Reala eta Athletic beste gauza batzuetan pentsatzen ari direla iritsi da derbia. Lehenengo partida izango da Realarentzat Imanol Alguacilek denboraldi amaieran kargua utziko duela jakinarazi zuenetik. Athleticek, ordea, buruan dauka oraindik Manchester Uniteden aurkako partida gogorra: 0-3 galdu zuten ostegunean, San Mamesen, Europa ligako finalerdietako joanekoan.
Reala eta Athletic beste behin arituko dira aurrez aurre. Espainiako Ligan gehien jokatu den derbia Anoetan izango da gaur, 21:00etan (Movistar), txapelketako 34. jardunaldian. Azken sei derbietan, etxean jokatu duen taldea izan da garaile: lau aldiz irabazi dute bilbotarrek, eta beste bitan donostiarrek.
Derbia irabaztea animo bultzada handia izango litzateke Realarentzat. Txuri-urdinek bolada kaskarra dute; baina, aste eta erdiko etenaldia eta Imanolen agurra dela-eta, sentipen onak izanda bukatu nahi dute denboraldiko azken txanpa, eta Europarako sailkatu seigarren aldiz jarraian. Reala hamaikagarren postuan dago sailkapenean, baina bi puntura besterik ez ditu aurretik dituen lehen hiru taldeak: Osasuna, Mallorca eta Rayo Vallecano, hurrenez hurren. Osasunak eta Rayok jada jokatu dute jardunaldi honetan: gorritxoek 4-2 galdu zuten atzo Vila-realen aurka, eta Rayok 1-0 irabazi zion herenegun Getaferi.
Apirila ez da gozoa izan txuri-urdinentzat. Ederki lehiatu arren, Espainiako Kopatik kanpo geratu ziren finalerdietan, eta Espainiako Ligan partida bakarra irabazi dute: 1-3 Las Palmasen kontra. Hurrengo hiru neurketak kaskarrak izan dira: 0-2 irabazi zien Mallorcak, Vila-realen (Herrialde Katalanak) bina berdindu zuten, eta Alavesek 1-0 garaitu zituen derbian. Izan ere, Realak ligan jokatu dituen bost derbiak galdu ditu denboraldi honetan, azkena Mendizorrotzan, duela 11 egun.
Imanolen azken derbia izango da Realaren entrenatzaile gisa. Teknikariak denboraldia bukatzean kargua utziko zuela jakinarazi zuen klubak aurreko astean, eta esan zuen Sergio Francisco Reala B-ko entrenatzailea izango dela haren ondorengoa. Izan ere, derbi bat izan da oriotarraren zuzendaritzapean jokatu den partidarik gogoratuena: Realak 1-0 irabazi zion Athletici Espainiako Kopako finalean, 2021ean, eta txuri-urdinen azken titulua irabazi zuen Sevillan (Espainia). Gainera, bilbotarrek ez dute derbirik irabazi Anoetan Imanol entrenatzaile denetik.
Oriotarrak ezin izango ditu Zakharian, Zubeldia eta Oskarsson zelairatu gaur, min hartuta baitaude. Islandiarrak, gainera, ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan. Hala ere, Barrenetxea, Becker, Aguerd eta Odriozola osatu egin dira, eta deialdian egongo dira. Bestalde, arriskuan daude Oiartzabal, Brais Mendez, Sergio Gomez, Turrientes, Aihen eta Javi Lopez; izan ere, txartel horia ateratzen badiete, ezingo dute jokatu hurrengo jardunaldian, Atletico Madrilen aurka.
Haserrea ahaztu
Athletic zaplazteko handi bat jaso berri iritsiko da derbira. Manchester Uniteden aurka galdu izana oso gogorra izan da bilbotarrentzat. Nahiz eta oraindik finalerako sailkatzeko aukera izan, Europa ligako finala San Mamesen jokatzeko ametsa bortizki desegin zen 35. minutuan. Neurketa 0-1 zegoela, epaileak txartel gorria atera zion Viviani, eta penalti horretan bigarren gola sartu zuten ingelesek. Bruno Fernandesek sartu zuen azken gola, eta emaitza borobildu: 0-3.
Ernesto Valverderen taldeak osteguneko partidako haserrea ahaztu behar du, eta ezin du Espainiako Ligan arreta galdu. Vila-real bi puntura gerturatu zen atzo, eta Betis ere lehiakor dabil, bizkaitarrengandik sei puntura. Zuri-gorriak laugarrenak dira, eta bosgarrena ere Txapeldunen Ligarako sailkatuko da.
Athleticek ez du Anoeta berrian irabazi. Azken garaipena 2017an izan zen, Donostiako estadioak oraindik atletismoko pistak zituenean. Ordutik bi norgehiagoka berdindu dituzte, eta bost galdu. Derbi horietan guztietan Imanol zen donostiarren entrenatzailea. 2020an izan zen etxetik kanpo jokatuta taldeak irabazi zuen azken derbia: Realak 0-1 irabazi zuen Urtezahar egunean jokatu zen derbian.
Sancet, De Marcos eta Nico Williams daude min hartuta Athleticen. Nico Williamsena da azken orduko berria, baina jokalariak min du aspaldian pubisean.
ALAVESEK MAILAZ IGOTZEKO LEHEN URRATSA EGIN NAHI DU GAUR, CACERESEN
Alavesek maila nagusira igo nahi du, eta, gaur egin nahi du lehen urratsa bide horretan, Caceresen (Espainia), Cacereñoren aurka, igoera faseko finalerdietako joanekoan (18:00). Arabarrek emaitza ona lortu nahi dute astebete barru etxean lana biribiltzeko. Ligan, Alavesek 3-1 irabazi zion Cacereñori Ibaian, eta 3-1 galdu zuen gero Caceresen.
Maila nagusian, berriz, Realak bolada txarra eten zuen atzo, Espanyoli 0-3 irabazita. Amaiur Sarriegik, Sanni Franssik eta Nerea Eizagirrek sartu zituzten txuri-urdinen golak. Eibarrek, ordea, 2-0 galdu zuen Valentziaren aurka.
Athleticek gaur jokatuko du, eta oso partida garrantzitsua du, Atletico Madrilen zelaian (12:00, Dazn). Txapeldunen Ligarako sailkatzeko lehian aurkari zuzena da: Espainiako taldea hirugarren postuan dago, eta Athleticek baino puntu bat gehiago du.