Banintz, banu eta balego… giroa bero-bero. Baldintza adierazteko erabiltzen diren hiru aditz horiei jar dakiokeen bukaera bat da. Ez baitauka ezaguna edo jasoa den bigarren zatirik. Bihar iluntzean gerta litekeena azaltzeko asmoa du lerroburuak. Kirol iskanbila gorena. Bost protagonista, ehunka konbinazio posible, eta morboa gori-gorian: Gescrap Bizkaia eta Caja Laboral Baskonia sailkapen txartel bakar baten bila. Irabazten duena barrura, Euroligako Top 16ra. Galtzen duena, etxera. A zer Gabonak, Altubetik iparraldera edo hegoaldera bizi.
Egoera horretan, salbuespen bat, kontuak are gehiago katramilatzeko. Bi euskal taldeak Top 16ko zozketan egon daitezkeelako. Hori gauza dadin, Bizkaiak irabazi behar du partida, eta Cantuk Fenerbahceri Italian irabaztea. Nancy eta Olympiakosen arteko norgehiagokak ez luke bat edo beste sailkatzen den erabakiko. Euskal taldeak A multzoan zein postuan sailkatzen den, edo diren baldintzatuko luke. Gaur zortzi egingo da zozketa hori Bartzelonan (Herrialde Katalanak), eta Europako hamasei onenen artean bi euskal talde egotea handia litzateke. Multzo ezberdinetan jokatuko lukete, gainera, Gescrap eta Caja Laboral ligaxkan elkarren aurka aritu direlako jada.
Kontuak, zenbakiak, kalkuluak… baina harmailetan. Fotis Katsikarisek eta bere jokalariek garbi dute euren zeregina: irabazi eta gero gerokoak. Galduz gero kanpoan daudelako. Kasu guztietan. Irabaziz gero, Top 16an daude, eta hirugarren edo laugarren izan, gaur-gaurkoz huskeria da. Barruan egoteak balio du. Caja Laboralek kale egiteko aukera handiagoa du, galduta ere sailka daitekeelako, baina garbi eduki behar du galdu eta sailkatuz gero Top 16a asko gaiztotuko zaiola. Gauzak ondo, multzoko laugarren izango litzatekeelako. Balantzaren beste aldean, egoera interesgarri bat. Baskonia multzoaren buru izango da ia ziur irabaziz gero. Altxorra da hori, Bartzelona, Real Madril eta CSKA Mosku saihesteko.
Bakarren batek pentsatuko du trikimailuentzako egun aproposa dela, baina hau ez da futbola. Saskibaloi partida batek ordu eta erdi, ordu eta hiru laurden edo bi ordu iraun dezake. Gainera, hiru partidak ordu berean hasiko dira, 20:00etan, eta Euroligak agindu zorrotzak ematen dizkie epaileei, denbora galtzeko edo antzeko trikimailuei garrantzia kentzeko. Funtsean, Caja Laboralek ezin du kantxaratu Cantuk mesedea egin diezaiokeela pentsatuz, kanporatua izango delako. Gaueko hamarretan galdu eta sailkatzen bada, ezin hobe, baina aldez aurretik helburu bakarra izan behar du buruan: irabaztea. «Gaizki pentsatu… eta asmatuko duzu», dio esaera zahar batek. Edo Murphyren legearekin, gauzak okerrera egin dezaketela beti. Tentuz jokatu behar du Gasteizko taldeak.
Cantura begira
11 urte daramatza Euroliga berrian Baskoniak, eta denetan izan da Top 16an. Ondo ezagutzen du lehiaketa, eta badaki Fenerbahcek legezkoak eta legezkoak ez direnak eginen dituela Canturi irabazteko. Italiarrak sailkatuta daude, galdu edo irabazi, baina gauza asko dituzte jokoan. Multzo buru edo bigarren izan daitezke irabaziz gero. Top 16ra sailkatzearekin helburua bete dute, baina behin barruan, zergatik ukatu bide luzeagoa egiteko erronkari?
Parean Fenerbahce dute. Dirua barra-barra daukan taldea, eta Lauko Finala kosta ahala kosta jokatu nahi duena Istanbulen jokatuko delako. Iruzur arriskurik ba al dago? Turkiarrek ere Baskoniak Cantu diruz saritu dezakeela pentsatuko dute agian. Zaila da epaileek balantza desorekatzea. Joera nabaritu daiteke, baina Cantun jokatzen da partida, eta italiarrek etxeko partida guztiak irabazi dituzte, lau denera.
Saskibaloia. Euroliga: Gescrap Bizkaia-Caja Laboral Baskonia
Banintz, banu eta balego...
Hiru aukera daude biharko partidaren emaitzaren arabera: Caja Laboral Baskonia bakarrik sailkatzea, Gescrap Bizkaia bakarrik, edo biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu