Bat-batean, kolpe latza

Yeray Alvarezi adenopatia bat atzeman diote tumorea kendu zioten barrabilean, eta kimioterapia ematen hasiko zaizkio. 21 urtez azpiko Eurokopa zen jokatzekoa Espainiarekin, baina egonaldia utzi du, tratamendua hartzen hasteko

Yeray Alvarez puxikak eskuan hartuta, Aspanovas Bizkaiko ume minbizidunen gurasoen elkarteak Gurutzetan antolaturiko ekitaldi batean. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2017ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Yeray Alvarezek (Barakaldo, Bizkaia, 1995) borrokari ekin beharko dio berriz. Athleticeko erdiko atzelariari adenopatia bat atzeman diote, gongoil linfatikoen inflamazioa, eta kimioterapia tratamendua hasi beharko du. Urtarrilean barrabil bat kendu zioten, eta kontrol azterketetako batean aurkitu diote gaitz berria. Ondo bidean, eta Athleticeko mediku zerbitzuen arabera, hiru hilabetez egon beharko du goi mailan entrenatu gabe. Sare sozialak jokalariaren aldeko animo eta babes mezuz bete dira.

Yerayk herenegun jaso zuen albiste txarra. Atzelaria Madrilen zegoen azken kontrol azterketa egin ziotenean, Espainiako 21 urtez azpiko selekzioaren egonaldian. Urtarrilean tumore bat kendu zioten barrabiletako batetik, eta, halako kasuetan, oso ohikoa da hiru hilabetean behin kontrolak egitea. Azterketetako emaitzetan «anomalia» bat aurkitu zuten, eta medikuek tratamendua agindu diote: kimioterapia hartu beharko du. Logikoa denez, jokalariak Eurokopa prestatzeko egonaldia utzi du, eta Bilbora itzuli da.

Jokalaria sare sozialen bitartez mintzatu zen, eta animoz ondo dagoela dirudi, «mila eta bat aldiz» zutituko dela adierazi baitzuen. «Lurrera bota duzula dirudienean, altxatu egiten da, eta berriz ere kolpatzen zaitu. Baina borroka hau irabazi egingo dut babesten nauen jende guztiaren laguntzarekin, eta berriz ere bota behar badut, hala izango da». Aurrekoan bezala, atzelariak sendotasunez hartu du albiste txarra.

Urte gazi-gozoa izaten ari da Yeray Alvarezentzat. Urtarrilaren 5ean egin zioten ebakuntza, baina oso bizkor indarberritu zen, eta otsailaren 4an itzuli zen zelaira. Ebakuntza osteko lehen azterketetan, gainera, ez zen gaitzaren inolako arrastorik agertu. Osasun albiste txarrek kirol mailako errendimendu bikainarekin egin dute talka. Lehen taldearekin eginiko aurreneko denboraldian, 35 partida jokatu ditu, eta 2022ra arte luzatu du kontratua Athleticekin. Bide batez, azken hilabeteetan ohiko bihurtu da Bilbo inguruko minbiziaren detekzioaren aldeko kanpainetan.

Ebakuntza osteko albiste onak, baina, herenegun okertu ziren. Mota askotako kimioterapia tratamenduak daude, baina futbolean antzeko kasu egon dira aurretik, eta gehienetan maila onean itzuli dira. Sergio Aragoneses atezain espainiarrak, esaterako, bi aldiz izan du barrabiletako minbizia. Arjen Robben Bayerneko jokalaria, Lubo Penev Valentziako aurrelari ohia edota Jose Francisco Molina, besteak beste, Atletico Madrileko atezain ohia, beste kasu ezagun batzuk dira. Guztiek kimioterapia jaso zuten; hori bai, hiru hilabete baino gehiago behar izan zituzten berrindartzeko. Hori da, hain zuzen, Athleticek ezarri duen sendatze epea.

Babes zabala

Ebakuntzaren albistearekin gertatu bezala, atzo ere futbol munduak —jokalariek, zaleek, taldeek...— bere babesa eskaini zion Yerayri. Athleticeko kide ia guztiek mezuak zabaldu zituzten sare sozialen bitartez. Mikel San Jose kapitainetako batek hau idatzi zuen: «Eguna horrela hastea ere... Eutsi, Yeray!». Iker Muniain, berriz, sakonago mintzatu zen: «Goraka begira jarrai ezazu, aurrera, gerlari handiek egiten duten bezala. Zailtasunei aurpegira begira. Zure alboan egongo gara beti, maite zaitugu». Iñaki Williams eta Yeray lagun minak dira, eta «elkarrekin borrokatuko» direla esan zion aurrelariak.

Athleticetik kanpo, beste euskal taldeek ere babesa adierazi zioten. Realak «Animo, Yeray!!! Zurekin gaude!!! Eutsi!» idatzi zuen. Eibarrek, bestalde, gaztelaniaz, mezu hau jarri zuen bere Twitter kontuan: «Gure babes eta gertutasun guztia Yeray Alvarezentzat eta Athleticeko familia osoarentzat, zuekin gaude». Alavesek ere gaztelaniaz idatzi zuen mezua: «Animo handia Yeray Alvarez eta Athelticentzat. Zuri-urdinak zuekin gaude! Laster ikusi nahi zaitugu zelaian egurra ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.