Larunbatean hasiko da 2003-2004 futbol denboraldia. Txapelduna nor izango den eta maila zeinek galduko duen maiatzaren 23an ikusiko da, baina hasi aurretik ere sasoi honek utzi ditu hausnarketarako zenbait puntu, bai kirol arloan baita kluben kudeaketan ere. Hona hamar:
1- TELEBISTAREKIKO MENPEKOTASUNA. Liga hastear da, bai, eta hasiko dela dirudi. Egunez egun bizi ez denak aspalditik espero zezakeen denboraldi honen hasiera ez zela arrunta izango. Ekainean amaitu ziren Lehen eta Bigarren Mailako taldeek zituzten telebista kontratuak, eta eztabaida urrutitik ikusten zen. «Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau», pentsatu zuen baten batek. Bada, hogeita hamalau. Telebista kontratu berriek mugaraino eraman dute Espainiako Liga, eta denboraldiaren hasiera ere kolokan egon da. Azkenean, hasi baino sei egun lehenago konpondu da dena, baina agerian geratu da futbola telebistarik gabe ez litzatekeela izango orain dena.
2- HAUSTURA LFP-N. Telebista kontratuen arazoa konponduta ere, pitzadura hor dago. Futbol Liga Profesionalean bi talde banatu dira. Alde batetik, talde handiak. Bestetik, txikiak. Haustura bat sortu da, eta ez nolanahikoa, gainera. Partidak ez jokatzeko erabakia hartuz, planto egitea erabakita zuten taldeek, 30-Tkoek, arriskuan jarri dute 12-Tkoen altxortegia. Eta hori, txikientzat bezala, handientzat ere ukiezina da. 30-Tkoak LFPren batzarretan duten nagusitasuna erabiltzeko prest azaldu dira, eta 12-Tkoek ez dute hori gustuko. Etorkizunean pitzadurak pareta zartatzen ez badu Liga itxi bat sortzeko burutazioa izan dute zenbaitek, baliteke LFP beste modu batera antolatzea, Bigarren Mailarik gabe.
3- PUBLIZITATEA. Diru gabeziaren ondorio da egoera hau. Athleticek ere, 105 urteren ondoren, elastikoetan publizitatea jartzea erabaki du. Lehenengo, bazkideengana jo zuten, gero erakundeengana eta azkenean jokalariengana. Gauza bera egingo du Bartzelonak Athleticekin batera elastikoan publizitaterik ez zuen beste kluba. Denboraldi hau Athleticek eta Bartzelonak publizitatea jantziko ez duten azkena izango da.
4- FENOMENO MEdiatikoa, beckham. Lehendik ere jokalarien ezkontzetako argazkiak ikustera eta ahoz ahoko zurrumurruak entzutera ohituta geunden. Baina denboraldi-aurre honetan Beckhamen etorrerak fan mugimendua eta prentsa arrosa ekarri ditu futbolera. Jokalari batzuk inoiz baino gehiago jainkotzen dituzte zenbait hedabidek, eta abeslariekin orain dela 50 urte gertatu zena gerta daiteke. Futbola aro berri batean sartzear dagoela dirudi, eta zaila da une honetan hogei urte barru ligak eta klubak nolakoak izango diren asmatzea. Klubek, gainera, enpresa egitura geroz eta nabarmenagoa dute, eta fan mugimendu hori baliatzen dute dirua irabazteko. Asiako enpresen arteko liga eredua izango al da etorkizuna?
5- TXAPELDUNEN LIGAREN ERAGINA. Europa esplotatuta dago jada, futbolak ez du gehiagorako ematen. Txapeldunen Ligak indar handia hartu du, eta horrek eragin zuzena izan du herrialde bakoitzeko ligek sortzen duten ikusminean eta diruan. Horregatik, taldeak merkatu berrien bila abiatu dira. Real Madrilek Asian 15 eguneko bira aberasgarri bat egin du, eta litekeena da denboraldi honetan zenbait partida arratsaldeko 16:00etan jokatzea, Asian prime-time ordua denean. Bartzelonak AEBetan egin du bere bira, Stoitxkovek han jokatzen duela baliatuta. Athletic ere hasi zen aurreko denboraldian Hego Ameriketan bere produktuak sartzeko azterketak egiten. Realak, Leeren fitxaketarekin, merkatu on bat dauka aurrean.
6- FUTBOLA, Abiadura. Nihat Realeko jokalariak erakutsi du zer behar den gaur egun futbolean arrakasta izateko: abiadura. Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak ere gauza bera dio. 1990eko hamarkadan pase sakonak eta kolokazioa ziren futbolaren oinarri. Gaur egun, bertikaltasun hori abiaduraren bitartez bilatzen da, aurkariaren defentsa lerroa gainditzeko. Horretarako, ordea, azkarra izateaz gain, teknikoa ere izan behar da, baloia hankekin eraman ahal izateko. Lehen bikainak ziren jokalari batzuk, orain, futbol horrekin, guztiz baztertuta geratu dira.
7- ENTRENATZAILE GAZTEAK. Etzi San Mamesen jokatuko den partida izango da futbolean mugitzen den jende berriaren erakusgarri: Frank Rijkaard eta Ernesto Valverde. 1980ko eta 1990eko hamarkadetan arrakasta izan zuten entrenatzaile asko atzean geratu dira, eta horrek gazte asko ekarri ditu aulkietara. Jokalariari entrenatzaile berriaren izenak edo metodoak eman diezaioketen bultzadan baino gehiago, lanean oinarritzen dituzte emaitzak. Futbola mugitzen ari den ardatzen barruan, zentzuzko erabaki bakarrenetakoa dirudi.
8- KIROL ZUZENDARIAREN ZAILTASUNA. Futbola aldatu egin da. Entrenatzailea aldatzea betidanik izan da emaitzek laguntzen ez dutenerako gordetzen den irtenbidea, nahiz eta askotan egoerak irteerarik ez izan. Azken hamarkadan, ordea, azkarregi eta maizegi erabili da, eta seigarren jardunaldia jokatu aurretik ere entrenatzaileren batek aulkia utzi behar izan du. Mugimendu gehiago dago gaur egun aulkietan baita jokalariena ere, eta horrek entrenatzailearen gainetik jarri du kirol zuzendaria. Aldi berean, ordea, zailtasun handiak dituzte kirol zuzendariek soberan dauden jokalariei irteera bat aurkitzeko. Gancedo Taxoaren zain dago oraindik.
9. BARTZELONA. Handi baten itzuleraren aurrean egon daiteke Espainiako Liga. Ia hamar urtetan noraezean ibili ondoren, bere oinarrira bueltatzen ari dela dirudi. Laportak ez zuen, hauteskundeetan esan bezala, Beckham fitxatu, baina Ronaldinhok Ronaldoren eta Rivaldoren itzala argitu dezake, Quaresmak Figorena, eta gainera, Real Madrili Valdanok nahi zuen zentrala kendu dio: Marquez. Asmatzen ari dela dirudi.
10. VILA-REAL, EZUSTEKOA? Realak aurreko denboraldian lortu zuena lortuta, talde askok egiten dute amets txuri-urdinen lekukoa hartzearekin. Askoren iritziz, Vila-realek emango du ezustekoa denboraldi honetan, eta hori diotenak futbolaz asko dakiten entrenatzaileak dira: Raynald Denoueix, Javier Irureta, Miguel Anjel Lotina eta Ernesto Valverde. Azken urteetan falta izan duen oreka lortzen badu, Atletico Madril ere kontutan hartzekoa izango da.
FUTBOLA
Baloia mugitzear da
Denboraldi-aurre bizi-bizia eduki du 2003-2004 Espainiako Ligak, eta gauzak bizkor aldatzen ari diren erakusgarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu