Fuenlabrada 84. Caja Laboral Baskonia 68

Baskonia barregarri aritu da, eta pikutara bota du bere estimua

Arabarrek ulertzen zaila den partziala hartu dute hirugarren laurdenean, 34-7, eta etxetik urrun eskas jarraitzen dute

Andoni Urbistondo.
2011ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Fuenlabrada. Colom (5), Kus (6), Rabaseda (14), Ayon (16), Guardia (6) —hasierako bostekoa—; Mainoldi (14), Laviña (5), Valters (8), Biyombo (8), Kortaberria (2) eta Muñoz.

Caja Laboral Baskonia. Huertas (6), Oleson (7), San Emeterio (6), Teletovic (18), Barac (12) —hasierako bostekoa—; Ribas (5), Logan (6), Batista (4) eta Bjelica (4).

Markagailua. 15-25, 37-38 (atsedenaldian); 71-45 eta 84-68.

Epaileak. Pizarro, Murgui eta Calatrava. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 5.100 ikusle inguru Fernando Martin pabiloian.

Ez baduzu ikusten, ez duzu sinesten. Baskonia lotsagarri, barregarri aritu zen Fuenlabradan, eta gaitzik arinena porrota bera da, zoritxarrez. Partida bat galtzea ez delako larria, baina Baskoniak erakutsi zuen jokoa, jarrera, grina, bai. Oso, gainera. Baskoniak 34-7ko partzial sineskaitza jaso zuen hirugarren laurdenean, intentsitate, gogo gehiago erakutsi zuen taldearen aurka, eta modu ulertezinean, besoak jaitsi eta belaunikatu egin zen. Horretan sakondu behar da, Baskoniak han eta hemen zabaldu duelako bere izaera eta kasta sonatu hori, eta erakusten ez duenean ere horren berri eman behar delako.

Lehen laurden on bat, eta hiru txar. Tira, bat, oso txarra, inoiz errepikatu behar ez dena. 15-25 aurreratu zen Baskonia lehen hamar minutukoan, baina Fuenlabradak partida berdindu zuen atsedenerako, 37-28. Hirugarren laurdena latza izan zen. Fuenlabrada dena sartzen, dena oztopatzen, eta Baskonia errendituta. Ezin da onartu. Jokalariek ezin dute halakorik onartu, baina partidatik joan ziren, eta, jakina, Fuenlabradak oparia baliatu zuen, Gasteizko taldea txikitzeko.

Hausnarketa sakona egiteko moduko datu asko eman zituen partidak. Baskoniak zazpi minutu behar izan zituen baloi bat saskiratzeko hirugarren laurden lazgarri horretan. Ordurako, 26 puntu sartu zituen Fuenlabradak. Zer esan, hori ikusita? Datu interesgarriak dira Baskoniak urtarrilaren 9an irabazi zuela azkenekoz Gasteiztik kanpora, Donostian, eta dagoeneko hamar partida galdu dituela ligan. Asko. Gehiegi. Edonork irabazten dio Baskoniari etxetik at. Maccabik ere bai, noski. Zauria itxi behar da, eta azkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.