Joane Somarriba. Laboral Kutxako aholkularia

«Barruan daramat ziklismoa, eta oso polita da sentipen zaharrak berritzea»

Laboral Kutxako txirrindularientzat «helduleku» izan nahi du Somarribak. Luzaro izan da ziklismotik at, eta aholkulari ariko da. «Asko dut ikasteko, gauzak pila bat aldatu dira eta».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
enaut agirrebengoa
2023ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herriak inoiz eman duen txirrindularirik onenetako bat da Joane Somarriba (Gernika, Bizkaia, 1972). Besteak beste, hiru Tour, bi Giro eta erlojupeko Munduko Txapelketa bat ageri dira haren garaipen zerrendan. 2005ean hartu zuen erretiroa, ama izateko, eta eliteko exijentziatik urrundu nahian. Pasioari eutsi egin dio, ordea, eta gogo onez onartu du Laboral Kutxak jarri dion erronka. Gorenean urte luzez pilatutako eskarmentua ziklisten zerbitzuan jartzen saiatuko da.

Ziklismoaren mundura itzuli zara urte askoren ondoren. Zergatik?

Laboral Kutxak apustu handia egin duelako emakumezkoen txirrindularitzan. Etxeko taldea da, eta proiektu serio bat du. Baliabide guztiak eskaintzen dizkie ziklistei profesionalak izateko. Proiektuarekin bat egiteko proposamena egin zidaten, eta aukera polita iruditu zitzaidan. Uste dute nire eskarmentua baliagarria izan ahal zaiela. Eta ni, poz-pozik: ziklismoa nire bizitza da, eta ilusio handia egiten dit itzultzeak.

Zer harreman izan duzu txirrindularitzarekin erretiroa hartu zenuenetik?

Erretiroa hartu, eta haurdunaldiak izan nituen jarraian. Geroztik, seme-alabak zaintzen eta hezten aritu naiz. Deskonektaturik egon naiz ziklismoari dagokionez. Urte asko pasatu dira, eta aldaketa handia datorkit orain. Gogo handia daukat berriz ere nire pasioarekin lotura edukitzeko.

Zein izango da, zehatz-mehatz, zure zeregina Laboral Kutxan?

Nik bizi izan nuenetik abiatuta, aholkuak emango dizkiet txirrindulariei. Baina entzuteko ere egongo naiz. Urte askoan izan nintzen txirrindulari, eta oso ondo ulertzen dut haien egoera. Badakit diziplina handia behar dela aurrera egiteko. Mentalki esfortzu handia egin behar duzu. Helduleku izaten saiatuko naiz. Batetik bestera ibiliko naiz, lasterketaz lasterketa. Asko dut ikasteko, gauzak pila bat aldatu dira eta.

Maiatzean zenbait lasterketatan egon zinen taldearekin. Nolakoak izan ziren lehen sentipen horiek?

Barruan daramat ziklismoa, eta oso polita da sentipen zaharrak berritzea. Nire azken oroimenak bizikleta baten gainean izan ziren emakumeen lasterketetan. Autoan joanda, oroitzapen horietako asko berritu ditut;adibidez, leihoa jaitsi, eta aldapetan txirrindularien arnasa entzutean. Berriro hor egotea bezala izan da. Sentsazio asko azaleratu zaizkit. Gogoratu dut zeinen kirol gogorra den eta zenbat lan egin behar den hor egoteko.

Andaluziako Itzulian, UCI mailako lehen garaipena lortu zuen taldeak. Pausoz pauso, elitera bidean doa.

Taldea oso norabide onean ikusten dut. Guk erreferente izan nahi dugu behetik datozenentzat, eta helburua World Tourrera iristea da. Posible da, bai noski. Neskak oso motibatuta daude, eta oso profesionalak dira. Mentalitate egokia dute kirol honetan hazten jarraitzeko. Lan handia ari dira egiten urtez urte, eta, pixkanaka, emaitzak iristen ari dira. World Tourrera denbora gutxian irits daitezke. Dena den, emaitzen gainetik, garrantzitsuena da azpiko mailetan dabiltzanek gu etorkizuneko aukera bezala ikustea.

Gaur egun emakume ziklistek dituzten baldintzek ez dute zerikusirik zure garaian izan zenituztenekin, ezta?

Gauzak ikaragarri aldatu dira. Hasteko, gure garaian gizonen kirola zen. Zailtasun handiak genituen. Sekulako esfortzua egiten genuen, baina zertarako? Ez zegoen aukerarik profesional izateko. Urte gogorrak izan ziren, eta sarri izan ginen uztekotan. Orain, ordea, etorkizuneko aukera izan dezakete etxeko talde batean. Bestelako baldintzak ere asko aldatu dira. Liluratuta gelditu nintzen aurtengo Vueltan. Antolakuntza, baliabideak, txirrindularien prestakuntza eta zainketa... Ikaragarri profesionalizatu da dena. Pentsa egutegia ere zenbat hobetu den: lasterketarik ezagunenetan lehiatzeko aukera dute orain emakumezkoek. Asko pozten nau ikusteak aukera berdintasunera gerturatzen ari garela.

Inbidiarik sentitzen duzu txirrindulariak ikusita?

Ez, inbidiarik ez. Ederra izango zen, noski, gaur egungo baldintzetan lan egin ahal izatea, baina asko gozatu nuen orduko baldintza gogorrei aurre egiten. Hasieran, Tourrera edo Girora Espainiako selekzioarekin joan gintezkeen bakarrik, taldeek ez baitzuten nahikoa diru. Tourra edo Giroa, bietako bat aukeratzen zuen selekzioak, eta guk beste erabaki bat hartu behar genuen: masajista edo mekanikaria eraman. Biak ezin ziren eraman. Zailtasun asko izan genuen, baina nik beti alde onari begiratu nion. Jendearen miresmena jasotzean, ahaztu egiten nituen gauza txar guztiak.

Eta nola sentitzen da bat Tourra eta Giroa irabaztean?

Hainbeste oztopori aurre egin ondoren, garaipenek ikaragarri poztu ninduten. Italiara joatea izan zen gakoa. Gauza asko aldatu ziren: prestaketa, lasterketen planteamendua... Luperini bezalako goi mailako ziklistekin aritu nintzen. Asko ikasi nuen haientzat lan egiten, eta haziz joan nintzen pixkanaka. Garaipenak lortzerik ez nuen espero. Zuzendariek gaia nuela esaten zidaten, baina nik ez nuen erabat sinesten. «Nola lortuko dut, ba, nik garaipenik?», pentsatzen nuen. Mentalitatez aldatzen lagundu zidaten Italian.

Goi-goian zinela hartu zenuen erretiroa. Buruak nahikoa zela esan zizun.

Presioa kudeatzea gogorra zen. Irabazten duzunean, ematen du betebeharra dela berriz irabaztea. Eta irabazi ezean, sekulako porrota da. Lan eta sakrifizio asko egin behar zenuen, eta urteak geroz eta nekatuago bukatzen nituen. Amaieran, uzteko momentua zela sentitu nuen, ama izateko gogoak bultzatuta. Oso maila ona nuen oraindik, baina buruak beste zerbait eskatzen zidan. Askoz ere gogo handiagoa nuen familia bat osatzeko, bizikletan helburuak lortzen jarraitzeko baino. Munduko Txapelketan zilarrezko domina lortu, eta agur esan nuen.

2005ean utzi zenion lehiatzeari, baina urte hauetan bizikleta ez duzu eduki ganbaran hautsa pilatzen.

Zale bezala, urtero joan izan gara Tourrera seme-alabekin, autokarabana hartuta. Eta asko gozatu dut bizikletan ibiliz. Lehen, nire burua aztertzen eta neurtzen nuen bizikletara igotzen nintzen aldiro. Gainera, entrenamenduak gogorrak ziren, eta etxetik kanpo denbora asko pasatzen nuen. Horiek horrela, aske sentitu nintzen erretiroa hartu ondoren. Bizikletan ateratzean, inguruari erreparatzen hasi nintzen. Begiak zabaltzea bezala izan zen: «Mila bider pasatu naiz hemendik, baina zeinen ederra den baserri hau». Toki berriak lasai ezagutzea, seme-alabekin ibiltzea... Askoz harreman hobea dut orain bizikletarekin.

Gaur egungo ziklismoan ere irabaziko luke garai bateko Joanek?

Baietz esango nuke. Gure garaiko batezbestekoak ere oso onak ziren, eta lasterketak, oso gogorrak. Tourrean, adibidez, Alpeetan eta Pirinioetan aritzen ginen. Orain, txirrindulari gutxiago daude irabazteko moduan. Hautagai gehiago geunden lehen, eta oso maila handia geneukan denok.

Euskal Herrian oso ziklista onak agertu dira zu erretiratu zinenetik; txapeldun handirik ez, ordea. Zergatik?

Alderaketak gogorrak dira. Nire garaian, lizentzia pila bat zeuden eskoletan, eta ziklista ugari atera ginen bertatik. Hori falta da orain. Oinarrian lan handia egiten dute, baina une kritiko bat izaten da, juniorretatik jauzi egin behar denean. Emakumeen ziklismoan ez duzu formakuntzarako tarte hori: junior izateari utzi, eta munduko onenekin lehiatzen hasten zara. Hori oso gogorra da mentalki. Ni ere uztekotan izan nintzen askotan, baina jo eta ke jarraitzeko esango nieke neskei. Laboral Kutxarena bezalako egitasmoak lagungarriak izango dira ziklistek barruan duten onena atera dezaten.

Bilbotik irten zen 2001eko Tourra ere, eta bat zenbakiko dortsalarekin aritu zinen zu. Zer oroipen duzu?

Bizikleta baten gainean izan dudan egunik politena izan zen. Eman ahal guztian aritu nintzen aurreko urteko Tourrean, Bilboko irteera hori gogoan izanik. Txapeldun bezala aritu nahi nuen etxean. Lortu nuen, eta, hori gutxi balitz bezala, nagusitu egin nintzen Bilboko erlojupekoan. Den-dena gogoratzen dut, aurreko egunetatik hasita. Sentsazio zoragarriak izan nituen. Jende asko atera zen errepidera gu ikustera, eta maitasun handia erakutsi ziguten. «Baina, Joane, guk hau ez dugu sekula sentitu», esan zidaten tropelkideek. Oso harro sentitu nintzen. Aurten ere asko gozatuko dugu Tourra etxean ikusita, eta bultzada handia izan daiteke hemengo txirrindularitzarentzat.

Baduzu itxaropenik noizbait Laboral Kutxarekin Tourrera joateko?

Oso polita izango litzateke. Horretarako lanean ari da taldea, eta, bide onetik jarraitzen badu, uste dut denbora gutxian hor egon daitekeela. Urrats garrantzitsua izango da erreferente bezala indartzeko eta harrobiari bultzada emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.