Saski Baskoniarentzat ez da beste edozein partida bezalakoa izango gaur gauekoa. Milanen epaileetako batek baloia gora botatzen duenean, ez da hasiko beste partida bat Gasteizko taldearentzat: 500.a izango du Euroligan. Soilik beste bi talde hauek iritsi dira kopuru horretara: CSKA Mosku eta Bartzelona. Gaur, Olympiakosek ere osatuko du bere 500. partida.
Duela hogei urte hasi zen Europako kluben txapelketarik garrantzitsuena, klubek beraiek antolatuta eta kudeatuta. Haustura eragin zuen ordura arteko antolakuntza moldearekin. Nazioarteko Federazioaren altzotik hanka egin zuten klubek, eta horietako bat izan zen Baskonia. Harrezkeroztik, Euroliga guztietan aritu da. Denboraldi honetan 21. aldiz parte hartuko du.
Emaitzak denetarikoak izan dira, eta, horien artean, badira nabarmendu beharreko batzuk: bitan izan da txapeldunorde, behin hirugarren, eta hiru bider laugarren. Guztira, bost aldiz sailkatu da Lauko Finaletarako. Irabazi ez du egin inoiz, ordea, eta, hain justu, Euroliga da Baskoniaren palmaresean falta den txapelketa nagusia.
Gaur arte jokatu dituen 499 partidetatik, 280 ditu irabaziak. 247 partida etxean jokatu ditu, eta gainontzekoak, kanpoan. Partida gehien CSKAren aurka jokatu ditu (42). Palmaresean oinarrituta, hainbat mugarri ditu klubaren ibiliak Euroligan.
Aurreneko finala (2001)
Aurrenekoa lehen txapelketakoa da, 2000-2001eko denboraldikoa. Finalera heldu zen orduan TAU Ceramica izenaz ari zen taldea, eta Kinder Bologna talde indartsuak menderatu zuen (3-1). Jokalari hauek erabili zituen Dusko Ivanovicek aurreneko Euroliga hartan: Luis Scola, Dani Garcia, Andres Nocioni, Elmer Benett, Laurent Foirest, Sergi Vidal, Mindaugas Timinskas, Saulius Stombergas, Victor Alexander, Fabricio Oberto eta Chris Corchiani.
Lehendabiziko Lauko Finala, eta berriz ere bigarren (2005)
Handik lau urtera jokatu zuen bigarren finala TAU Ceramicak. Lauko Finalaren formatua ezarrita zegoen ordurako, eta Moskura sailkatu ziren lau taldeen artean zegoen Baskonia. Finalerdietan, etxekoak menderatu zituzten Ivanovicenek (85-78). Ezustea izan zen CSKA ahaltsua finaletik kanpo geratzea. Partida handian, baina, Baskoniak ez zuen aukera handirik izan Maccabi Tel Aviven kontra (90-78). Jokalari hauek jokatu zuten Euroligan: Jose Manuel Calderon, Arvidas Macijauskas, Vidal, Scola, Kornel David, Travis Hansen, Thiago Splitter, Andrew Betts, Omar Quintero, Robert Conley, Roberto Gabini eta Pablo Prigioni.
[YouTube]https://youtu.be/3Nz1mRXLN2o[/YouTube]
OAKA pabiloiko garaipen historikoa eta bigarren Lauko Finala (2006)
Moskukoaren ondoren, hiru urtez jarraian sailkatu zen Baskonia Lauko Finalerako. 2005-2006ko denboraldian, berriz ere Maccabi jarri zitzaion parean, finalerdietan orduko hartan, eta aurreko urtean bezala, israeldarrek irabazi zuten (85-70). Hirugarren izan zen taldea, Bartzelonaren aurka lortu baitzuen garaipena final txikian. Velimir Perasovic zen entrenatzailea, eta jokalari hauek izan zituen bere aginduetara Euroligan: David, Predrag Drobnjak, Hansen, Casey Jacobsen, Lionel Chalmers, Oscar Garcia, Jordi Grimau, Prigioni, Scola, Splitter, Roko Ukic, Serkan Erdogan eta Vidal. Lauko Finalerako sailkatzeko, Baskoniak Panathinaikosen pistan (OAKA) lortu zuen garaipen erabakigarria. Historikoa izan zen.
[YouTube]https://youtu.be/sKXbAP-66sM[/YouTube]
Hirugarren Lauko Finala (2007)
Atenasen jokatu zen Lauko Finala, eta sailkatzea lortu zuen Tau Ceramicak. Finalerdietan, ordea, Panathinaikosek aurreko denboraldiko mendekua hartu, eta irabazi egin zion Bozidar Maljkovicek zuzentzen zuen taldeari (67-53). Final txikian ere galdu egin zuen Unicajaren aurka, eta laugarren bukatu zuen Lauko Final hura. Denboraldian zehar, jokalari hauek jokatu zuten Euroliga: Ender Arslan, Jesus Cilla, Erdogan, Ariel Eslava, Diego Fajardo, Fred House, Kaya Peker, Zoran Planinic, Prigioni, Igor Rakocevic, Scola, Splitter, Mirza Teletovic eta Vidal.
Laugarren Lauko Finala jarraian (2008)
Tau Ceramicak laugarren urtez segidan lortu zuen Lauko Finala jokatzea. Madrilen izan zen, eta, orduko hartan ere, finaletik kanpo geratu zen. CSKA Moskuk bota zuen kalera, finalerdietan (79-83). Gero, final txikian ere galtzaile izan zen Neven Spahijak zuzentzen zuen taldea. Jokalari hauek erabili zituen entrenatzaile kroaziarrak denboraldian zehar Euroligan: Lucho Fernandez, Ander Garcia, Simas Jasaitis, Linton Johnson, Will McDonald, Pete Mickeal, Gabi Muoneke, Z. Planinic, Prigioni, Rakocevic, James Singleton, Splitter, Teletovic eta Vidal.
Azkeneko Lauko Finala oraingoz (2016)
Zortzi urtez egon zen Baskonia Lauko Finala jokatu gabe gero. Lehortea 2016an eten zuen, Berlinen. Laboral Kutxa izena zuen orduan taldeak, eta ezustetzat hartu zen Euroligko lau talde onenen artean sartzea Perasovicek zuzentzen zuen jokalari multzoa. Finalerdietan amaitu zitzaion lehiaketa, beste behin ere. Fenerbahcek menderatu zuen (88-77). Final txikian, beste horrenbeste egin zuen Lokomotiv Kubanek, eta laugarren bukatu zuen Baskoniak. Kroaziko entrenatzaileak jokalari hauek erabili zituen denboraldi horretako Euroligan: Darius Adams, Davis Bertans, Jaka Blazic, Ioannis Burusis, Fabien Caseur, Alberto Corbacho, Mamadu Diop, Ilimane Diop, Adam Hanga, Mike James, Kristjan Kangur, Darko Planinic, Tornike Xengelia eta Kim Tillie.
Gehien baloratua, Scola
Hogei urte eta erdiko ibilian, makina bat jokalarik jokatu dute Baskoniarekin Euroliga, eta, guztien artean, bat nabarmentzen da: Scola. Argentinako hegal-pibota da gehien baloratzen dena (2220), Xengeliaren eta Splitterren aurretik. Puntu gehien sartu duena ere huraxe da (2045); Xengelia eta Teletovic ditu atzetik. Baita minutu gehien jokatu duena ere (3680); atzetik ditu Prigioni eta Fernando San Emeterio.
Partida gehien Ilimane Diopek jokatu du (178), eta ondoren datoz zerrendan Vidal eta Prigioni. Errebote gehien Scolak dauzka hartuta (810), Xengeliak eta Spliterrek baino gehiago. Asistentzietan, Prigiona da onena (653), alde handia aterata Marcelinho Huertas eta Thomas Heurteli. Baloi gehien lapurtu duena ere Prigioni bera da (267), Scolaren eta Vidalen aurretik.
Entrenatzaileak: partida gehien, Ivanovicek
Hamahiru entrenatzailek zuzendu dute Baskonia Euroligan. Gehien, Ivanovicek (210). Horietatik 118 irabazi egin ditu taldeak. Montenegrokoaren ondoren, Perasovic dago (106 partida). Gero datoz Pedro Martinez (41), Sito Alonso (33), Spahija (25), Sergio Scariolo (24), Zan Tabak (22), Ibon Navarro (19), Maljkovic (6), Marco Crespi (5), Natxo Lezkano (4), Prigioni (3) eta Sergio Valdeolmillos (1).