1 Formulako denboraldia ez da amaitu oraindik. Lasterketak bai, lasterketak amaitu dira. Baina bulegoetako pole-a nork lortuko duen argitzea falta da oraindik. Joan den asteburuan askatu zen korapiloa, Brasilen, eta Sebastian Vettelek (Red Bull) hirugarrenez eskuratu zuen titulua. Larri ibili zen, irteeran bertan istripu txiki bat eduki eta azken postuan geratu zelako. Aurrean zen Fernando Alonso (Ferrari), sailkapeneko galera berreskuratzeko helburu argiarekin. Hortxe hasi ziren komeriak. Lasterketan istripuren bat dagoenean bandera horia ateratzen dute, eta une horretan ezin izaten da inor aurreratu. Bada, momentu horri heldu dio Alonsok —eta Ferrarik— Vetteli 20 segundoko zigorra jarri eta Munduko Txapelketa irabazteko.
Egiari zor, nahiko argigarriak dira irudiak. Bihar arteko epea dauka Ferrarik helegitea jartzeko, eta taldea berotu nahian dabil Alonso. Herenegun mezu argigarria idatzi zuen Twitter bidez: «Ez daukat miraririk. Legezko arauetatik egiten ditut nik nire mirariak». Helegiterik ez badago, euren kabuz erabakirik ez dutela hartuko argitu zuen atzo Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA), epaile guztiek «huts egiteko eskubidea» daukatelako. «Eta irudiak hain argiak ere ez direlako». Bandera horiarekin norbait aurreratuz gero, drive trough zigorra jasotzen dute pilotuek —boxetatik igaro behar izaten dute, abiadura mugatuan, gelditzeko aukerarik gabe—; kasu honetan, ordea, FIAk Vettel zigortzeko erabakia hartuko balu, 20 segundokoa litzateke zigorra.
Bi postu, lau puntu, porrota
Hortxe hasiko lirateke komeriak. Jenson Buttonek (McLaren) irabazi zuen Brasilgo Sari Nagusia, eta bigarren izan zen Alonso. Vettel, berriz, seigarren postuan helmugaratu zen. 20 segundoko zigorrarekin, bi postu galduko lituzke alemaniarrak, lau puntu denera, eta Alonsorentzat izango litzateke Munduko Txapelketa, puntu bakarreko aldearekin. Beste aukera bat ere badago: FIAk Vettel zuzenean zigortu gabe, abisua ematea. Txartel hori baten gisakoa litzateke zigor hori, baina denboraldiko hirugarrena izango lukeenez, Vettelek 20 segundoko zigorra jaso beharko luke kasu horretan ere.
Egoera are gehiago aldrebestu nahi duenak badauka, gainera, zeri heldu. Jean-Eric Vergne Toro Rossoko pilotuak (Red Bullen bigarren taldea) 19,2 segundoko galera izan zuen helmugan, Vettelen atzetik, horretarako beharrik ez zegoen arren —segurtasun autoa atera zenez, denbora tarteak bertan behera geratu ziren azken itzulietan—. Batzuen ustez, balizko zigorra buruan, hogei segundotik gorako galera pilatzen saiatu zen Vergne, kasu horretan, gerora zigortuz gero, zazpigarren postuan amaituko zukeelako Vettelek; emaitza hori nahikoa izango zukeen titulua eskuratzeko. Bistan da, helburua hori bazen, kalkuluetan huts egin zuten.
Vettelek berak umoretsu aurre egin dio egoerari. Atzo bertan egindako adierazpenetan argitu zuen «bitxi samarra» dela egoera. «Atzera begiratuta, garai batean esaten zidaten ez nintzela gai aurreratzeko. Orain, bi lasterketaren ondoren (Abu Dhabi eta Sao Paulo), uste hori ahaztu dutela ematen du».
Bandera horitik beltzera
Munduko Txapelketa galtzeko arriskua dauka Vettelek, Brasilen pilotu bat bandera horiarekin aurreratu zuelako

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu