Arrauna. Kontxako Bandera

Bat, bi, edo bakar bat ere ez

Ainitze Illarramendik Kontxako bere bigarren garaipena lor dezake etzi, Zumaiarekin, eta Bersaitz Azkuek hirugarrena Urdaibairekin. Urte berean biek ez dute, ordea, inoiz irabazi, eta bikote direnez, aparteko ilusioa egingo lieke balentria horrek. Zuhur baina baikor daude.

Ainhitze Illarramendi Zumaiako arraunlaria eta Bersaitz Azkue Urdaibaikoa, aste honetan, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Zarautz
2015eko irailaren 11
00:00
Entzun
Ainitze Illarramendiren (Donostia, 1986) eta Bersaitz Azkueren (Zarautz, Gipuzkoa, 1982) etxean hiru Kontxako Bandera daude. Fisikoki ez, baina bien artean irabazitako kopurua da hori. Azkeneko hamarkadan lortu dituzte hirurak: Illarramendik, 2013an Zumaiarekin, eta Azkuek, 2010ean eta 2011n Urdaibairekin. Aurten ere banderaren lehian dira, garaipena eman zieten talde berberetan, eta bi aukera dituzte etxea beste bandera batekin apaintzeko. Baina batere gabe ere gera daitezke.

Etxean ez omen dute ia batere hitz egiten arraunaz: «Haserretu egiten gara», bota dute biek. «Hasten gara batek bi orduko entrenamendua egin duela, eta besteak horren erdia, bat bestea baino gehiago ari dela zaintzen jana eta pisua, eta hor katramilatzen gara», kontatu dute. Erabakia, zorrotz askoa: «Ez dugu hitz egiten». Gehienez ere, galdera elkarri: «Zer moduz estropada?». Erantzuna motza: «Ondo, gaizki edo erdizka».

Antzeko hitz solteekin erantzungo zioten elkarri joan den igandean, Donostiako kaian elkar ikusi zutenean: «Animoak eman genizkion elkarri, eta igandera begira itxaropentsu amaitu genuen biok». Badituzte motiboak aldarte onean egoteko. Azkuek 1,92 segundora dauka bandera preziatua, eta Illarramendik, hiru eskasera. Neskak mutilari konfiantza eman dio: «Zuek irabaziko duzuela nahiko ziur nago ni».

Zalantza erabatekoa beste zerbaitek sortzen die. Oso eragile garrantzitsuak: eguraldiak, itsasoak. Hego haizea dago iragarrita etziko, eta ezin, bada, iragarpen zehatzik eman aurretik. Hego haizea, alda haizea, zerbaitegatik esaten da. «Barea egotea nahi dut nik», eskatu du Azkuek; «txarra baldin badago, Oriok eta Kaikuk ere irabazteko aukera izango dutelako». Illarramendik, aldiz, txarra nahi du: «Atzetik gaude, bi talde dauzkagu aurretik, eta halakoetan txarra komeni izaten da, alde handiagoak egoten direlako». Eragile horrek beste bati emango dio neurrigabeko indarra: kaleen zozketari. «Itsasoa mugitua badago, kaleen arteko aldea handitu egiten da», ondorioztatu du Zumaiako arraunlariak. «Zorte ona behar da Donostian irabazteko».

Auskalo etzi eguerdian nola egongo diren biak. Poz betean, akaso; erdi pozik, agian; tristurak jota, apika. Gertatzen dena gertatzen dela oso garbi daukate balizko emaitza txar batek ezin duela itsustu denboraldiko lana: «Emakumeen kasuan, sekulako berdintasuna dago, eta edozein da bandera irabazteko gai. Horregatik, ez irabaztea ez litzateke porrota izango», esan du Illarramendik. Urdaibaikoa ere horretan dago, baina badaki Kontxako garaipenak beste distira bat emango liokeela denboraldiari: «Talde onena atera izan dugunean, txapelketetan esate baterako, irabazi egin dugu. San Miguel ligan erregularrak izan gara, askotan egin dugulako bigarren. Kontxan irabazteak 10eko nota emango lioke sasoiari, eta ez irabazteak ez luke asko jaitsiko nota hori».

Arrauna uztea buruan

Biek urte asko daramate arraunean, eta ezagutu ere arraunari esker ezagutu zuten elkar. Nahiz eta oso ados ez diren jarri horretan. Illarramendik baietz: «Arraunean ezagutu genuen elkar, bai». Azkuek: «Ez, ez. Parranda batean izan zen». Illarramendik: «Bai, baina bistaz ezagunak ginen ordurako, estropadetan-eta ikusita». Kazetaria ezin isilik egon eta: «Parranda hartan arraunaz hitz egingo zenuten, ziurrenik». Horretan ados biak.

Joan dira urte batzuk ordutik, eta arraunei ere astindu ederrak eman izan dizkiete urteen joanean. Gazteak dira, baina... «Hau lagatzekotan da», esan dio mutilak neskari. «Eta ni ere hor nonbait», bukatu du esaldia. Oso garbi dute arraunlari bizitza nola amaitzea gustatuko litzaiekeen: «Sekulakoa izango litzateke biok Kontxa irabazita lagatzea». Zenbat aldiz ez ote zaie igaro burutik irudi bat: biak Donostiako arranplan gora, bandera bana eskuan, poz ederrean.

Badakite zer bizitzen den une horretan. «Sekulakoa da. Irabaztea ametsa betetzea da», kontatu du Illarramendik. «Ni ez naiz emozioak kanpora ateratzekoa, baina pisu handia kentzen da gainetik, irabazteko dugun presioa». Etzi, bandera bakarrarekin, biekin edo batere gabe, etxean elkartuko dira. Edo, agian, astelehenean, parranda asko luzatzen bazaie. Baina kontu bat ziurra da: ez dute arraunaz hitz egingo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.