Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Barraskiloak euria denean bezala...

Urtero legez, milaka euskal zale bildu dira Pirinioetan, Tourra ikusteko. ESAITeko kideak bertan dira, eta gustura daude egonaldiarekin, eguraldia eta ingurunea lagun dutela.

Euskal zaleak, Aubisqueko gainean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Urtero bezala, Pirinioek euskal zaleen gotorleku dirudite. Barraskiloak euria ari denean irteten diren moduan, Pirinioetan azaltzen dira zaleak, Frantziako Tourra iristean. Euskal Herriko jende asko bildu da Frantziako malda gogorretan. Han dira Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldekoak (ESAIT) ere. Gustura da koordinatzailea, Martxel Toledo, antolatu dituzten ekitaldiekin. Atzo eta herenegun egindako euskal festekin «oso pozik» daude, «euskal jende mordoa» elkartu baita ESAITen gunean. Haatik, aurreko urteetan baino «elastiko laranja gutxiago» ikusi ditu Toledok, euskal zale ugari egon arren.

Bestalde, ingurunearen edertasunak eta eguraldiak lagundu dietela azaldu du: «Bistak zoragarriak dira, eta eguraldiarekin ezin gara kexatu». Horregatik, arazorik gabe egin zuten atzoko txirrindulari martxa, Peyresourden gora. «80 edo 90 parte hartzaile inguru izan dira, bakoitza bere erritmoan». Harrituta geratu da jendarmeen jokabidearekin. Izan ere, martxa hasi baino lehen, aurreko urteetan ez diete parte hartzaileen argazkia egiten utzi. Aurten, aldiz, ez dute arazorik izan: «Jendarmeek eurek atera digute argazkia!».

Kanpatzeko garaian, baina, zailtasunak izan dituzte zaleek. Mendate horietan leku gutxi dago kanpatzeko. Bada alderdi bat, Peyresourde eta Peyragudesen bidegurutzean, oso zabala dena. «Gune aproposa da, baina hesiz inguratu dute, eta sartzeko ordaindu beharra dago», salatu du Toledok. Hogei urtetan, «lehen aldia» da akanpatzeko ordaindu behar dutena.

Hala ere, han jarri dute gunea, eta han dira Euskal Herriko zale asko ere. Beste batzuei, ordea, ez diete sartzen utzi, beteta zegoelakoan. «Baina ez da bete», kexatu da ESAITeko koordinatzailea. Beste norabaitjoan behar izan dute, mendatean gora edo behera, «haserre».

Euskal festak antolatzeko ere izan dute mugarik. Hasiera batean, jakinarazi zieten ezin zutela ezer antolatu, ez musikarik jarri. Hala ere, azkenerako utzi zieten festak egiten, baina kontrolpean: «Tarteka ohartaraztera etorri dira». Gunetik gertu, karpa bat jarri dute antolatzaileek. «Haiekin lehian gabiltzala pentsatuko dute», dio Toledok, «eta horregatik jartzen dizkigute oztopoak».

Leku beretik ikusiko dituzte bi etapak. Peyresourden igoera izanzuten atzo, eta Peyragudesekoa izango dute ikusgai gaurkoan,helmuga baino lau kilometro lehenago. Txirrindulari martxa ere egingo dute, gunetik Peyragudesen gainera. Atzokoan «bezainbeste» jende elkartze0a espero du Toledok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.