Bat, apala, eta bestea, txarra

Logan gabe, eta Rancik osatu gabe, galdu egin du Baskoniak Moskun; halere, multzoko lehen postuari eusten dio

Andoni Urbistondo.
2010eko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Gauzak datozen moduan hartu beste erremediorik ez omen dago, eta kito. Baskoniak talde erdiarekin jokatu zuen atzo Khimkiren aurka, eta lehen zati txukuna egin arren, behera egin zuen bigarrenean, nekeak jota, eta galdu egin zuen Moskun. Khimki talde apala da, eta Baskonia osatuak aise irabaziko lioke. Baina osotasun hori urrun sumatzen da, zoritxarrez. David Logan Moskura iritsi, iritsi zen, baina berandu, eta oso nekatuta. Indiana jaioterritik iritsi zen zuzenean (AEB), seme jaio berria bisitatzetik, eta ez zuen jokatu. Gizalegea eta profesionaltasunaren marra banatzea ez da erraza, baina Loganen hutsuneak min handia egin zion atzo Baskoniari.

Pau Ribasek joko antolatzaile jarduna hartu behar izan zuelako, eta ez zuelako asmatu. Martin Rancik ere aritu, aritu zen, baina min keinu nabariak egin zituen. Gehitu bi egoera horiei Nemanja Bjelicak burua Serbian daukala oraindik, eta emaitza garbia da: lauzpabost jokalarik hartu zuten erantzukizuna Moskun.

Horietatik bik bakarrik egin zuten baleko lana: Fernando San Emeterio eta Stanko Barac. Espainiarrak taldearen lehen zazpi puntuak saskiratu zituen, baina bigarren zatian hiru baloi eman zituen, nekearen eraginez. Baracek zenbaki bikoitzak lortu zituen, 12 puntu eta 12 errebote, baina ez zen nagusi izan saskipean. Khimkiko Benjamin Eze nigeriarrari kosta egin zitzaion Baraci neurria hartzea, baina hartu zionean desagertu egin zen. Kroaziarrak sei baloi galdu zituen.

Mirza Teletovic, Brad Oleson eta Marcelinho Huertas geratzen zaizkigu. Bosniarra kamuts aritu zen. Sergei Moniak defentsa ona egin zion, eta asko mugatu hegalekoaren jarduna: zazpi puntu eta %22 jaurtiketetan. Oleson ere nahi eta ezin aritu zen Keith Langforden aurka, eta baldar hirukoetan: bost jaurti eta bakarra saskiratu. Huertasek ere azken partidetako distira galdu zuen. Zazpi puntu eta lau asistentzia eman zituen, baina buruz buruko jokaldietan gaina hartu zion Raul Lopez kataluniarrak.

Bjelicaren jardunak aparteko azterketa behar du. -6ko balorazioa lortu zuen, eta zama astuna bilakatu zen taldearentzat kantxan egon zen 13 minututan. Jaurtitako dena huts egin zuen(puntu bateko bi jaurtiketa barne), eta hiru falta egin. Dusko Ivanovic ahalegin handia egiten ari da serbiarra taldera egokitzeko, baina Bjelicak ez du jarrera egokirik erakusten, ezta gutxiago ere.

Garrantzirik gabeko porrota

Partida txarra egin zuen Bjelicak, eta antzekoa taldeak. Khimkik baliabide gutxi erakutsi zuen. Langforden berekoikeria, Ezeren kemena saskipean, eta Zoran Planinicen aldikako inspirazioa erasoan. Gehiago ez. Monia eta Vitali Fridzon jokalari ilunak dira, Aleksei Savrasenko bera «jubilatu bat» da, Sergio Scarioloren hitzetan, eta Raul Lopezen garai onenak pasatu ziren. Gasteizen, itzulikoan argituko da zalantza, baina Khimkik baino askoz talde hobea dauka Baskoniak.

Moskuko porrotak bost garaipeneko bolada ona eteten du, baina ez da larria. Gasteiztarrek multzoko lidergoari eutsi diote, eta Kaunasko Zalgiris hartuko dute datorren asteazkenean Buesa Arenan. Garaipenaren arrastoan ibili zen gutxirekin, eta asko daukanean, mendean hartu beharko lituzke aise lehen ligaxka honetako aurkari denak, edo ia denak.



Khimki 64

Caja Laboral Baskonia 60

Khimki. Planinic (13), Langford (19), Fridzon (7), Eze (14), Monia (3) -hasierako bostekoa-; Loncar (4), Zaitsev,Savrasenko (2), Raul Lopez (2) eta Panin.

Caja Laboral Baskonia. Ribas (2), San Emeterio (18), Teletovic (7), Bjelica, Barac (12) -hasierako bostekoa-; Huertas (7), Rancik (2) eta Oleson (12).

Markagailua. 11-17, 29-31 (atsedenaldian); 53-47 eta 64-60.

Epaileak. Pukl, Zamojski eta Chambon. Oleson kanporatu zuten(39. min.).

Bestelakoak. 3.200 ikusle inguru Moskuko eskualdeko saskibaloi gunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.