Jakina zen Marko Banicek ezin izango ziola malkoari eutsi, eta hala izan zen. Bere agurra iragartzeko prentsaurrekoa eman zuen kroaziarrak, eta euskaraz esaldi bat botatzera zihoan unean negarrez hasi zen: «Eskerrik asko, beti egongo naiz zuekin», esan zuen Zadarkoak, barru-barrutik atera zitzaion aitormenean. Banicek zazpi urte egin ditu Bilbon, eta bere agurra ezusteko handia izan da, ez zelako espero. Agurrak saskibaloi profesionalarekin du zerikusi zuzena. Klubak eskaintza bat egin zion, baina Banicek ez du ontzat eman, eta agur esan du. Bidorreta izan zen aurrena, Salgado gero, eta Banic orain. Taldeak eraikitzeko modu bat da, eta ados egin edo ez, ikurrak direnei atea irekitzea gogorra da beti.
«Nire amets guztiak bete ditut Bilbon, titulu bat izan ezik, eta eskerrak eman nahi dizkizuet denoi urteetan eman didazuen babes eta aholku guztiengatik, erakutsi dizkidazuen balioengatik. Bilbotik joango naiz, baina bihotzean eramango dut hiria eta bilbotarrak, eta erretiroa hartzen dudanean hirira bizitzera etorri nahi nuke», esan zuen Banicek.
Zazpi urtean gorabehera franko izan ditu Banicek, baina azken hiru urteetan zenbaki apartak lortu ditu. 13-15 puntu partidako, eta beti ardura hartzeko prest. Bilbon pisua erosi zuen orain gutxi Banicek, eta laster jaioko den haurrari Iker izena jarriko dio.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak
Banic: «Banoa, baina Bilbo nire hiria izango da betiko; mila esker denoi»
Kroaziarrak Gescrap Bizkaia utziko du zazpi urteren ostean, eta hunkituta agurtu ditu kide eta zaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu