Baskoniak Fabien Causeur eta Tibor Pleiss gazteak fitxatu ditu

25 urte ditu Causeur frantziarrak, eta 22, Pleiss alemaniarrak; lau urterako hitzarmena sinatu dute biek

Andoni Urbistondo.
Donostia
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Caja Laboral Baskoniak lehenengo mugimenduak egin ditu merkatuan. Azken urteetako joerari jarraituz, ustez etorkizun ona duten jokalari gazteen aldeko apustua egin du Josean Kerejetak, eta Fabien Causeur eta Tibor Pleiss bikotea fitxatu. Causer 1,93ko eskolta frantziarra da, 25 urtekoa, eta Frantziako Ligako jokalari frantziar onena izendatu dute bukatu berri den sasoian. Ia 15 puntu sartu ditu, batez beste, eta, gidaria baino gehiago, jaurtitzailea da.

Tibor Pleiss pibota da, eta gazteagoa. 22 urte bakarrik ditu, eta oso luzea da: 2,16. Pleiss pixkanaka egiten ari den jokalaria da. Oso ahula zen orain urte pare bat, baina pisua hartu du, eta jokoan nabarmen egin du hobera. Zortzi puntu eta sei errebote lortu ditu Brose Basket taldean, Alemanian eta Euroligan jokatutakoa da. Bi jokalariek lau urterako kontratua sinatu dute, eta horrek etorkizunari begira ekarritako jokalariak direla erakusten du.

Sito Alonsoren izena ere bolo-bolo dabil saskibaloi atari eta sare sozialetan, Baskoniara joango ote den edo ez. Alonsok Lagun Arorekin duen kontratua eten dezake, 30.000 euro inguru ordainduta, baina igandea baino lehen. Ivanovicek ere Baskoniarekin duen harremana eten beharko luke, Sito Alonsok pauso hori emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.