Arrauna. Kontxako Bandera

Bandera da hiria

Kontxako Banderaren lehen jardunaldia da gaur, eta berdintasuna aipatzen bada ere, balizko haize aldaketak erabaki dezake lehiaOrio, Urdaibai, Kaiku eta Portugalete koska bat gorago daude faboritoen zerrendan

Aitor Manterola Garate.
Donostia
2013ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Urteurren seinalatua gogoan, berrehun urteren buruan, Donostiako portuan ingelesak, portugaldarrak eta espainiarrak sartu ziren berriz atzo eguerdian, hiria setiatzera eta hustera. Kanoi eta tiro burrunba izugarria entzun ahal izan zuten maldaxkan zeuden arraunlariek, entrenamendua egiteko zain zeuden artean.

Gaur, beraiek ariko dira borrokan (12:00), baina kiroltasunez eta arrauna hartuta arma bakartzat. Helburua ez dute hiria setiatzea izango, orduko armada atzerritar haiek bezala, baina beraientzat hainbesteko balioa duen beste zerbaiten bila ariko dira lehian: Kontxako Bandera nahi dute. Ordukoentzat saria hiria zen bezala, arraunlarientzat bandera da hiria.

Historiako kontakizunek diotenez, duela bi mendeko borroka erabat desitxuratua izan zen, ezberdina, parekotasunik gabea. Hiria txiki-txiki eginda utzi zuten kanpotarrek. Gaurko lehiak justu kontrakoa izatearen traza dauka. Berdindua dator estropada, hala baitiote azkeneko emaitzek. Parekotasun handia dago traineruen artean.

Baina bada faktore bat, Donostiak hain berea duena eta erabakigarria izan daitekeena lehen jardunaldi honetan: txanda batetik besterako balizko haize aldaketa. Emana dago iragarpenetan, eta bigarren txandakoek izua diote. Atzo bertan, maldaxkan, kanoikadak gaurko balizko haize aldaketari botako lizkiokete bigarren txandakoek. Asier Zurinaga Kaikuko patroiak hauxe zioen: «Ez dezagula bandera galdu haizearen eraginez». Hitz horiek esaten ari zen unean bertan, haize bolada indartsua zeruan: «12.30ak dira, eta bihar [gaur] hau egiten badu, akabo!». Portugalete ere bigarren txandan joango da. Josean Olaskoaga Aizperro goiz-goizetik zegoen maldaxkan, eta hark ere eguraldia hartu zuen hizpide: «Irabaztera gatoz, baina hemen Donostian gertatzen den haize aldaketarekin, kontuz!». Hondarribia ere ondoan izango dute gaur, eta Mikel Orbañanos entrenatzaileak ere ezinbesteko aipamena egin zion haizeari: «Ea haizeak zer egiten duen. Gure asmoa da bigarren igandera bandera irabazteko aukerekin heltzea».

Lehen txandakoak, lasaiago

Batzuen kezkak haizearen itxura duen bezala, besteei, lehenengo txandakoei, haizearen balizko indar ahulagoak lasaitasuna ekarri die. Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzailea horretaz aritu zen atzo: «Txanda ona tokatu zaigu, aurrenekoa». Igor Makazaga ere patxadaz mintzo zen, entrenamendua bukatu berritan, txanda zozketaren mesedeak ezpainetan irria marrazten ziola. San Pedro da txanda horretako bestea, eta Gabi Larrinagaren hitzak hauek: «Haizea erabakigarria izan daiteke». Dani Perez Tiranekoa ere haizeaz aritu zen: «Aldeko izan dezakegu». Haizeak joko du gaur kanoikada txikitzailea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.