irabaz zezaketen guztia irabazi zuten: hiru liga eta bina kopa eta superkopa. Apurrak ere ez zituzten utzi beste taldeentzat.

Amets batean bizi zen Itxako. Ametsa, ordea, amesgaizto bilakatzen hasi zen 2011-2012ko denboraldia hasi eta gutxira. Kluba taldeko langileei soldatak berandu ordaintzen hasi zen. Momentuko kontua zen, bizpahiru egunekoa. Horixe zioen, behintzat, zuzendaritzak. Baina egunak asteak bilakatu ziren, eta asteak hilabeteak. Eta lehertu egin zen dena. 2012ko otsailean klubeko jokalari eta teknikariek egoera salatu zuten. Zuzendaritzak berriro agindu zien egoerari irtenbide bat emango ziola. Ez zen hala izan, eta zorra handituz joan zen.

11 titulu hiru urtean

Egoera larria izanagatik, jokalari eta entrenatzaileek bazter batean utzi zituzten kirolaz kanpoko arazoak, eta euren profesionaltasunaren aldarririk onena egin zuten: euren lanean bete-betean aritu eta kopa eta liga irabazi, Lizarrako taldeak irabazitako azken bi tituluak —11 ditu guztira—. Hori bai, ospakizunetan ezin izan zioten eutsi euren egoera salatzeko beharrari. Ligako eta Kopako txapeldun, eta kobratu gabe jarraitzen dugu zioen pankarta atera zuten ligako azken partidan. Norgehiagoka berezia izan zen Lizarrerria pabiloian jokatutako hura. Egun horretan amaitu zen Itxakoren urrezko aroa. Agurren partida izan zen. Ez batek, ez bik, ez hiruk, dozena bat jokalarik baino gehiagok jantzi zuten azken aldiz elastiko horia. Ambros Martin entrenatzaileak ere agur esan zuen egun horretan. Guztiek penarekin utzi zuten taldea, baina guztiek argi zuten beste irtenbiderik ez zutela. Profesionalak ziren, eta profesionalek kobratu egiten dute euren lana egitearen truke, eta haiek denbora zeramaten soldata jaso gabe.

Ihesaldiak jokalaririk gabe utzi zuen Lizarrako taldea. Lehen ondorioa Txapeldunen Liga aritzeari uko egitea izan zen. Azkenean EHF kopan izena eman zuen, baina xehetasun batekin: gastuak aurrezte aldera, etxetik at jokatuko zituen partida guztiak. Izena eman bai, baina garrantzitsuena falta zitzaion: jokalariak. Jokalaririk ez zuen. Ez ekainean, ez uztailean, ezta sasoia hasi baino astebete eskas lehenago ere. Superkopa jokatu baino lau egun lehenago jakinarazi zuen klubak hamar jokalari zituela. Bi egun geroago hasi ziren lanean, Eduardo Izquierdoren esanetara. Talde apala, eta prestaketa are apalagoa. Ondorioa: Bera Berak astindua eman zion Superkopan (42-18).

Eta, hala, estu eta larri ibili da denboraldi osoan. Halere, helburua bete du, mailari eutsita. Pistan egindako lan onak, ordea, ez du izan jarraipenik bulegoetan. Klubak ez du lortu beste babeslerik —Guardia Zibilak Asfi Itxakoren azkeneko babeslearen burua atxilotu zuen iazko azaroan—, eta Konkurtso Legean sartu da. Hori gutxi balitz bezala, Nafarroako Gobernuak ez dio emango diru laguntzarik (156.535 euro). Azken erabaki horrek eman dio errematea hilzorian zegoen gaixoari. Azken orduko miraririk ezean, zuzendaritzak aste honetan egingo dio uko Ohorezko Mailan aritzeari. Bi urtebete eskasean hiru talde historikoren gainbehera izango du euskal eskubaloiak. Orain bi urte Arrate izan zen; iaz, San Antonio; eta aurten, Itxako. Baloi txikia, inoiz baino txikiagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.