Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak

Baskoniaren izaera

Hogeita sei urtean, inork ez dio buelta eman 2-0koari , baina Baskoniak laugarren lehia behartu eta berdinketa lortu nahi duGasteiztarrek partida bakarra galdu dute ligan etxean, eta datu horri heltzen diote

Andoni Urbistondo.
2011ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Zaila dago kontua, ezinezkoa ez esateagatik, baina finaleko aukera saldu behar da. Aukera, egon, badagoelako. Txiki-txikia, baina badago. Bartzelona 0-2 da aurretik, eta nahikoa du beste partida bat irabaztea final handian sartzeko. Hiru aukera ditu, baina hiruretan lehena baliatzen saiatuko da, Baskoniari arnasa ematea zein arriskutsua den jakitun. Pascualen taldeak bihar bertan nahi du Bartzelonara bueltatu, Gasteizen beste bi egun geratu gabe, eta garesti salduko du bere porrota.

Baskoniak beste plangintza bat dauka buruan. Urrun geratzen zaio balizko laugarren partida—etzi jokatuko litzateke—, eta are urrunago bosgarrena —Bartzelonan igandean—. Badaki gaur irabazten ez badu oporretan dagoela, eta 1-2koa lortzea bakarrik dauka buruan. Gero gerokoak. Pauso bat eman behar du bizirik segitzeko, eta ematen duenean pentsatuko du bigarrena nola eman. Historia bera kontra du Baskoniak: 26 urtean inork ez dio buelta eman 0-2ko emaitzari kanporaketetan. Gai izanen al da Baskonia historia aldatzeko?

Epikara jo beharko du, arrakasta lortzekotan, joko aldetik argudio gutxi baititu lehen bi partidetan erabat nagusi izan den aurkariari aurre egiteko. Bartzelona garaiezin aritu da bi partiden bigarren zatietan, eta Baskonia bere ezinean ito. Bi garaipenak argiak izan dira, baina arabarrek lehen zatietan erakutsitako kemen horri eusten saiatu beharko lukete, tarte horretan ondo eutsi baitzioten kataluniarren suari. Zer da, baina, epikara jotzea? Baliabidez, jokoz, indarrez aberatsagoa denari aurre egiteko borondatea. Arrain txikiak handia jatea posible dela sinestea. Ondo jokatuz nahiz gaizki jokatuz. Legez, edo legez kanpo. Inoiz ez belaunikatzea, eta bide bazterrean uzten bazaituzte ere, duintasunez izatea.

Baskoniaren epika Baskoniaren izaera da. Joan den denboraldiko finalean Bartzelona ahaltsua 0-3 gainditu zuen izaera, Lauko Lau Final jokatu dituen taldearen izaera. Herri xume batekoa naiz, eta harro nago pankarta zintzilikatzen dute harmailetan, eta jokalariek hiri handien aurka borrokatzen diren herritar xumeen mozorroa jartzea esan nahi du Baskoniaren izaerak.

Zerikusi garrantzitsua du izaera horretan Buesa Arenako zaleak. Erabakigarria. Talde guztientzat da zaila Gasteizen irabaztea, eta are zailagoa partida garrantzitsuetan. Bartzelona Arabako hiriburura bisitan etortzen diren talderik gorrotatuenetakoa da, Real Madrilekin batera, eta epelak entzungo dituzte Pascualen jokalariek. Batez ere Juan Carlos Navarrok: Gasteizen ez diote barkatzen antzerkia egiteko duen joera.

Erreboteen garrantzia

Dena edo ia dena egin beharko du ondo Baskoniak, baina tentu handiz zaindu beharko ditu alor batzuk. Erreboteak, adibidez. 38-21 nagusitu zen lehen norgehiagokan Bartzelona, eta bigarrenean ere bai: 31-23. Borroka hori irabazten duenak edukiko du gertuen garaipena. Errebote gehiago irabazten badira bakarrik izango du San Emeteriok iazko saskiratze zoragarria errepikatzeko aukera.

BASKONIA-BARTZELONA

Txapelketa. ACB ligako finalerdietako hirugarren partida.0-2 doa aurretik Bartzelona

Caja Laboral Baskonia. Milt Palacio, Huertas, Logan, Oleson, Pau Ribas, San Emeterio, Teletovic, Dragicevic, Esteban Batista eta Barac.

Bartzelona. Ricky Rubio, Sada, Lakovic, Navarro, Roger Grimau, Ingles, Anderson, Erazem Lorbek, Morris, N'Dong,Fran Vazquez eta Perovic.

Lekua. Buesa Arena (9.693 ikusle).

Ordua. 20:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.