Aurreko mendeak azkeneko txanpa zuen, eta arraun munduan garai zaharretako inertziak ziren lemazain. Egoera batek behintzat, iskanbila edo ezinegona sortzen zuen: ohitura zaharren uberan, antolatzaileak erabakitzen zuen bere estropadetara zein talde joan. Ondorioz, talde batzuek besteek baino estropada gehiago izaten zituzten traineru denboraldian. «Eztabaida handiak izaten ziren horren harira», esan du Agustin Aranburu Urdaibaiko presidenteak. Gai hori zela eta ez zela, federazioko batzarretan ere xextra: «Iskanbila handiak izaten ziren kluben artean», gogoratu du Koldo Diaz Hondarribiko zuzendaritzako kideak.
Horrela ez zegoen segitzerik. Eusko Jaurlaritzaren gidaritzapean, liga pribatu bat sortu zen 2003an: Traineruen Kluben Elkartea atera zuen Kantabriako (Espainia) eta Galiziako gobernuekin elkarlanean. Ondo gogoan du Diazek garai hori: «Joserra Garai zen Jaurlaritzako kirol zuzendaria, eta hark bultzatu zuen ligarena». Berez, 2004rako zeukan aurreikusita hasiera Jaurlaritzak, baina urtebete aurreratu zen egitasmo berria, honegatik: klubak ez ziren ados jarri 2003ko martxoan Euskadiko Federazioaren batzar batean, orduan jokoan zen Euskal Ligan Kantabriako zenbat taldek parte hartu behar zuten erabakitzeko. Bira murriztu zuen kopuru hori federazioak, eta Kantabriako klubak sutan jarri ziren.
Hori ikusita, hango gobernua Galiziakoarekin elkarlanean hasi zen liga berri bat eratu nahian, baina Jaurlaritzak lehenagotik zeukanez prestatuta zirriborroa Kantauri osoko taldeen liga sortzeko, horri tiraka eratu zuten TKE liga bulegoetan. 2003ko ekainaren 2an iragarri zuen sorrera Garaik. Irizpideetako bat, uretatik kanpokoa, politikariek jarri zuten: Euskal Autonomia Erkidegoko sei talde ariko ziren liga berrian, Kantabriako hiru eta Galiziako beste hiru. Horra hamabikoa. Urak erabakiko zuen zeintzuk ziren. Kluben artean batzuk alde, eta beste batzuk kontra. Are gehiago nabarmendu zen hori sailkatzeko estropadaren ondoren.
Bizkai eta Gipuzkoako taldeak Pasaian batu ziren ekainaren 29an eta 30ean. 13 traineru lehiatu ziren erlojuaren aurka: lehen egunean lau aukera zeuden jokoan, eta bigarrengoan, beste biak. Aurrenekoan, Oriok, Urdaibaik, San Juanek eta Isuntzak lortu zuten sailkatzea, eta bigarrengokoan, Zarautzek eta Hondarribiak.
Kantabrian, lau talderen arteko lehian, Astillero, Castro eta Pedreña sailkatu ziren, eta Galizian, ez zen beharrik izan sailkatze estropada jokatzeko: Cabok, Tiranek eta Mecosek bakarrik onartu zuten liga berrian izena emateko bete behar zen baldintzetako bat. 35.000 euroko bermea jarri behar zuen klub bakoitzak. TKE kudeatzeko ardura Fideliza enpresa pribatuak izan zuen, eta aurreneko kudeatzailea Jesus Hijazo izan zen. Aurrekontuari dagokionez, Jaurlaritzak %50 jarri zuen, eta Kantabriako eta Galiziako gobernuek %25na.
Bazituen liga berriak, hortaz, lehen kideak, eta lehiaketari uztailaren 6an eman zitzaion hasiera, Castro Urdialesen (Espainia), Ono banderarekin. Irabazlea San Juan izan zen, eta arraunlarietako bat Joseba Fernandez zen. Ez du ahazteko garaipen hura: «Sei kaletara jokatu genuen».
Liga berriaren sorrerarekin «ilusioz beterik» zeuden arraunlariak: «Beste maila bateko ligara gindoazela uste genuen, eta hala izan zen. Bolada ona izan zuen arraunak garai hartan», gogoratu du. Gerora, Fernandez ligaren historia sartu da lehiaketa gehien irabaztea lortu duen entrenatzaileetako bat delako: hiru dauzka. Parean ditu Jose Luis Korta eta Jose Manuel Francisco.
Arraunlariak lehian hasi baino lau egun lehenago, hamabi klubetako ordezkariak batzartu egin ziren. Diazentzat ere mugarri izan zen 2003ko uztailaren 2 hura: «Gauzak adostu nahian ari ginen, eta, besteak beste, ligako presidentea aukeratu behar genuen. Bilera 09: 30 aldera hasi zen, eta bazkaltzeko tartean uste dut proposatu zutela nire izena. Azkenean, bilera 15 bat ordukoa izan zen, eta ni atera nintzen handik presidente». Batzarraren luzera ia amaigabearen oinarrian hau egon zen: liga berria txanpa bizian sortu behar izan zuten, eta onartu beharreko gauza asko zeuden; besteak beste, egutegia. Orain pentsaezina den zerbait ere izan zuten erdi-erdian uda hartan: Kontxan parte hartu edo ez. Donostiako Udalak ez zien utzi elkarteko kideei hasiera batean, baina azkenean, baietza eman zuen.
Presak presa, estatxa askatua zeukan TKE ligak, eta aurreneko aldi hartan, 20 estropada jokatu zituzten, jaitsierako kanporaketakoak barne. Astillerok irabazi zuen lehiaketa. Ondo gogoan du Diazek aurreneko urte hura, presidente karguan iraun zuena, hain zuzen: «Hasiera guztiak izaten dira oso zailak. Batzuek gauza bat nahi, besteek beste bat. Larunbatero egiten genituen batzarrak, eta horrela ibili ginen, gauzak adosten, forma emanez. Gobernuek gauza bat proposatu zuten, baina klubak pixkanaka joan ginen gure erara gauzei itxura ematen».
«Arrauna modernizatu du»
Hogeigarren aldia ari da betetzen aurten TKE liga, eta 27 talde aritu izan dira orain arte lehian. Euskolabel liga izena dauka 2017tik, eta, horren aurretik, San Miguel liga izan zen, 2006tik. Garaipen gehien Urdaibaik dauzka, zazpitan izan baita txapeldun. Aranburuk atzera begiratu du, eta garbi dauka zer eman dion ligak arraunari: «Arraun modernoa ekarri du».
Hogei urteko estropada luze honetan, denetarik bizi izan da ligan. Egun gozoak eta ikusgarriak, eta beste batzuk ilun askoak. Horietako batean Urdaibai izan zen erdi-erdian. 2014an, ligako epaileak zigortu egin zuen kluba, Estrobo auziagatik. «Injustua izan zen», gogoratu du Aranburuk. «Eskatzen genuen epaitegietako bidean epaia eman arte ez hartzeko erabakirik, baina ligak bere bidea hartu zuen». 95 puntu kendu zizkion klubari 2014ko denboraldirako, eta 25.000 euroko zigor ekonomikoa ezarri. «Gaizki moldatzen ginen orduan TKErekin», oroitu du Aranburuk.
Bestelako gertakari batzuk ere izan ditu ligak. Bat, ezohikoa, behin bakarrik gertatu delako: talde batek uko egin zion parte hartzeari denboraldi batean. Cabo da Cruz izan zen. 2009ko neguan erabaki zuen urte hartako udan ez ateratzea liga nagusian. Arkotek ordezkatu zuen.
Fernandezek ondo ezagutzen du Galiziako arraunean zer eragiten duen TKE ligak, Mecoseko arraunlari izan zelako 2004an: «Ilusio handia dago han lehiaketarekin, baina zalantza handiak ere bai. Behartu egiten zaie aldeei eta arraunlariei ahalegin handiagoa egitera, pertsonalki eta ekonomikoki».
Galizia, Kantabria, eta Bizkai eta Gipuzkoako taldeek osatu zuten liga 2015 arte. Araudiak zehaztuta eta behartuta, ezinbestekoa zen leku horietako gutxieneko ordezkaritza bat izatea. Ordutik, lehiaketari kirol ezaugarria kentzen zion araudi hori kareletik bota zuten.
Aginte guneetan ere izan dira aldaketak hasieratik. Diazen atzetik, beste presidente batzuk izan ditu TKEk: «Hasieran, urtebetez egoten ginen karguan, eta nire atzetik Araceli Fernandez etorri zen. Gero Angel del Hoyo izan zen. Haren atzetik, urte batzuetan Peter Bravo izan zen buru, eta azkeneko biak Pedro Andueza, eta oraingoa, Borja Rodrigo». Beste bat ere izan zen azkeneko bien artean: «Javi Gonzalez izan zen, Portugaleteko presidente zena orduan, baina sei bat hilabetez bakarrik egonzen. Kendu egin genuen, ez zihoalako ligak hartutako bidetik», kontatu du Diazek.
Eztabaidak gogora ekarrita, bada bat ligaren araudiaren jiran beti azaltzen dena: arraunlariak harrobiko, etxeko edo kanpoko izendatzea. Aranburuk garbi dauka iritzia: «Etorkizun beltza du arraunak harrobikoen araudiarekin eta. Arrauna birrintzen ari gara horrela. Lasai hitz egin beharko genuke horretaz. Gehiengoak onartutakoa da, baina aldaketa behar du. Lege horren alde egin zuten talde guztiak jaitsi egin dira noizbait, Hondarribia izan ezik». Fernanden ustez, «harrobiko taldeen alde egindako araudiak ez ditu erabat lagundu. Beti egongo da eztabaida».
Aurreko gai horrekin lotura duen beste bati heldu dio egun Pedreñako entrenatzaile denak, KAE 1 ligan: harrobiko arraunlari gehien izan eta izaten dituzten taldeak jaitsi egiten dira lehenago edo geroago liga nagusitik. «Ez da ligaren eraginagatik. Harrobia oinarri duen taldeak, Pasaiako biak adibidez, belaunaldi on batekin joaten dira gora, eta horren zain daude orain. Ligaren aurretik ere gorabehera berberak izaten zituzten». Diruz eta fitxaketen bidez osatutako taldeak aipatu ditu, kontrakarrean: «Ligak horrelako taldeen sorrera ekarri du, eta maila igoarazten dute. Hori ikusirik, Orio eta Hondarribia egiten ari direnak meritu handia dauka».
«Produktua da, kirola ez»
Ligarekin batera, gauza berri batzuk ere etorri dira. Esaterako, aurreneko estropadak Kantauri itsasotik kanpoko leku eta eremuetan egitea. 2008koa Zaragozan (Espainia) hasi zen, Ebro ibaian. 2011koa sonatua izan zen. Bordelen (Frantzia) zen hastekoa liga, baina ezin, ur-lasterrek eraginda. Fernandezek ondo gogoan du hura: « Kiroletik kanpo dabilen norbaitek antolatutakoa izan zen, ezagutza falta handiarekin, ez dakien batek. 'Produktua daukat eta nahi dudana egingo dut' pentsamoldearekin. Kirolean bakarrik ez, non lo egin genuen eta abar, astakeria handi bat izan zen». 2013an eta 2014an amaitu ziren txangoak, Bartzelonan egindako bi estropadekin.
Horrelakoetan arraunlaria non geratzen den... Fernandezek onartu du urteen joanean «txotxongilo» bihurtu direla, baina «errua» arraunlariena da: «Ez gara elkartzen, ez dugu elkarterik sortzen, eta ez dugu erabakitzeko ahalmenik. Alferrik da uda hasietan kexaka hastea, neguan ez bagara elkartzen.
Baduela ertzik ligak. Ez bat eta ez bi. Klubei dagokie aldatzea, haien bozekin. Etorkizun «sendoa» ikusten du Diazek. «Desagertzea ez dut aurreikusten, eta gertatuz gero, antzeko formatu batekin berrabiatuko litzateke». Aranbururen ustez, «ligak ez badu gerorik, arraunak ere ez. Gauza oker eta guzti, aukera onena da arraunarentzat».
Fernandez kritikoagoa da oraingo egoerarakin: «Hasieran ona izan zen bezala, orain ez hainbeste. Asko galdu da. Gaur egun hausnarketa egin behar da. KAE 2n oso talde gutxi daude, KAE1ean talde murritzak daude, eta ematen du arraun guztia jaso duela TKE ligak. Aulki mugikorra txikitu egin du. Goian dauden taldeek eta agintariek produktu bat maneiatzen dute, ez kirol bat. Arriskua dakar. Oraingo itxura ez da ona. Landu egin daiteke formula bat arraunean pentsatzeko, eta ez bakarrik TKE ligan. Hori falta da, arraunean pentsatzea, ez TKEn bakarrik».