Lagunarteko partidak bidea izan daitezke, baina ez helburua. Espainian sortu diren beste selekzio autonomikoek duten babes eta jarraipen faltak frogatzen du: anekdota bilakatu dira, eta denborak desagerrarazten ditu. Espainiako selekzio autonomikoekin gertatzen dena kasu bakarra da munduan. Nazioartean selekzio ugari daude estatu bat ordezkatzen dutenak, estatu izan gabe herrialde bat ordezkatzen dutenak, baita estatu bera ordezkatzen duten selekzio bat baino gehiago ere. Kasu bitxia hori, Erresuma Batuarena. Futbolaren aitzindari izateagatik, futbol erakundeek leku bat gorde diete beti Eskoziari, Galesi, Ingalaterrari eta Ipar Irlandari. Munduko Kopan eta Olinpiar Jokoetan, ordea, lauretatik bakarrak ordezka dezake Erresuma Batua.
Horrek erakusten du futbola eta muga politikoak ez datozela beti bat, ezta Europa zaharrean ere. Futbola politika ere bada, baina batez ere sentimenduei dagokienez, ez muga administratiboei. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 191 estatu ditu gaur egun onartuta. FIFAk, berriz, 204 federazio ditu kide.
Ibarretxe Planaren «konpromisoa»
Euskadiko Futbol Federazioaren ekimena lagunarteko partidak antolatzea izan da, nortasun ezaugarritzat hartuz. Urtero partidetan ikusi den sentimendua, ordea, bestelakoa da, federazioak ofizialtasunaren bidean pausorik eman ez badu ere. Iaz Konpromisoa. Besteak bai, Euskal Herriak ere bai zioen pankartarekin agertu ziren Euskadiko jokalariak Mazedoniaren aurkako partidaren atarian. Agindua politikak eman behar duela esan izan du Laurentzi Gana presidenteak. Egon dira, ordea, gaiak piztu dezakeen eztabaidarekin ere, bide horretan urratsak egiteko modua eskaini duten zenbait neurri politiko. Eusko Jaurlaritzaren Kirolaren Legeak, adibidez, selekzioak antolatzeko ahalmena eman zien kirol federazioei, eta nazioartean parte hartzeko deia egin. Gaur egun, Ibarretxe Planak euskal kirol selekzio nazionalen aldeko konpromisoa jasotzen du, estaturik gabeko hainbat naziok nazioartean euren selekzioak dituztela argudiatuz. Gainera, Andorraren kasuan bezala, horrek euskal taldeak Espainiako Ligatik ez lituzkeela aterako dio.
Hainbat dira estatua izan gabe euren selekzioak dituzten nazioak. Lehen aipatutakoez gain, badira kolonia estatusa duten herrialdeen selekzioak Kaiman Uharteak edo herrialde bati libreki atxikita dauden nazioen selekzioak Puerto RicoÐ. Baita Europako herrialde bateko eskualdea izanik bere selekzioa duenik ere: Faroe Uharteak. Danimarkako lurraldea da, baina bere selekzioa du.Euskadiko Federazioak ez du 1979. urteaz geroztik ofizialtasunaren bila pausorik eman, eta orain, 2001eko urriaren 11tik, zailagoa da estaturik gabeko nazioentzat txapelketa ofizialetan parte hartzea. FIFAk bere estatutuen lehen artikuluaren hirugarren puntuan dio «herrialde bakoitzetik elkarte bat» onartuko duela, baina gero bosgarrenean gaineratzen du «oraindik independentea ez den lurralde batek FIFAko kide izatea eska dezakeela, parte den herrialdearen baimenarekin». FIFAko kide izateko, ordea, lehenik konfederazioko kide izan behar da UEFAkoa, Europan, eta UEFAk 2001eko urriaren 11 horretan, Espainiaren ekimenez, bere estatutuak aldatu zituen. Harrezkero, UEFAko kide izateko NBEk onartutako herrialde independente baten ordezkari izan behar du selekzioa osatu nahi duen federazioak.FIFAn sartzeko azken eskaera Gibraltarrek eta Kazakhstanek egin dituzte. Aurretik Palestina eta Mazedonia izan dira FIFAn sartu diren azken nazioak. Kazakhstanek ere lortu du jada, eta aurrerantzean txapelketa ofizialetan lehiatuko da. Gibraltarrek zailagoa du. Une honetan, FIFAk bertako kide izan nahi duten bost herrialderen eskaerak ditu mahai gainean. Horietako hiru estatu bat ordezkatzen duten federazioenak dira: Komoreak, Mikronesia eta Ekialdeko Timor. Estatu izanik selekziorik ez duten beste herrialde batzuk ere badaude Marshall Uharteak, Kiribati, Monako, Nauru, Palau eta Tuvalu, baina horien eskaerarik ez du oraindik FIFAk. Mahai gainean dauden gainerako bi eskaerak Kaledonia Berriarena eta Gibraltarrena dira, biak estaturik gabeak.
Gibraltar, Espainiaren saretik ihesi
Gibraltarren eskaerak Espainiaren haserrea ekarri zuen, 2000. urtean. Erresuma Batuaren kolonia da Gibraltar 1713. urteaz geroztik. Espainiak urte horretan Ingalaterrarekin sinatu zuen Utrecheko Akordioa hautsi eta Gibraltar bere egiteko asmoa du oraindik. Horregatik ez du nahi Gibraltarrek selekzioa izatea. Euskadik ez bezala, Gibraltarrek 1991n eta 1997an egin zituen FIFAko kide izateko lehen eskaerak. Ezezkoa eman zioten bietan.
Hirugarren ahalegin 2000. utean egin zuen, eta hori ikusita, Espainiak bere sarea zabaldu, eta eskaera oztopatzen saiatu da. Espainiako Federazioak «hariak mugitzen» ari zela esan zuen 2001eko urriaren 4an. 2000. urtean zuen aztertzekoa UEFAk Gibraltarren eskaera, baina pixkanaka atzeratzea lortu du, eta eskaera oraindik zintzilik dago. Espaniaren harien mugimenduak zazpi egun geroago mugitu zuen txotxongiloa. Urriaren 11n UEFAk bere bosgarren artikulua aldatu zuen: «UEFAko kide izango dira NBEk onartuta estatu independente batean egoitza duten Europako elkarteak...».Artikulu aldaketa horrek ateak itxi dizkie Gibraltarren helburu bera duten Europako beste nazio batzuei (biri hain zuzen). Katalunian eta Euskadin ez bezala, Europako estaturik gabeko beste nazioetan ez da ikusten selekzioaren aldeko horrelako mugimendurik. Joan Laporta Bartzelonako presidenteak Kataluniako selekzioari bultzada bat eman asmo duela adierazi zuen kargua hartzerakoan. Euskadiko Federazioak ofizialtasuna badu helburu, aurrerantzean burua estutu beharko du, Gibraltarren kasuak erakutsi baitu Espainiak ez duela erraztuko.Une honetan, hala ere, Gibraltar UEFAn sartzetik hurbil da. Kirol Arbitratzerako Auzitegiak ebatzi du UEFAko estatutuen aldaketa ezin dela atzerako eraginez ezarri, eta eskaerak, lehenagokoa denez, balio duela. Juan Antonio Gomez Angulo Espainiako Kirolerako estadu idazkariak Gibraltarren onespen txikiena ere «errotik» moztuko dutela esanez erantzun zuen, eta Espainia UEFA eta FIFAtik erretiratzeko mehatxua ere bota du. Gibraltarrek, hala ere, berean jarraitzen du, estaturik gabeko nazio eta herriek, beste batzuen borondateen kontra ere, euren selekzioa izan dezaketela erakutsiz, eta adibide emanez.
-
SELEKZIOAREN ERAGINA
Garrantzitsua al da FIFAk onartua izatea?
1996ko Atlantako eta Naganoko Olinpiar Kokoak 12.000 milioi pertsonak jarraitu zituzten telebistaz. 1998ko Munduko Kopa, audientzia guztiak bilduz, 37.000 milioi ikuslek. Kontuan hartu behar da Olinpiar Jokoetan estatu eta nazio gehiago ordezkatuta. Pascal Bonifacek, Parisko Kanpo Harremanetarako eta Estrategiarako Insitutuko zuzendariak dio FIFAren onespenak gaur egun NBEn onespenak bezain beharrezkoa dirudiela: «Estatuaren definizioa betiko hiru ez ezaugarriez gain lurraldea, herritarrak eta gobernua laugarren batek osatu beharko balu bezala: futbol selekzio nazionala».
Inkesta
-
1. Zer iritzi duzu Nafarroako selekzioaren sorreraz?
2. Zein izan behar luke etorkizuna, eta zein pauso eman behar lirateke?
Iñaki Perurena (Harri-jasotzailea)
«Ez legoke gaizki Euskadi selekzioak Euskal Selekzioa izena hartzea»
1. Ez dakit asmo zatitzailea duen, baina inposizio bat gehiago iruditzen zait. Beste zentzurik ez du. Euskal selekzio horri aurre egiteko modu bat da, herri honi egiten ari zaizkion gauzen artetik, beste bat. Euskaltasuna bat da, Euskal Herria bat da, eta euskal selekzioak bat behar luke izan. Selekzioak Euskadi izena hartzeak, ordea, Euskadi horren gaizkiulertze bat ere ekar dezake.
2. Sanzek esaten du ikurrina EAEko bandera dela. Hori horrela da orain dela 25 urtetik, baina orain dela 26 urte toki guztietan zegoen debekatuta. Ez legoke batere gaizki Euskadi selekzioak Euskal Selekzioa izena hartzea. Kaltetua hemen beti errurik ez duen eta futbolean jokatu nahi duen mutil gaztea da. Tristea da hori.
Patxi Zabaleta (Aralarreko idazkari nagusia)
«Euskadikoan dinamika gutxi ikusi dut azken urteetan»
1. Iritzi mixerablea dut, euskal selekzioaren kontra egin dutelako, Diario de Navarratik hasi eta Jose Luis Diez federazioko presidentera arte. Euskadikoan, hala ere, dinamika gutxi ikusi dut azken urteetan, beste aterabide batzuk asmatzen ez da jakin, bere horretan mantendu da, beste gabe.
2. Estatuentzat selekzio nazionalak nazionalismoen euskarri garrantzitsu bilakatzen ari dira. Geroz eta gehiago babesten dituzten selekzioen aurrean, aterabide azkarrak eta bereziak asmatu beharko dira. Hala ere, luzaroranazio-selekzioak beharko diren zalantza dut, ikusirik kirolariak nola aldatzen diren nazioz, selekzioez eta klubez. Euskaldun batek Kubarekin jokatu nahi badu, nork uka diezaioke?
Jose Luis Korta (Castroko entrenatzailea)
«Euskaldunentzat atzerapausoa da Nafarroako selekzioa sortzea»
1. Nafarroa Euskadi da niretzat, eta oso gaizki iruditzen zait Nafarroako selekzioa sortzea. Euskaldunentzat, niretzat bai behintzat, atzerapauso bat da. Politika munduan gerra egiteko dagoen jende asko dago.
2. Etorkizunean Euskal Herria independentea izatea nahi badugu, gure selekzioa eduki behar genuke. Munduan Euskadi bezala ezagutu beharko gintuzkete. Nik helburu horrekin egingo nuke lana, baina une honetan ez da erraza, orain Francoren garaian baino okerrago baikaude. Atzeraka goaz, eta leku guztietatik astinduko gaituzte. Euskaldunok elkartu eta indartu beharko genuke. Ordura arteÉ Infiltratu asko ditugu Euskal Herrian.
J. Maria Arrate (Athleticeko lehendakari ohia)
«Nafarroako selekzioa izorratzeko asmoarekin egin dutela uste dut»
1. Niregatik, herrietako auzoetan ere selekzioak egin ditzakete. Guztiz errespetagarria da. Bizkaiko eta Gipuzkoako selekzioak ere betidanik egon dira. Baina Euskadikoak duen tradizioarekin, Nafarroakoa biharamunean jokatzea, beste gauza asko bezala, izorratzeko asmoarekin egin dutela iruditzen zait. Hori ez da bidea bakea lortzeko, ez futbolean, ez bestela ere. Politikan sartu gabe, lotsagabekeria iruditzen zait.
2. Orain kanpoan partidaren bat jokatzea bikaina litzateke. Etorkizunean selekzioaren garapen osoa lortzea zailagoa da. Lehenago zenbait erabaki politiko hartu behar dira. Politika arloan aurrera egiten dugun heinean egingo dugu kirolean ere aurrera.