Askok espero baino hobeto ibili zen Caja Laboral Baskonia Superkopan, eta astebete atzera Bilbon erakutsitako irudi on horri bultzada emateko ahaleginean murgilduko da gaur arratsaldean hasita. ACB Liga abian da: akabo txantxak, neurria ematen ez duenak jai baitu, batez ere parean aurkari sendoa baldin baduzu. Halaxe da Cajasol, talde handiei itzal egiteko asmoz eraikitako taldea, baina joan den sasoian espero zen neurria eman ez zuena.
Horregatik indartu dute taldea, eta ondo, gainera. Kanporaketak jokatu gabe geratu zen Cajasol, eta Europatik at, ondorioz, eta ez dute halakorik errepikatzea nahi. Milenko Tepic eskolta fitxatu dute azken unean, baina ez da jokalari bakarra. Pancho Jasen ere fitxatu dute, argentinarrak Estudiantesen hamar urteko bide polita osatu ostean. Carl English ere iritsi da taldera, eta kanpoko lerro bikaina lotu dute Txemi Urtasun nafarraren laguntzarekin. Saskipean Paul Davis eta Juanjo Triguerorekin jarraitzen dute.
Baskoniak goitik behera aldatu taldea. Bi joko antolatzaile berri daude taldean, bi pibot berri, Seraphin eta Joey Dorsey —hiru astez egongo da jokatu gabe—, eta Reggie Williamsek ere beste aukera bat emango dio erasoan. Iradier Arenak hartuko duen lehen norgehiagoka izango da, eta bistan da, bertaratuko diren 8.000 zaleentzat eta taldearentzat, irabaziz hastea lagungarria izan liteke.
BASKONIA-CAJASOL
Txapelketa. ACB Ligako lehenengo jardunaldia.
Baskonia. Prigioni, Heurtel, Pau Ribas, Oleson, Reggie Williams, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Unai Calbarro, Teletovic, Milko Bjelica eta Seraphin.
Cajasol. Calloway, Satoransky, Tepic, Txemi Urtasun, Carl English, Pancho Jasen, Luka Bogdanovic, Ondrej Balvin, Triguero eta Paul Davis.
Tokia. Iradier Arena (8.500 eserleku).
Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Baskoniak gaur jokoan dauka Superkopako irudi ona, Cajasolen aurka
Joan Plazaren taldeak fitxaketa onak egin ditu: English, Tepic, Pancho Jasen... Dorseyk ez du jokatuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu