Bandera ez da jaitsi Anoetatik

Gaur Atletico Madrili irabaziz gero, Realak 24 punturekin amaituko luke lehen itzulia, aurreko sasoian baino bat gutxiagorekinTxuri-urdinek hurrengo bi partidak etxean jokatuko dituztela aprobetxatu nahi dute

Realeko jokalariak, elkar besarkatuta, Granadaren aurkako Kopako joaneko partidan. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Denboraldiko joko garairik onenean dagoela irtengo da Reala gaur Anoetara Atletico Madril garaitzeko asmotan. Hala balitz, 24 puntu bilduko lituzke lehen itzulia amaituta. Iragan denboraldian, 25 puntu batu zituen aurreneko erdian, gehienentzat eredugarria izan zen ibilbidean. Gorabeherak gorabehera, hortaz, ez litzateke hasiera baldarra; ez,bederen, askok erakutsarazi nahi duten modukoa. Zazpi jardunaldi daramatzalako puntuak urratu eta urratu, galdu gabe. Realaren jokoak, gainera, eta beharbada horixe izan liteke Philippe Montanierrentzat albisterik baikorrena, geroz eta zalantza gutxiago sortzen du. Sendo, bizi eta alai ari baita; fidagarri, hitz batez azalduta, eta horrek sekulako balioa dauka futbolean.

Taldean jakitun dira aldeko haizete goxoak ez duela luzaro irauten; azken 11 denboraldietan, bitan baino ez du lortu orain daraman bolada hobetzerik, eta horri etekina ateratzean dago koska. Etxean irabazteko beharra ere badutelako txuri-urdinek. Halakoak egiaztatzeko, sailkapeneko zenbakiei erreparatzea hobe, kotoiaren probak adinako fidagarritasuna baitute. Anoeta, Romareda eta Vallecas izan dira orain arteko plazarik samurrenak aurkarientzat, Realak, Zaragozak eta Rayok ez dituztelako hamar puntu baino gehiago lortu euren zaleen aurrean. Reala, ongi ez etxean; eta Atletico Madril, are eta kaskarrago Vicente Calderonetik urrun, zortzi partidatan bi puntu eskas lortuta. Joera kontua.

Montanierrek ez zuen ezkutatu, herenegungo agerraldian, batzen segitzeko premia. «Puntu beharrean gara. Valentziaren kontra erantzuteko gaitasuna erakutsi genuen arren, beheko postuak ez daude aparte. Mallorcakoa izan ezik, azken bi hilabeteetan neurketa txukunak jokatu ditugu. Maila onean aritu gara, eta horri eutsiz egingo dugu bidea. Osasunaren aurkako lana berriro egitea dut buruan; eraginkorrago izanik, noski. Atletico Madrilek ere zeresana izan nahiko du, banakakoan jokalari garrantzitsuak baititu. Bizitasun handiz jokatzera derrigortuko gaitu».

Hain zuzen ere, horixe da Diego Pablo Simeone Atletico Madrilen entrenatzaile berriaren helburu nagusietakoa: talde lanean oinarrituz, buruz burukoen pisua gutxitzea, multzo trinkoa osatzea, alegia. Lehen bi partidak ez zaizkio oker atera. Estreinakoan, Malagaren zelaian, hutsean berdindu zuen Atletico Madrilek, eta joan den astean Vila-real erraz hartu zuen mendean (3-0). Golik ez hartzeaz gain —entrenatzaile argentinarra itsututa dago arlo horrekin —Radamel Falcao aurrelaria adiskidetu egin da bere lagun minenarekin, golarekin. Kolonbiarrak 120 minutuz behin zulatzen du kontrako atea, eta bi sartu zituen aurreko asteburuan. 11 daramatza. Realeko defentsa lanak kate motzean lotu beharrekoa,inondik ere.

Simeonek 4-2-3-1 marrazkia darabil bere arbelean, agindu zehatzekin: bi euskarriek atzelariei lagundu behar diete; eta hegaletik erasoan aritzen direnek, behera egin gora moduan. Madrildarren okerrik handiena talde izaera eza izan da. Hortik gorabeherak. Batzuek erasora, besteak atzean sartuta, inolako orekarik gabe, hauskorra izan da lehen hilabeteetan. Tiago Mendesen hutsunea izan arren, lehia polita espero da bi taldeen makina gelan. Txuri-urdinen hirukoa (Gorka Elustondo, Mikel Aranburu eta David Zurutuza) sasoiko dago eta.

Egitekotan, aldaketa gutxi

Carlos eta Iñigo Martinezek eta Carlos Velak baino ez dituzte benetako aukerak berriro hasieratik aritzeko; batez ere, ondarroarrak. Vadim Demidov, Liassine Cadamuro eta Xabi Prietoren tokian izango litzateke. Haatik, Valentziatik garaile atera zen hamaikakorekin erabateko antza izango du.

Gipuzkoarrek Mestallatik ekarritako garaipenak, sailkapenean ondorioak izateaz gain, zaleei arnasa emateko balio izan du. Atletico Madrilen aurkakoa ez da neurketa arrunta Anoetan. Gogo berezia zaio Madrilgo talde zuri-gorriari, eta, ziur, aldeko burrunba antzemango dutela Realeko jokalariek harmailetatik, aurreko urteetan gertatu moduan. San Sebastian eguneko danbor hotsen jarraipena, nahi bada. Ez alferrik; bisitariek behin baino ez dute irabazi Anoetan, aurreko sasoian, Reyes-Aguero-Forlan konexioari esker (2-4).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.