Roberto Lopez Ufarte. Realeko jokalari ohia

«Bartzelonari talderen batek irabaztekotan, Realak irabaziko dio»

Realak 1987an irabazi zuen azkenekoz titulu bat, Espainiako Kopako finalean Atletico Madril gaindituta. Roberto Lopez Ufarterentzat azken partida izan zen hura txuri-urdin jantzita.

jon eskudero
Donostia
2014ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Orain dela urtebete ezohiko dei bat jaso zuen Roberto Lopez Ufartek (Fez, Maroko, 1958). «Nahi al duzu Vanuatuko Errepublikako futbol arduraduna izan?», galdetu zioten ingelesez, eta Realeko jokalari ohiak ez zuen bi aldiz pentsatu. «Ingelesez ez nekien, baina emazteak eta biok hara joatea erabaki genuen. Maila guztietako entrenatzaileei futbolaren sekretuak erakusten aritu naiz abendura bitarte». Vanuatuko Errepublika Ozeano Barean dagoen herrialde eta uhartedia da. «Hemengo aldean pobrezia handia dago, baina esperientzia aparta bizi izan dut. Akaso, berriz itzuliko naiz laster». Bien bitartean, baina, etxean da, Irunen (Gipuzkoa), Reala gertutik jarraitzen. «Aukera historiko bat dauka», dio, baikortasunez.

Lehenik eta behin, zer moduz Vanuatun?

Sekulako esperientzia izan da. Lau lurrikara bizi izan ditugu, gaixotasun bat edo beste gainditu beharra ere bai, baina guztia bikain joan da. Oso herrialde segurua da, eta horrek garrantzi handia izan zuen hara joateko erabakia hartzean. Gauzarik txarrena da gutxienez hiru egun behar direla hemendik hara joateko. Australiatik 1.750 kilometro ingurura dago, eta nekeza egiten da hori. Entrenatzaile naizen aldetik, lana aurkitzea dut orain helburu, eta baditut pare bat eskaintza ez oso urrunekoak. Dena den, baliteke berriz ere Vanuatura itzultzea. Ikusiko dut zer egin.

Zer-nolako osasuna dauka futbolak han?

Lehenengo egunetan harrituta geratu nintzen. Baloiarekin artista hutsak dira, teknika aparta eta edozer egiteko gaitasuna daukate. Ez da harritzekoa, jaio eta berehala baloi batekin jolasean hasten baitira. Ordea, taktikoki ez daukate ideiarik ere. Norberak nahi duena egiten du, talde lanean pentsatu gabe. Pentsaera hori aldarazten saiatu naiz.

Realak badu zerbait ona, talde lan hori bera. Zer moduzko denboraldia egiten ari dela iruditzen zaizu?

Ikaragarri ona. Ez nuen pentsatuko inondik inora hain ongi ibiliko zenik. Joan den sasoiko lan onari jarraitutasuna ematen ari zaio Jagoba Arrasate. Kontuan hartu behar da lehiatzen uztailean hasi zirela eta jada otsailean gaudela. Jokalariak ongi ari dira, baina uste dut hainbeste partidak kalte egin dietela berandu baino lehen. Tira, ez, uste dut jada nekea igartzen hasiak direla. Vila-realen aurka Anoetan jokatutako Kopako partidatik hasita, freskotasun faltan daude hainbat jokalari, eta Atletico Madrilen aurka ere igarri zen joan den igandean.

Horregatik, ez al du meritu bikoitza Kopako finalerdietara noiz eta aurten iristeak?

Dudarik gabe. Txapeldunen Ligari duintasunez esan zion agur Realak, ligan ere onenen artean dago, nahiz eta ia ezinezko ikusten dudan laugarren postu hori eskuratzea. Eta, Kopan ere, finalerdietara heltzea balentria itzela da. Reala ez dago Bartzelonaren eta Real Madrilen pare jokalari multzoari dagokionez, eta harrobiak garrantzi handia du. Zorionez, osasuntsu dago Zubietako harrobia. Hori bai, Griezmann edo Velari lesio bat etorriz gero, akabo. Momentu honetan nahiko sasoiko daude biak ala biak, eta aprobetxatu beharra dago Bartzelonari irabazteko.

Posible ikusten duzu, beraz, Bartzelona kanporatzea?

Zergatik ez! Jar gaitezen Realeko jokalarien larruan. Haiek ezin dute pentsatu Bartzelona gaindiezina denik, bestela hobe zelaira ez ateratzea. Eta zaleok ere ilusioz gainezka gaude, 26 urte gehiegi baitira final bat jokatu gabe. Lehengoan istripu handi samarra izan zuen Bartzelonak Valentziaren aurka galduta. Alde batetik, ona da hori, Realak ere aukera ikusiko duelako Camp Nou estadioan irabazteko. Bestalde, baina, esaera zahar hori etortzen zait gogora: basurdea arriskutsuagoa dela zaurituta dagoenean. Emaitzaz haratago, nik gauza bat eskatzen diot Realari: lehiakorra izatea eta burua sekula ere ez makurtzea.

Izan ere, talde handien zelaietan nortasun falta apur bat nabaritu izan zaie jokalariei.

Horregatik diot lehiakortasuna erakutsi behar dutela. Zubietan, beti irakatsi izan dute lehiakorrak eta adoretsuak izaten, eta horretan ezin dute huts egin. Guztiok dakigu Bartzelona hobea dela, baina Kopan edozer gauza gerta daiteke. Bartzelonari talderen batek irabaztekotan, Realak irabaziko dio. Orain dela gutxira arte, Espainiako Ligako futbolik onenetakoa egin du Realak, eta Bartzelona ez dut uste orain dela hiruzpalau urteko talde bera denik. Jokalari bikainak ditu, baina zerbait falta du. Ez da Pep Guardiolaren garaikoa.

Itzuliko partida etxean jokatzea abantaila izan al daiteke?

Askok ezetz diote, baina arrazoirik gabe. Benetako orduan zaleen babesa edukitzeak ez du preziorik. 1983-84ko sasoian Milango Interren aurka jokatu genuen guk Europako Kopako kanporaketa bat, eta 3-0 galdu genuen Italian. Halere, pentsatzen genuen etxean buelta emateko gai ginela. Ez genuen lortu, baina sinetsi bai. Realarentzat garrantzitsua izango da Camp Noun emaitza on bat lortzea.

Realak azken titulua 1987an eskuratu zuen, Kopako finalean Atletico Madrili irabazita. Hain justu, hura izan zen zure azken partida elastiko txuri-urdina jantzita. Gogoan duzu?

Orduko bideoa behin baino gehiagotan ikusi dut, bai. Bina amaitu genuen neurketa, eta penaltietan nagusitu ginen. Lehenengo gola nik sartu nuen, gainera. Orduan talde handia zen Reala, inoren inbidiarik gabekoa. Sendotasuna zen gure ezaugarri nagusia, eta lehiakorrak ginen. Urte gehiegi igaro dira finalik jokatu gabe, eta orain da unerik aproposena.

Final hura irabazi eta gero, Atletico Madrilerako bidea hartu zenuen.

Halabeharrez gertatu zen hori. John Toshack genuen entrenatzaile, eta esan zidan nirekin ez zuela kontatzen hurrengo denboraldirako. Nahiago zuela Bakero, Begiristain eta beste batzuei tokia egin. Onartu egin nuen erabakia. Kopako finala jokatzerako banekien ez nuela Realean jarraituko. Ez nekiena zera zen, Atletico Madrilera joango nintzela.

Orain, badirudi Griezmann izango dela hurrengoa Realetik ateratzen. Zu bezala, ezker hegaleko erasoko jokalaria da hura ere. Antza duzue?

Griezmann Realetik joaten bada, ezingo zaio deus leporatu, jokalari izugarria baita. Ez dugu antzekotasunik. Abiadura dauka, golak sartzen ditu, defentsan laguntzen du... Oraingo futbolariak gure garaikoak baino askoz hobeak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.